Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sarean.com agertzeko garaia zen

Jabi Zabala
2003-03-26 10:03

Euskaldunon EGUNKARIA 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Goardia Zibilak, espainiar gobernuaren aginduz. Webgune honetan azken sei urteotan EGUNKARIAn Interneti buruz idatzi ditudan testuen gordailua aurkituko duzu.

Aspaldi pentsatutako eta erdi ahaztutako proiektua nuen eta bidegabekeria batek bultzatu nau gaiari serioski heltzera. Noiz edo noiz, urte hauetan Euskaldunon EGUNKARIAn sarearen inguruan idatzi ditudan testuak, sarean bertan argitaratzeko beharra ikusten nuen. Logikoa eta baliagarria izango zen hori egitea, baina denbora faltak ez zuen lan hau nire lehentasunen artean jarri. Orain, jaio da sarean.com.

Otsailaren 20an, ordea, epaile eta polizia batzuek burututako bidegabekeriak dena aldatu du. Hasteko, EGUNKARIAren 12 urteko ibilbidea moztu dute, indarrez, inolako arrazoirik gabe hainbat lankide kale gorrian utzita eta milaka euskalduni euren egunerokoa kenduta.

Sareari dagokionez, berriz, sei urteko ibilbidea moztu dute, hainbat euskal internauta euskarazko informaziorik gabe utziz. Euskaldunon EGUNKARIA Euskal Herrian argitaratzen diren kazeta guztien artean dekanoa zen Interneten gaineko informazioa eskaintzen. "Nabigatzen" orrialdea 1996ko urrian agertu zenetik (Luis Fernandezek sortua), nire azkeneko "Irristatzen" argitaratu zen 2003ko otsailaren 20a arte katea ez zen eten, guk ez genuen eten behintzat. Beste horiek eten dutela pentsatuko dute, baina EGUNERO faxismoaren garaipen hori kioskoetan gezurtatzen ari den bezala, webgune honen bidez, arlo jakin horretan ere ez gaituztela isildu erakusten saiatuko naiz.

Nire helburua, epe laburrean, neuk EGUNKARIAn argitaratutako "Nabigatzen", "Irristatzen", "UNInet" eta "Kulturnet" testu guztiak banaka argitaratzea da (milioi bat karakere baino gehiago sailkatu eta sartu beharko ditut), ahal dudan neurrian webguneari diseinu eta egitura egokia eman bitartean. Momentuz, 2002ko eta 2003ko testuak sartu ditut eta, sarean.com apurka-apurka betetzea espero dut. Bestelako helburuak gerorako utziko ditut, momentuz.

EGUNKARIA aurrera!

Jabi Zabala

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu