Bagdad eta gerra hirietan
Inbasio indarrek hartu dute Bagdadeko aireportua. Orain hiri bat dute aurreran, bost milioi bizilagunekoa. Historiak, baina, erakusten digu ez dela bat ere erraza hiri bat menderatzea.
Gerra teknologia izugarri aurreratu da azken hirurogei urteotan. Hala ere, oso zaila da hiri barruan gerra egitea. Horrelakoetan hildako asko eragiten da, hala zibilak nola militarrak. Hiriaren eraikinak eta azpiegiturak ere erabat hondatuta geratzen dira.
Irakeko II. gerra ez da salbuespena izan. Hemen ere ikusi dugu gauza bat dela paseatzea basamortuan eta beste bat, oso bestelakoa, Basra edo Nasiriya mendean hartzea. Hiri hauetan oso erresistentzia gogorra aurkitu dute amerikarrek eta ingelesek.
Baina orain Bagdad dute begi aurrean. Dagoeneko harrapatu dute aireportua eta, badirudi hortik abiatuko direla Irakeko hiriburua konkistatzera. Historia aztertzen badugu, ez dirudi lan erraza izango dutenik.
Gerra hirietan
Azken aldi honetan hainbat gudu borrokatu dira hirietan. Lau kasu gogoratuko ditugu hemen:
- Estalingrado, Errusia 1942. Alemanek setiatu egin zuten Estalingrado II. Mundu Gerran, baina sobietarrek erresistentzia handia egin zieten. Azkenean, kalez kale egin zuten burruka eta alemanek hildako mordoa izan zuten. Hauek morala lurpean eta hornigaiak eskas zituztenean, errusiarrek kontraeraso handi bat egin eta 250.000 soldadu aleman harrapatu zituzten.
- Hue, Vietnam 1968. Hilabete luze burrukatu ziren marine amerikarrak, etxez etxe, ipar vietnamiarrak egotzi guran Hue hiritik. Amerikarrek hildako asko izan zituzten eta hiria hondatuta geratu zen. AEBetako telebistek gudu haren irudiak eman zituzten eta amerikarrak, ikaratu. Askok orduan ezarri zuten zalantzan beraien gobernuak nola kudeatu zuen gerra.
- Mogadishu, Somalia 1993. AEBetako soldaduak iritsi ziren babestera Nazio Batuen indarrak eta harrapatuta geratu ziren kalez kaleko gudu batean. Dena hasi zen somaliar gerrillari batzuek bota zituztenean Black Hawk helikoptero bi. 17 orduko gudu bat etorri zen gero, non 18 soldadu amerikar hil ziren eta beste 84 zauritu. Gutxienez 350 gerrillari eta zibil somaliar hil ziren gudu hartan. Mogadishuk argi erakutsi zuen gerrillari ausart batzuek kalte handia egin diezaioketela AEBetako armadari, nahiz eta honek munduko teknologiarik aurreratuena eduki.
- Grozny, Txetxenia 1994. Errusiarrek ere hildako andana izan zuten Txetxeniako Errepublikan sartu zirenean, azken hau bereiztu zelako Errusiako Federaziotik. Behin batean, gerrillari talde batek, metrailetak eta esku granadak besterik ez zuena, txiki-txiki eginda utzi zuen kolumna oso bat, gerra orgez osatutakoa. Ondorioz, Errusiako armadak urrutitik bonbardatu zuen hiria. Milaka hildako utzi zuen, eta hiria erabat hondatuta. Baina honek ez zuen geldiarazi txetxeniar gerrilla.
Erantzunak kargatzen...