Teknologia albisteak
3

Donostian, Egunkaria aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2003-02-22 : 21:02

Bukatu berria da manifestazioa. Ez nekike esaten zenbat jende bildu garen, baina neroni ez naiz oroitzen halako jendetzaz Donostian. Gaur garbi gelditu dela uste dut: Egunkaria aurrera joango da, zalantzarik gabe.

Era guztietako jendea kaleratu dela gutxi esatea da: han denetarik zegoen, halako manig¡festazio gutxi ikusi dugu.

Egunkaria-k badu pozik egoteko arrazoirik: herriak erantzun nazionala eman dio erasoari.

Egunkaria aurrera!

Erantzunak

Luistxo
2003-02-23 : 04:04

Egunero, kalean, eta sarean manifestazioaren informazioarekin: www.egunero.info


Gaurko azala ikaratzekoa da! Ikusi hemen


Manifaren bideoa Indymedia Euskal Herrian: http://basque.indymedia.org/eu/2003/02/4556.shtml eta argazkiak ere bai hemen


Argazki handi eta ederrak, eta alemanezko testu batzuk: http://germany.indymedia.org/2003/02/42427.shtml


Xabier Mendigureni kopiatua Egunero-tik
2003-02-23 : 04:15

Bai euskarari, Egunkaria aurrera



Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izenean, Xabier Mendiguren idazkari nagusiak manifestazio amaieran irakurritako adierazpena:



Milaka eta milaka lagun elkartu gara berriro ere euskarari bai esateko, Euskaldunon Egunkariari bai esateko.



Kontseiluak ez du inolako zalantzarik Euskaldunon Egunkariak aurrera egingo duela. Egoera zailenetan ere euskal gizartea bere hizkuntzaren aldeko ekimenak abian jarri eta garatzeko gai izan da. Horregatik, orain ere Egunkaria aurrera aterako da, beste proiektu asko bezala euskal gizarte osoaren sostengua eta lanari esker.

Ikastolak, helduok euskalduntzeko mugimendua, euskal kultura sustatzeko erakunde desberdinak, euskararen normalizazioaren aldeko mugimendua eta hainbat erakunde milaka eta milaka euskaltzalek bultzatu eta garatu dituzte.



Horregatik, Acebes ministroari esan behar diogu ez dugula bere laguntzarik behar horretarako. Egoera hau hain larria eta gogorra izango ez balitz barre egingo genuke bere hitzak entzunda. Euskarazko komunikabideak itxiz, euskararen alde diharduten erakundeen lana oztopatuz, edo gaixo dagoen pertsona bat, Pello Zubiria, atxilotuz eta inkomunikatuz ez diozue inolako laguntzarik ematen ez euskarari, ez gizarte harremanei, ez herritarren elkarbizitzari. Euskarari egin diezaiokezuen mesederik handiena hizkuntza eskubideak aitortzea da eta euskara eta euskal kulturari inolako trabarik ez jartzea.



Gaur hemen bildu garenok euskaltzaleak izateaz gain, euskal herritar ere bagara. Eta aitortzen dugu herri honek eskubidea duela bere komunikabideak sortzeko, bere hizkuntza garatzeko eta beste edozein herri bezala bizitzeko.



Mobilizazio honetan zaudeten alderdi politikoei dei zuzena egin nahi dizuegu euskararen defentsan eta normalizazio ahaleginetan eragile aktibo izan zaitezten. Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea, euskararen normalizazioa garatzeko akordio hori ezinbestekoa baita. Euskalgintzatik eskaera bat egiten dizuegu: ausardiaz jokatzeko, gure hizkuntza eta gure herri izaera aurrera ateratzen laguntzeko iritzi politiko desberdin guztien gainetik. Hori izango baita gure etorkizun baketsurako ekarpen eta bermerik hoberenetakoa.

Oraingo honetan Euskaldunon Egunkaria, Ikastolak, Jakin, Argia, Plazagunea eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eraso dituzte; lehen, AEK, Zabaltzen, Euskal Herrian Euskaraz, Abokatu Euskaldunak, IKA eta beste hainbat erakundek pairatu dute eraso hori.



Ezin gara zain gelditu ea noiz eta nondik etorriko den hurrengo makilakada. Ez dute hainbeste urtetako lana zapuztuko. Ez daukagu inolako zalantzarik eta herritarrok euskararen normalizazioari eutsiko diogu. Gure eskubidea delako, gure hizkuntz eskubideekin inork jolasterik onartzen ez dugulako.



Bukatzeko, azken eskaera bat: oraingo txalo hauek haizeak eraman ditzala gaur hemendik urrun atxiloturik dauden lagunengan: Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Juan Mari Torrealdai, Luis Goia, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi eta Pello Zubiria.



Galtzaundiko langileak - Galtzaundi Euskara Taldea
2003-02-23 : 13:01

Otsailaren 20an Euskaldunon Egunkariaren aurka egin zuten ekintzaren ondoren, Galtzaundi aldizkariko langileek gure elkartasuna adierazi nahi diegu erasoan atxilotuei eta haien inguruko guztiei.


Komunikabide bat isilarazi nahi dute zalantza handiak sortzen dituen akusaziopean. Epaile batek ireki ditzakeen diligentziek ez lukete inolaz ere komunikabidearen jarduna galeraztera eraman behar.


Euskaldunon Egunkariak euskal prentsan egiten duen lana ezinbestekotzat jotzen dugu. Euskaldunok behar dugu Euskaldunon Egunkaria.


www.galtzaundi.com
2003/2/21


Erantzun

Sartu