Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jende oldeak hartu du Gipuzkoan Korrika

Hilaren 5ean arratsaldeko 18:00etan Hendaia eta Irun bitarteko Santiago zubia gurutzatu zuenetik, Gipuzkoan dabil Korrika, arrakastatsu eta alai. Hondarribi, Oiartzun, Orereta eta Lezo pasatu ondoren, Pasai Donibanetik Pasai San Pedrora, aintzinako batel baten erreplikan eraman zuten lekukoa eta gero hiriburura...

Gaueko 22:45ak aldera, Donostiara iritsi zen. Gipuzkoako hiriburuan jendetza izugarria ibili zen korrika eta talde, elkarte, alderdi politiko, sindikatu, euskalgintzako elkarte, herri mugimendu, auzo elkarte... askok hartu zuten parte, guztira 76 lekuko aldaketa izan zirelarik. Juan Mari Arzak sukaldari ospetsuak ere egin zuen kilometro bat.

Hernani

Gaueko 2:00ak aldera Hernani aldera abiatu zen Korrika eta handik Andoaina. Andoaien, besteak beste, Egunkariako langileek hartu zuten lekukoa eta Martin Ugalde Kultur Parkean sartu ziren. Martxelo Otamendik adierazi zuenez, otsailaren 20ean Guardia Zibila sartu zen moduan sartu zen atzo Korrika Kultur Parkean. Hala ere, modua eta arrazoia erabat desberdinak izan direla esan zuen, “gaurkoan lagunak sartu baitira”. Egunkariari eta Egunkariako langileei haien egoera salatzeko Korrikak eman dien aukera eskertu zuen.

Parrandazale asko ibili da gauean korrika eta hori dela eta, gaueko kilometroak oso alaiak izan dira.

Goizeko lehen orduetan, Gipuzkoako kostaldera iritsi da. Orion eta Zarautzen, besteak beste, bertako arraunlariek egin dute kilometroa. Euskararen aldeko karrera Zarautza iritsi denean, goizeko 8:10 aldera, jende asko zegoen goiz esnatuta Korrikari harrera beroa egin nahian.

Bertsolariak korrika

Bertsolari askok egin du egun hauetan korrika, lekukoa eskuan zutela bertsoak botaz. Zumaian, Jon Maiak hartu du parte. Kostaldeko herri horretan, Abelin Linazisoro idazle eta aktorea ere izan da.

Goizeko 10:25 aldera, Zestoara iritsi da eta kilometro hunkigarria egin dira bertan. Zahar etxekoek ere ez dituzte momentu horiek galdu nahi izan eta txalo artean irten dira kalera, batzuk gurpildun aulkian.

Azpeitiako Loiola paretik pasatu denean, bertako basilikako kanpai hotsek egin diote ongi etorria Korrikari. Azkoitian, berriz, Hiru sindikatuak egin du kilometro bat, hainbat kamioiren bozina hotsez lagunduta.

Eguerdian, Eibar aldean ibili zen Korrika. Arratsaldeko 15:45ak aldera, Bergara, Oñati, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga pasatu ondoren, 20:30etan Goierrira iritsiko da. Eskualde horretako herri asko pasatu ditu eta gaueko 1:10ean, Tolosan umore onez hartu zuten lekukoa.

Nafarroa

Orain Nafarroan da lekukoa. 650. kilometroa egin du eta Uhartearren daramate. Gero Lakuntza, Arbizu...

Gaurko ekitaldiak

Gaur ere ekitaldi ugari daude herriz herri eta horiek guztiak korrikaren gunean kontsulta ditzakezu: Marronen itzaldia, Lutxo Egiarena, Korrika txikiak, Jose Mari Karrere, dantzak, kalejirak...

Ziberkorrika:

Gaur eta orain, ziberkorrika duen lekukoa Ana Rodet Iraola da. Bartzelonan dago beraz teknologia berriei eskerrak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu