Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gerra hitzak inbasioaren inguruan

Joxe Aranzabal
2003-03-25 10:03

Gerra gauza itsusia da, zikina. Horregatik, inork ez du nahi izaten gerraren ardura hartzerik. Eta horrexegatik sortzen dira eufemismoak, hitzak edo esapideak, leuntzen dutenak gerraren gordina. Maila horretakoa da zehar-ondorioak, amerikarrek aurreko gerran asmatutakoa, izendatzeko biktima errugabe zibilak.

Badira beste hitz batzuk, xelebre samarrak, ospetsu egiten direnak duten harrokeria kutsuagatik. Horietako bat izan zen aurreko gerran borroka guztien gaineko borroka, Saddam Husseinek berak asmatua bere hitzaldietan, gaztigatzeko amerikarrei nolako infernuan sartu behar ziren.

Eta, azkenik, badira beste batzuk jargoi teknikotik sortzen direnak. Adibidez, eta berriro atzera egingo dugu I. Golgoko Gerrara, Desertuko Ekaitza, amerikarrek horrela izendatu baitzuten operazioa, Kuwait irakiarren atzaparretatik askatzeko.

Hiztegia oraingo inbasioan

Inbasio honek ere utzi du ale interesgarririk mundu guztiko hiztegietan. Nik banaka batzuk bereiztu ditut, baina izango dira gehiago.

  • Anbiguoen ardatza. Alemaniak, Frantziak, Errusiak eta Txinak osatua, AEBetako egunkari sentsazionalisten iritziz. Izen hau, axis of weasel jatorriz, ScrappleFace izeneko weblogak irarri zuen. Erresuma Batuko ingelesean weasel hitza “traidore” esateko erabiltzen da, baina AEBetan “anbiguotasunetan dabilena” adierazten du. Beraz, “traidoreen ardatza” ere izan daiteke.
  • Arma inteligenteak. I. Golgoko Gerran amerikarrek jaurtitako bonba guztien %20 era honetakoak ziren, hau da, laser edo satelite bidez gidatutakoak. Oraingo inbasioan, berriz, bonba gehienak dira horrelakoak. Esate baterako, Tomahawk izeneko misila. Zehaztasun handia omen —1.600 kilometrora jo dezake helburua, metro gutxi batzuen tartearekin—, baina hauek ere “zehar-ondorio” ugari eragiten dituzte, hildakoak alegia.
  • Askatasunaren patata frijituak. Amerikarrek oso gaizki hartu dute Frantziako gobernuak ez lagundu izana Irak inbaditzeko asmoetan. Hori dela eta, betidanik french fries deitzen zirenei, patata fijituei alegia, freedom fries hasi dira deitzen, askatasunaren patata frijituak. Honek gogora ekartzen digu Francoren garaian kontatzen zen txistea: Francoren gobernua, haserre Euskadin herri asko daudelako izenean eta txertatuta dutenak, erabaki zuen eta horiek ordezkatzea del Caudillo izenarekin. Emaitzak, jakina, aldrebes samarrak suertatu ziren zenbait kasutan. Anoetan, adibidez.
  • Burugabetu. Inbasio hau hasi zen ezusteko eraso batekin. AEBek misilak jaurti zituzten Bagdadeko bunker batera, uste zutelako Saddam Hussein eta Irakeko agintari asko hantxe zeudela. Asmoa zen Irak agintaririk gabe uztea, bururik gabe, hori lortuz gero irakiarrek errazago amore emango zutelakoan.
  • Bush ipotxa. Horrela deitu zion AEBetako lehendakariari Saddam Husseinek, honek telebistaren aurrean egin zuen lehen agerraldian, amerikarren lehen erasoaren ostean. Gutxitan entzuten dira horrelako irainak estatu buruen artean, lan horiek jeneralean morroiek egiten baitituzte.
  • Egiaren unea. Bushek takian-potian erabili izan du. Adibidez esan zuenean, “bihar egiaren unea izango da munduarentzat”, alegia, diplomaziak huts eginez gero, gerra etorriko zela.
  • Eginkizun humanitarioa. Aznar buru-belarri sartu da Bushek zuzentzen duen koalizioan Irak inbaditzeko. Baina Espainian bertan gerrak kontrako asko dituenez, apenas erabili du gerra berba bere hitzaldietan. Ildo beretik, Galicia gerraontzia bidali du Golkora, “eginkizun humanitarioan”.
  • Eraso prebentiboa. 2001eko irailaren 11 aurretik Israelen monopolioa zirudiena, bilakatu da Ameriketako Estatu Batuen dotrina: somatzen badut nire etsaia armatzen ari dela, eraso egingo diot berak ezer egin aurretik, zer gerta ere. Dotrina hori ezarri da indarrean bai Afganistanen eta baita Iraken.
  • Europa zaharra. Amerikarrek uste baino eragozpen handiagoak aurkitu dituzte Europan, Irakeko inbasioari babesa emateko. Horregatik, eta haserreturik, Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa ministroa “Europa zaharraz” mintzatu zen berehala, erdeinuz.
  • Ez gure izenean. Milioika lagun irten dira egun hauetan kalera mundu zabalean, protesta egiteko inbasioaren aurka. Eta herrialde gehienetan lelo hau errepikatu da, hizkuntza askotan.
  • Gaizkiaren ardatza. Irailaren 11 ezkero, AEBetako gobernuak lehentasun bat ezarri du besteen gainetik: gerra terrorismoari. Horren ondorioz, lehendabizi herrialde bat izendatu zuen ardatz horretan: Afganistan. Talibanak gobernutik kendu ondoren, berriz, beste hiru sartu zituen zaku berean: Irak, Iran eta Ipar Korea, nazioarteko terrorismoari nolabaiteko babesa ematen diotelakoan.
  • Ziberguda. Hementxe bertan, Sustatun, irakurri nuen lehen aldiz hitz hau, atzo. Antza denez, AEBek indargabetu egin dituzte Iraken hainbat webgune eta sareko zerbitzu. Beraz, sarea bera ere, guduzelai.
  • Zirrara eta izua. Oraingo honetan Pentagonoak behin eta berriro erabili du esamolde hau, erasoa hasi aurretik ere irakiarrak ikaratzeko. Rumsfeld-ek berak ere hainbat aldiz esan du “oraingo honetan amerikarren erasoak zirrara eta izua eragingo du, hain izango baita gogorra”.

Hauek nik jaso ditudan aleak. Beharbada zuek ere izango duzue adibide gehiago. Horrela bada, erantzun eta idatzi.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu