Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egunkaria: martxoaren 13an elkartasun eguna

Sustatu - Sustatu
2003-03-04 10:03

Gaur horrelaxe irakurri dugu Eguneron. Martxoaren 13an euskal herritarrek "modu irudimentsu, baketsu eta tinkoan" Euskaldunon Egunkariaren aldeko ekimenak egin ditzatela eskatu zuten atzo Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Egunkariako langileek, Martin Ugalde Kultur Parkean eginiko prentsaurrekoan. Bertan, Egunkariako behin-behineko bozeramaile Juan Mari Larrarte, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartu, Egunkariako zuzendari Martxelo Otamendi eta Kontseiluko zuzendaritzako Mikel Irastorza (EHE), Dani Larrea (Emun), Ane Agirregomezkorta (AEK), Mikel Arrizabalaga (Euskalgintza Elkarlanean) eta Joxerra Olano (IKA) agertu ziren, eta, Larrartek gogorarazi zuenez, otsailaren 20an Egunkaria itxi zutenetik euskal gizarteak bere samina, kexa eta ezinegona adierazteko ekintza ugari egin ditu.

Sindikalgintzatik elkartasuna

Gaur, berriz, sindikalgintzatik iritsiko zaio elkartasuna Egunkariari. Egunean zehar jakingo dugu horren berri.

Atxilotuak

Barruan jarraitzen dute Alegriak, Auzmendik, Torrealdaik, Uriak eta Oleagak. Alegriaren familia kezkatua agertu da bisitan hitzik egin ezin zuela aurkitu baitzuen emazteak larunbatean egin zion bisitan. Emazteak esan zuenez shock egoeran aurkitzen zen Xabier Alegria.

Pello Zubiriaren egoerak ere asko kezkatzen gaitu. Oraindik ere Gregorio Marañon ospitalean da, baina noiz kartzelara eramango zain. Emazteak esan du oso ahul dagoela oraindik. Zubiriak dio egoerarekin minduta nago, ez dut ulertzen zer egiten dudan hemen.

Iñaki Uriak esan die familiakoei ez dagoela denbora galtzeko. Ingelesa estudiatu behar duela han dagoen bitartean eta laster kanpoan izateko esperantza duela.

Tortura kasuen usainak jarraitzen du.

Xabier Oleagak esan zion emazteari inkomunikazio egoeran gertatutakoaz hitz egingo duela epailearen eta abokatuaren aurrean, hala ere, argitaratutakoa baino latzagoa izan dela gaineratu zion. Oleaga Navalcarnerora eraman dute soto del Realetik.

Auzmendik ere komentatu du lokutorioetan oso gaizki pasa duela eta inhumanoa izan dela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu