Petrolioa hemen dago oraindik
Otsailaren hasieran Euskal kostaldea hiltzen ari zela salatu nuen Sustatun. Handik egun batzuetara, garbiketa-salaketa ekintza antolatu genuen hainbat bolondres eta taldek koordinatuta Sopelan, Plentzian, Ean, Urdaibain eta Zumaian. Naturzale, ekologista eta surf talde batzuren artean antolatutako protestaldi horren informazioa eta argazkiak hemen aurkituko duzue.
Argazkiez gain, bideoa (windows Media formatoan, 10 Mega, 15 minutu) grabatu nuen Armintzan, taldeetako bat garbitzen ari zen itsaslabar batean. Gure helburuetako bat, benetan dagoen triskantza erakusteaz gain, Eusko Jaurlaritzako Intxaurraga sailburuak esandakoak, eta geroztik Amatiñok Goienkarian errepikatutakoak (pdf) gezurtatzea zen. Intxaurragaren esanetan, petroleoaren lehen inpaktu garrantzitsua 10 egun arinagokoa izan zen eta "zuhurtziagatik" ez zen ona haitzetako petroleoa berehala garbitzea. Bi baieztapenak faltsuak ziren.
Bideoak ongi erakusten zuenez, harrien gainekoa sikatuz gero kentzea ia ezinezkoa bihurtzen da. Harrien tartekoa, berriz, ur azpian sartzen da, hondoratzen da, kentzea ia ezinezkoa bihurtuz. Bitartean animaliak eta landareak, petroleoarekin kontaktuan jarraituz gero, gehiago kutsatzen dira. Berehala kentzea zen zentzuzkoena.
Otsailaren 16an garbiketa-protestaldiari ekin genion, Jaurlaritzak galipota haitzetatik kentzeko usterik ez zuela salatzeko. Garbitzeko plan bat barik, ADENAri fusilatutako (ZIP artxiboa, barruan pdf-a duena) garbiketa protokoloa egin zuen. Haitzak NOLA garbitu behar diren azaldu zuten, ez noiz eta non garbituko zuten.
Hilabete igaro da garbiketa-salaketa ekintza hura egin genuenetik. Herenegun, martxoaren 16an, bideoa grabatu nuen lekura bueltatu nintzen, Armintzara. Beste bideo bat (Windows Media, 7 mega, 10 minutu) grabatu nuen eta zuen esku jartzen dut, zuek bideo biak aldera ditzazuen eta zuen konklusioak atera ditzazuen.
Nireak hauek dira: ez dutela garbitu eta ez dutela garbitzeko asmorik. Bitarte honetan fuela sikatu da eta leku askotan erabat itsatsita dago. Hainbat pizti eta landare hil dira eta beste askok alde egin dute, kutsatuta.
Badakit hainbat gai badaudela azken egunotan, baina uste dut hau ESTALTZEN ari direla. Hondartzak garbitu dituzte, hori da axola zaiena. Akaso uda heldu arte itxaron beharko dugu jendea arazoaren neurriaz konturatzen hasteko. Baina ordurako ez ote da beranduegi izango?
Erantzunak kargatzen...