"hiru eleberri" jardunaldiaz
2003-03-25 10:03
Rock'n'roll-eko Edu Saragueta toki orotatik egozten dute, edo sentiarazten diote bake ederra emanen lukeela lehenbailehen alde egingo balu: Lisboa taberna afrusetik, jatetxe exotikotik, ezkon etxetik, anaiarenetik, erredakziotik, lagun talde goxotik...
"Lagun izoztua"-ren gai nagusietako bat Armandok "Ulisesen patua" deritzona da: ezin etxera itzuli, erbeste erraria, eta beldurra, etxera itzultzekotan zer aurkituko. Herritik egotzia, bai, baina halaber sortetxetik: amak, maitalea datorkionean, Goio kalera bidaltzen du. Eskolatik ere botatzen dute. Urte askoren buruan, Ushuaian, tabernari eder batek aditzera ematen dio taberna garbitzen lagunduz gero saritu egingo duela, eta Goiok lagundu. Espaloitik ere pasa erratza. Eta, behin ondo pasatua duenean, tabernari ederrak atea barrutik zarratu eta Goio kale gorrian uzten du ostera ere.
Metxak ere gorabehera bereziak ditu tokiekin eta kolektiboekin: Auswitch, El Dueso, urpekariak, hegazkinak, bou-ak, luzaro izan ditu bizileku, eta bere patua erortzea da, ahal bada zuloan; halaber, Metxa berehala bilakatzen zaio jasangaitz espazio abegikor baten isla ei den edozein kolektibori, eta alderantziz.
Bestalde, mintzatu garen guztiok arras gara desberdinak: bat Barakaldon sortua, beste bat Goizuetan, badira amak, orobat aitak, beste batek bere burua suhitzat du oroz lehen, batzuk eroso gaude kokatuta stablishmentean, matxino gogorrak ere badira, pattarrarekin dute arazoa batzuek, besteok pilulekin...
Edonola ere, bilgune batek, etxe batek, elkartu gaitu guztiok: Euskaldunon Egunkariak.
Orain itxi egin digute eta karrika gorrian gaude.
Literatura denbora-pasa atsegin bat izan daiteke hein batean, baina bada halaber bizitzak ematen dizkigun zartakoei nola ihes egin, nola iharduki erakusten digun antzerki bat.
Metxak geure gizartean, ohiko giza taldeetan, faltan du askatasuna. Halako batean, giro itogarri horri ihes egitea erabakitzen du: giderrik gabeko koilaraz lurra zulatu eta bere kabuz da espetxeratzen, askatasunaren bila.
Goio, berriz, esan bezala, erbestean da, eta iraganaren, orainaren eta geroaren hariak korapilatu zaizkio, izoztu egin da. Sarrionandiaren Lagun izoztuaren baitan Lagun izoztua idazten duen Josu-Armando halaber erbesteratuari, denborak zirriborro txepelak pilatuz ihes egiten dio. Halako batean, baina, ganorazko sormen lan bati ekingo dio, Lagun izoztua idazteari hain zuzen. Berari dagokion denborarekin bat egingo du horrela, bere tokia aurkituko du munduan, eta Goio bere protagonistari geldika-geldika irakatsiko dio, maitasunaren bidez, denboraren hariak askatu eta berriz ere egokiro iruten, mundu osoko edozein bazter bere Itaka sentitzen.
Azkenik, Edu Saraguetak, etengabe kanporatua izateari, garbi sentiarazten diotelarik hobe duela behingoz eta lehenbailehen alde egitea, hasiera batean ADNE lemaz ihardesten dio, hots, ATERTUKO DIK NOIZBAIT ERE, emazte Kristinak, zoliago beti ere, PF gisa ikusten baitu, POTRO FALTA.
Eleberri osoa zeharkatzen duten itsas munduko metaforen arabera, Edu estoiko mozkorrak bere burua olatuek, enbatek eta zirimolek batera eta bestera eraman dezaten uzten du.
Hala ere, ezustean, Anarekin txortaldi eder batez gozatzeko aukerari uko erdi etiko bat egingo dio Eduk, berehala damutzen bada ere, aski konplexua baita pertsonaia, eta ondoan LU dator, Lema Ukaldia, autokritika eta mudantza, Anarekin eta Klararekin erreka jo eta gero.
Metxak, Goiok eta Eduk, bakoitzak bere moduan, karrika gorrira egotziak garelarik egin dezakegunaz zenbait bide erakusten digute.
Kalderapekokoen abegikortasuna: Juankarrena, Lutxo Egiarena, horrexen beharrean dira hiru protagonistok zein Euskaldunon Egunkaria.
Bide batez: bihar, asteazkena, Kalderapekon bertan, zortzietatik goiti, Four Friends Jazz taldea eta Joan Mari Irigoienen poesia irakurraldia.
Erantzunak kargatzen...