OpenOffice, ofimatika programa oso eta euskalduna, Dooteoren banaketari esker kalean
Joan den astean aurkeztu zen, Informatikari Euskaldunen Biltzarraren 4. edizioan (IEB 2003), OpenOffice.org ofimatika programaren euskarazko bertsioa. Lehen banaketa extraofiziala Dooteok egin du. Rotulkia hartu, CD-ak banan-banan izenpetu, eta hala, doan eman. Eskerrik asko, Dooteo, zuri esker daukat orain MS Office maltzurraren alternatiba euskaldun eta librea nire ordenadorean!
Open Office izenarekin ezaguna den arren, Microsoft-en Office paketearen alternatiba libre eta doakoaren benetako izena OpenOffice.org da, edo OOo. Duela hilabete batzuk kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak hura euskaratzeko deialdi bat, eta azkenean, Elhuyarrek egin omen du itzulpena, eta Dooteo, EuskalGNU-ko informatikari bat, autonomo gisa arduratu da alde teknikoaz.
OpenOffice.org 1.0.2. bertsioa da euskaratu dena. Linux eta Windows makinetan instalatzen ahal da, eta honako programak ditu suite edo paketeak: OpenOffice Writer idazteko, OpenOffice Calc kalkulu-orria, OpenOffice Draw marrazketa bektorialeko aplikazioa, eta OpenOffice Impress presentazioak egiteko. Beraz, Word, Excel eta PowerPoint-en alternatiba libre eta doakoak bai behintzat, eta oso-oso antzeko itxura eta egiturako programak izanik gainera (Word-en imitazioa hain da ona, non molestatu besterik egiten ez duten MS Word-en gaitasun mordoa errepikatzen dituen Writerrek).
Lana bukatua dago, eta programa prest, euskaratua. Joan den astean irten zen labetik. Han izan zen Dooteo, hain zuzen ere, programa aurkezten IEB-ko erakusketa gelan Donostiako Miramar jauregian. Pertsonalki atera CD kopiak, bakoitzari pertsonalki idatzi rotulkiarekin izena, eta benga, datorrenari eman. Hori da hori, software librea banatzea eta gainerakoak pitokeriak.
Galdetu nion Dooteori ea aurkeztu behar zuen OpenOffice Sustatu-n. Eta esan zidan, tira, Eusko Jaurlaritzaren produktua dela, eta beraz, bueno, haiei dagokiela, eta zain daudela ez dakit zer dela eta... Tira, Eusko Jaurlaritzako HPS-ko Araceli Diaz de Lezana ere handik zebilen, baina ez nintzen ausartu aurkezpena hari eskatzen. Neska politekin kikildu egiten naiz.
Baina bueno, CD-ak hor daudela ikusirik, eta OpenOffice instalatu ondoren ibili ederto dabilela ikusi ostean, ba nik neuk aurkeztea erabaki dut. Hor dago OpenOffice 1.0.2. euskaraz, ofimatika pakete konpletoa. Lehen banaketa Dooteok egin du pertsonalki, eta froga gisa hor aurkezten dizuet CD-aren irudia, Dooteok pertsonalki autografiatua.
Gora zu, eta gora software euskaldun librea.
Erantzunak kargatzen...