Teknologia albisteak

HBO erosiko duela Netflixek? Paramount sarturik erdian, auzia konplikatzen da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:47

Duela 10 egun irten zen albistea Netflixek erosiko zuela WBD (Warner Bros Discovery) enpresa, eta tratua azaltzeko modu irakurterrazean eman ziguten hedabideek: HBO Max streaming zerbitzua erostera zihoala Netflix, WBD delakoaren jabetzako marka ezagunena baita agian HBO. Momentuz, erosketa ez da gauzatu, ze beste enpresa batek, Paramount Skydance akordioaren gainetik salto egin dezakeela iragarri du, akzio erosketa erasokorra proposatuz WBDren gainean. Alegia, WBD itun baten bidez Netflixen parte izan gabe geratu daitekeela, eta aldiz Paramount-en jabetza bihurtu. Nork zer nola erosi baino gehiago ere badago hemen, streaming zerbitzuak bateratu baino gehiago: joko politiko gogor bat zeinean Trump-en aldekoek AEBetako panorama mediatikoa kontrolatu dezaketen.

WBD nork erosi ere, erabiltzaileentzako albiste on gutxi. Warner Bros Discovery atal askoz osatuz joan da azken hamarkadan, eta bere marka horietako batzuen fusioak gertatu izan dira, erabiltzaileei mesede gutxi eginez. Hortaz, logikoa da jendeak pentsatzea HBO Max eta Netflix bat egiteak ez duela ekarriko, katalogo zabalagoa izan arren, hobekuntza bat berritasunen kalitatean, edo zerbitzuaren prezioan.

Warner/HBO eta Netflix batuko balira

Horren adibidea eman zuen iaz WBD berak. Bazuen streaming zerbitzu bat, Eurosport (kirolari emana), Discovery telebista multzoaren parte bihurtu zena. Eta Discovery zein HBO biak izanik WBDren umeak, zera erabaki zuten; bi streaming plaraformak, HBO Max eta Eurosport, bat egitea. Baina honela egin zuten: Eurosport nahiko merkea zen Hego Euskal Herrian (4 edo 5 euro hilean), eta orain ere "horrela" da, komatxo artean. Pagatzen duzu 5 euro hilean, baina ez berezko harpidetzarekin, HBO Max-en 10-12 euroak pagatu behar dituzu, eta horri gehitu 5 euroak Eurosport beste aplikazio/zerbitzuan gehigarri moduan edukitzeko.

Etorkizunean, HBO Max eta Netlfix batuta berdina susmatu daiteke: batuketak justifikatuko dituztela, prezioak igota. Eurosport-eko kontsumitzaile merke-zale zaharren kasuan (Sustatuko editore snooker-zalea dugu horrelako bat).

Warner/HBO eta Paramount batuko balira

Baina tira, aurrekoa gauzatuko den... ba ikusiko beharko da, ze akordio posiblea iragarri eta egun gutxitara Paramount Discovery enpresak akzio erosketa erasokorra iragarri zuen WBD erosteko.

Kasu honetan Paramount zer den fijatu beharra dugu. Bere sinboloa sarri ikusi dugu film ekoizpenetan, sarrerako kredituetan, baina gaur egunean film ekoiztela baino askoz gehiago da. WBD bezala, Paramount Discovery osatu da txatal asko elkarren gainera elkartuz, hala nola Frankenstein mediatiko-enpresarial bat. Telebista alorrean bere marka nagusia AEBetako kate nagusietako bat da, CBS, baina beste zenbait ere badira, MTV beteranoa, The Movie Chanel eta Comedy Central kasu.

Euskal Herrian marka hauek ez dute eragin edo sona berezirik ez dutelako hemen zabaldu den streaming zerbitzurik, baina AEBetan eta beste merkatu batzuetan inportanteak dira. Batez ere AEBetan, bere jabetzagatik. Han, David Ellison batek sortu zuen Skydance film konpainia 2006an, zeina izugarri hazi den urterik urte 2024a  berak erosi arte Paramount. Hortaz, Paramount Skydance izenean, izen ospetsua Paramount da, eta txiki edo erdi ezezaguna Skydance, baina jabetza eta kontrola Skydanceren parte horretan datza. Eta detailetxo bat: David Ellison ez da edozein, Larry Ellisonen semea da, eta aitaren inperioaren diruarekin hazi da, meritu propioekin baino gehiago.

Beste azalpen extra bat: Larry Ellison da tekno-aberats handi horietako bat, Elon Musk (Twitter, Tesla), Mark Zuckerberg (Meta, Facebook), Jeff Bezos (Amazon, the Washington Post), Bill Gates (Microsoft). Eta beste tekno-marka horiek publiko orokorrarentzat ezagunak diren bezala, akaso ez hainbeste Ellisonena, Oracle, baina hau ere erraldoi teknologiko bat da enpresetako softwarearen alorrean, baita Euskal Herrian ehundaka langile baditu enpresa jakin batek horietako askotan. Larry Ellison izan da tarteka munduko gizon aberatsena azken 30 urteetan egiten diren sailkapen horietan (une honetan Musk da), baina orain hor goian ez badago ere, nabarmendu da Trump-en aldeko tekno-oligarken artean. Laburtuz: Paramount diogunean, Ellison familia Trump-zalea esaten dugu.

Eta honen ondorioa da, Paramount-ek erosten badu Warner, HBOren ukitu liberalak kontrolpera ekartzeaz gain, Warnerren beste jabetza nolabait kritiko ere, bereziki CNN albiste katea, Trump-en aldera lerratu daitezkeela.

Eta, puf, horrela daude gauzak!

 

 

 

Erantzun

Sartu