Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal kostaldea hiltzen ari da

Jabi Zabala - Uribe Kostatik
2003-02-05 10:02

Txipio Bai talde naturzaleak koordinatuta, hiru asteburu daramatzagu irtenaldiak egiten Uribe Kostako kostaldea aztertzeko. Balizko bolondres moduan aritzeko izena eman dugu eta izenak Jaurlaritzari pasatu, baina momentuz ez digute galipota batzeko "baimena" eman. Beraz, ornitologoekin eta Barrika Surf Taldeko surferrekin batera astero geratuta, Barrika eta Basorda arteko gunea taldeetan banatu eta aztertu dugu.

Txostenak osatu ditugu astero eta Jaurlaritzari igorri. Hildako eta bizirik harrapatutako piztiak Gorlizko errekuperazio zentrora eraman ditugu eta ez dugu askoz gehiago egin. Hori bai, egoera zein den egiaztatu dugu eta ez da Teleberrik saldu nahi diguna. Benetan larrituta eta haserre gaude, gero eta gehiago.

Iragan asteburu hau txarrena izan da eta gure inguruetan Armintza izan da esanguratsuena. Igandean batu genituen:

  • Hegaztiak: asko, Gorlizko zentrura egunero ari dira heltzen, gehienak hilda. Guk martinak, elantxobetarrak eta potorroak bildu genituen, normalean gutxien ikusten direnak. Kaiorik ez dugu jaso.
  • Bestelakoak: karramarroak, muxarra, hamarratzak, txibia, aingira. Arrainak petroleoa hondoratu ere egiten den froga dira. Izurderik ere aurkitu omen dute Sopelan.

Armintza ondoko Armintzekalde itsasartea ERABAT ASFALTATUTA dago. Ikusi nahi duenak bertara joan besterik ez du eta nuklearrerako bidean justu herritik irteterakoan dagoen harriboletako hondartza errepide bazterretik behatu (kontuz, ez zapaldu!).

Plentzian babes hezia kenduta

Plentzian, babes hesia kenduta zegoen asteburuan, lehorrean eta orbanak itsasadar barrura sartu dira. Horri batu behar zaio iragan igandeko gasoil isuria, oraindik portuan eta itsasadarrean gora usaindu eta ikus daitekeena.

ZER EGIN DU JAURLARITZAK?

Gauza handirik ez, bolondres taldeen eraketa oztopatzeaz aparte. Josu Jonek dio "profesionalekin" nahikoa dela. Egoera egiaztatu dugunok badakigu koadrilla urri horiekin ez dela kubritzen hondartzetako -eta soilik hondartzetako- zati bat baino. Gure kostaldearen %80 edo %90 diren itsaslabarretan, berriz, duela hile bi izan zen lehenengo inpaktutik EZ DUTE EZER IKUTU. Hondartzak gure kostaldearen zatirik txikiena eta garbitzeko errezena dira eta hala ere ez dute abasto ematen hondartzekin.

Lasaitasuna transmititu nahi dute eta horretarako izugarrizko rola hartu du krisiaren "Teleberrizazioak". EITBn Espainiako gobernuak zein txarto egin duen esaten ari dira eta jarraian konparatzeko euskal arrantzaleen lana atera (soldatapekoak eurak ere baina lan itzela egiten ari direnak). Bata egia izateak (Espainiako gobernuarenak) ez dakar berez Jaurlaritzak huts handiak ez egitea. Igandean, kostaldean inoizko inpakturik handiena izan arren, lehena barik azkenaurreko albistea izan zen galipota gaueko teleberrian.

Kostaldea eta hondartza gauza bera?

Identifikazio manipulatzailea ari dira etengabe errepikatzen: KOSTALDEA=HONDARTZAK. Hori gezur handia da. Ikusle asko jausi da gezur horretan (GARA egunkaria esaterako, balio berarekin erabiltzen baizituen igandean "hondartza" eta "kostaldea" hitzak). Kristolako lana dago egiteko eta oraindik ez da horri ekiteko plangintzarik. Agindu dute datorren astean aurkeztuko dutela bat.

Hondartzak kostaldearen zati txiki bat baizik ez dira, hori bai, ikusgarrienak eta eskuragarrienak jendearentzat. Horregatik garbitzen ari dira hondartzak bakarrik, begietan min gehien egiten dutenak direlako. Horregatik montatzen dute paripea Bakioko hondartzan. Eta hondartzak garbitzeko lekurik errazenak izanik, lanean daukaten troparekin ezin badute... Zer egongo ote da begietatik at? Noiz garbituko dute hura? Denborak ere kontatzen du, orbanak sikatu ostean ia ezinezkoa baita haitzetatik ateratzea.

ONDORIOAK

Profesionalekin ez da heltzen, ezta hondartzak garbitzeko ere (Armintza kasu: aste osoa egon baita kontainer bera bete gabe). Diputazioko "Base Gorrian" bi pertsona ibili dira asteburuetan lanean, ezin dute ia ezer egin. "Profesionalek" (kontratatuek) lana egiten dute eta gero libratu. Asteburu osoan ez da inor azaldu Armintzan garbitzera.

Adituen Urdaibaiko krisi mahaian Lakuatik argi eta garbi adierazi dute ez dutela bolondresik deitzeko inolako asmorik. Zergatik?

Alde batetik ez zaie komeni, hemen Galiziaren ondoan gauzak ondo egiten diren irudia eman nahi duelako. Ikusi dute nola Galizian bolondresen izate hutsak gobernua agerian jartzen duen, hau da, arazoak administrazioa gainditzen duela. Hemen ez dute irudi hori eman nahi. Bestetik, ez dute arazorik nahi bolondresekin: istripuak gerta daitezke. Behatzaile eta pentsalari kritikoak dira, kritikatu dezakete antolaketa.

Jaurlaritza urduri bolondres taldeekin

Jaurlaritza oso urduri jarri da euren kabuz garbitzen hasi diren gizabanako eta, batez ere, talde horiekin. Esate baterako surfistekin. Barrikako surf taldekoei Bioaniztasun zuzendari Erkiaga izeneko jaun batek deitu zien eta garbitzera ez irteteko AGINDUA eman. Datorren astean deitu ditu Bakiora ("a capitulo" esaten dena). Hala ere, eurek oraindik ez daukate itsaslabarrak garbitzeko planik.

Orain arte beren kabuz hasi diren pertsona eta taldeei esan izan zaie (modu txarrez agindu ere) ez garbitzeko. Hor daude, hala ere, Peña Txuri eta Barrika surf taldeak. Sopelakoek ez dute kasurik egin eta jarraitu dute lanean.

Momentuz, biltzen ari gara astero, itsasbeherak aprobetxatuz. Datorren larunbatean, otsailak 8, eguerdiko 3etan Plentziko hondartzako lokaletan (Arkoteren lonja ondoan). Hurrengoan (otsailak 16) goizeko 10etan. Txipio Bai: 656 765 685 Bolondres izateko izena emateko Ekologistak Martxan elkartean. e-posta helbide bat ere zabaldu dugu, Uribe Kostan laguntzeko prest daudenek bertara idatzita izena eman dezaten: ukgarbia@yahoo.com

Ez dugu kamikaze izan nahi, deitu gaitzatela, koordina gaitzatela Jaurlaritzatik. Baina interes politikoak tartean, eurek ez badira mugitzen, gure kabuz hasi beharko dugu garbitzen Eta JAURLARITZAREN JARRERA SALATZEN. Ez gaude prest geldi geratzeko, gure kostaldea da-eta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu