Sustatu logoa Teknologia albisteak

Montoia notizia da berriz ere

Idazle misteriotsuen klubekoa da Montoia (Salinger, Traven, Pynchon eta beste batzuk bezala), liburuak idatzi bai baina gero ez baitu ezer jakin nahi komunikabideekin: ez elkarrizketarik, ez aurkezpenik, ez ezer, testuak berak har dezan protagonismoa edo.

Gonbitea nobelara arrimatzeko

Egilerik ezean, neuk, editoreak, egingo dizuet gonbidapena nobela honetara arrimatzeko, merezi baitu, zinez: estiloz zorrotza, gaiz polemikoa, edukiz aberatsa. Galdera asko egiten eta eginarazten dizkigu geure buruaz, pertsonalki nahiz kolektiboki. Soziologikoa baino gehiago pertsonaia-eleberria da hau, ordea, irakurleok aldi berean maiteko eta gorrotatuko dugun protagonistaren barne sakon eta konplexuan murgiltzen baikaitu, eta haren eskutik eraman lurreko zerutik infernuetara.

Argumentua

Aldeko du haizea Jon Ezenarrok: zinema-produktore arrakastatsua da Madrilen, neska fin batekin ezkontzekotan da, maitale bat du bere grinak asetzeko, aspaldiko militantziak ere eder ematen dio kurrikuluma osatzeko (poli-mili ohia). Esne-mamitako amets hori, ordea, zapuztu egingo zaio bat-batean, esku artean zapartatzen den lehergailuaren antzera.

Amari ebakuntza larri bat egin behar diotela-eta, etxera dator Ezenarro. Madrildik Gasteiza bitarteko kilometro laburrek bi mundu bereizten dituzte, aro bi ia-ia, arrapaladan baitatozkio iraganeko mamuak, aspaldian lurperaturik uste zituen zonbiak, urteen herdoila kenduta beren odolezko zorra kobratzera.

Errepasoa azken 25 urteei

Soberako hitzik gabe, esaldi bakoitza labanaz ebakita bezala idatzi du Montoiak eleberri izugarri hau, protagonistaren historia pertsonalarekin batera azken hogeita bost urteetako gure historiari errepaso gupidagabea ematen diona, eta bakoitzaren barne ezkutuan gorderik dauden auziez gogoeta eragin: traizioaz eta adiskidetasunaz, garaipenaz eta porrotaz, taldeaz eta norbanakoaz...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu