Sustatu logoa Teknologia albisteak

Mobilizazio elektronikoa, gerra eta bakea

Dick Turpin
2003-03-28 11:03

AEB Ameriketako Estatu Batuek Irakek baino gudari gehiago daukate, gudu orga gehiago, gerra hezgazkin gehiago eta gerraontzi gehiago. Hala ere, lehen ekintza sarean egin zuten: mezu elektroniko bat bidali zieten Irakeko agintari militarrei, matxina zitezen Saddam Husseinen kontra edo bestela amore eman zezaten inbasioaren aurrean.

Halaxe kontatzen zuen atzo El País egunkariak Ciberpaís gehigarriaren artikulu interesgarri batean. Ez dizugu esteka jarri, badakizue-eta orri horietan ez dagoela sartzerik ordaindu ezean.

Bakearen aldeko militanteek ere ezin hobeto ulertu dute teknologia berriak erabili badaitezke izena emateko armadan, berdin balio dutela manifestazio batera deitzeko. Horrela, Internet eta sakelako telefonoak baliaturik, gerraren aurkako mugimenduak orain arte ikusi gabeko bizkortasunez mugitzen ari dira.

San Frantziskon

San Frantziskon ehunka manifestazio txiki antolatu zituzten, eta polizia noraezean, zoratu beharrean. 1.500 lagun atxilotu omen zituzten. No problem. Act Against War erakundeak antolatzen ditu mintegiak, nola hitz egin poliziarekin. Baita nola lagundu espetxean dagoenari.

Bartzelonan

Bartzelonan, berriz, martxoaren 20an ehunka gazte esnatu ziren, mezu bat zutela sakelakoan: gerra hasi da. Beraz, halako lekutan eta halako ordutan, kale agerraldia. Ondorioa: geldiarazi egin zuten trafikoa Bartzelonan eta itxi hiriko sarbideak.

Inbasioa hasi zenetik, gazte hauetako asko ordu asko ari dira sartzen bakearen aldeko mobilizazioetan. Boluntarioak dira, primeran erabiltzen dakitenak Internet eta sakelakoa. Liberinfo gunean, adibidez, laguntza eskatzen dute, Madrilgo Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, Bartzelonan, ezarri duten kanpamenturako. Fundació per la pau erakundeak ere, informazio mordoa zabaltzen du sarean.

Koordinazio globala

Gauza asko ari dira koordinatzen gerraren aurkako mugimenduak. Ekintzak adibidez. Atzo izan zen itzalaldi bat, gerraren kontra. Iganderako, ibilaldi bat Rota, Morón eta Zaragozako base militarretara. Apirilaren hasierarako, ostera, herri kontsulta bat Europako ehunka hiritan. Indymedia erakundeak ere informazio zabala eskaintzen du gai honen inguruan, eta lotura asko ahalbidetu, munduko herrialde askorekin.

Baina mobilizazioek lantzen dituzte beste esparru batzuk ere: hauteskundeei dagokiena, gogoraraziz PPk zer jarrera duen gerraren aurrean; ekonomikoa, hainbat tokitan hasi baita boikota produktu amerikarren kontra; eta legala, salaketak ipiniz polizia edo agintarien kontra, hauek pasatzen direnean. Zenbait tokitan eskabide orriak zabaltzen dituzte, Aznar salatzeko. Honen adibide garbia da Cultura contra la guerra bloga.

Galdera interesgarriak

Blog honetan galdera interesgarria egiten dira, erantzun argigarriak dituztenak. Hona hemen horietako zenbait:

  • Gaitzetsi zuen AEBetako gobernuak Irak, honek gasa erabili zuenean Iranen kontrako gerran? Ez.
  • Zenbat kurdu hil zituen Saddamek 1988an gas kimikoak erabilita Halabja herrian? 5.000 pertsona.
  • Mendebaleko zenbat gobernuk gaitzetsi zuten hilketa hura orduan? Inork ere ez.
  • Zenbat litro agente laranja erabili zituzten AEBek Vietnamen? 35 milioi baino gehiago.
  • Zenbat ebazpen NBErenak ez ditu bete Israelek 1992ra bitartean? 65 baino gehiago.
  • Zenbat ebazpen NBErenak betatu dituzte AEBek 1972 eta 1990a artean? 30 baino gehiago.
  • Zenbat buru nuklear ditu Irakek? Bat ere ez.
  • Eta zenbat AEBek? 10.000 baino gehiago.
  • Zein izan da orain arte arma nuklearrak erabili dituen herrialde bakarra? Ameriketako Estatu Batuak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu