EITBk telebista plataforma digital berria aurkeztu du ETB On izenekoa, EITB Nahieran izan denaren jarraipen gisa. Primeran streaming plataformarekin duen berezitasuna da Primeran dela ikus-entzunezko askoren plataforma, eta ETB on, Nahieran izan den bezala, EITBren telebista saioen biltegi bat, neurri handi batean kronologikoki antolatua.
EITBren bosgarren plataforma aurkezpena da hau, Primeran, Makusi, Guau eta Orain sortu ondoren. Aurrekoek ez bezala, honek behintzat EITB / ETB izenarekin lotura bat badu. Domeinu propioa du ETB On-ek ere, besteek bezala: etbon.eus
Guztiarekin, Nahieran izan denarekin galera moduko bat nabaritu dugu (beharbada okertu gara eta ez dugu bilatzen jakin): irratsaioak jada ez daude hemen. Badirudi horietarako Guau erabili behar dela orain. Beste galera bat da orain erregistratu beharra dagoela edukiak ikusteko, non eta lehen klik eta eman, zuzenean erreproduzitzen ziren edukiak. Erregistroaren inguruko tranpatxo bat irakurri dugu hortik, kredentzial hauekin sartuta edozein plataformatan (Primeran, Makusi, ETB On berria...) has dezakezu saioa itxuraz:
Baina gehikuntzarik ere badu ETB On-ek: zuzenekoak plataformatik. Halakoekin egin dira saiakera Primeran-en bitartez, baina EITBk esan duenez, "EITBren zuzeneko guztiak ez ezik, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren aktualitate-ekitaldien zuzeneko berezienak ikusteko aukera izango da." Eta zuzeneko horietan kirol eskaintza indartuko da, kirol ez profesionalak barne, eta "asteburuko emankizunetan askotariko leihoez osatutako pantaila aurkeztuz".
Bide batez, gogora dezagun EITB Nahieran noizkoa zen: 2011koa! hemen jaio zeneko inpresioak, hemen Sustatun jasoak.
Erantzun
Sartu