Idatzi-ereduen liburu praktikoa argitaratu dute Debagoieneko udalek
Debagoieneko udalek zorion agurrak, doluminak, eskolako oharrak, erreklamazioak, etxe atariko auzokideen komunitateen idatziak... eta abar jasotzen dituen liburu praktikoa argitaratu berri du.
Doaneko liburua, idazten laguntzeko. Liburuak hainbat idatzi eredu jasotzen du, eguneroko jardunean euskaraz idazten duten herritarrei idatziok egiten laguntzeko. Liburua doan eskuratu daiteke Debagoieneko udaletako euskara zerbitzuetan. Liburuaren tirada 10.650 alekoa da.
Aspaldiko asmoa. Debagoieneko udalek aspaldian ekin zioten euskararen erabilera sustatzeari. Izan ere, aspaldiko urteotan, hainbat egitasmo abiatu dute arlo horretan: herritarren eta udalen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko programak, erakunde eta entitateen jarduera euskalduntzeko hitzarmenak eta merkataritzan euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoak, besteak beste. Testuinguru horretan kokatu behar da goian esandako liburuaren edizioa.
Egitasmoaren helburua: euskarazko jarduera idatziak gehitzea. Hortaz, bada, egitasmoaren helburua da tresna erabilgarria eskaintzea euskara normaltasunez erabiltzeko ahalegina egiten ari diren guztiei. Bada gure bailaran eguneroko jardueran idatzietan euskara erabiltzen duenik. Horientzat da Idatziak liburua, euskara erabiltzeko gogoa azaldu dutenentzat eta euskaraz egiteko moduan daudenentzat. Alabaina, batek baino gehiagok idazterakoan zalantzak izaten ditu (idazteko zailtasunak ditugulako, ohitura falta dugulako, idatzi bakoitzerako erregistro egokia zein den ez dakigulako...). Aurrerantzean, herritarrei errazago egingo zaie idatziak euskaraz modua.
Liburuaren edukia. Izenburuak azaltzen duen moduan, idatzi sorta batez osatuta dago. Idatzion ezaugarri nagusia praktikoa izatea da, hau da, azalpen teorikoak alde batera utzita, idatziok ahalik eta modurik errazenean azaltzen dira. Bestalde, mota askotako idatziak jasotzen ditu liburuak: zorion agurrak, doluminak, eskolako oharrak, erreklamazioak, etxe atariko auzokideen komunitateen idatziak... Azkenik, liburuaren diseinua oso erakargarria da.
Erantzunak kargatzen...