Teknologia albisteak
1

Toki hedabideak, salgarri?

Erabiltzailearen aurpegia
mikel irizar
2003-01-22 : 10:01

Egun osoan zehar lanean aritu ziren 40tik gora lagun, iragarritako txostenak entzuten, hausnartzen eta eztabaidatzen. Amaieran mahaingurua zegoen, eta hau bihurtu zen eguneko lana laburbiltzeko toki aproposa. Hemen duzue ekitaldiaren kronika.

Azken ekitaldia zenez, egunean zehar metatutako atzerapena izan zuen mahainguruaren hasierak. Hala ere, mahaikide eta entzuleen artean iritzi truke handia sortu zen eta bi ordu pasa iraun zuen amaiera saioak.

Bost mahaikide eta moderatzailea zeuden iragarrita, baina mahaikide batek ezin izan zuen etorri, azken orduko arazo bat medio. Jon Mancisidor gabe burutu zen, beraz, mahaingurua.

Sarrera gisa, moderatzaileak zehaztu zuen azken ekitaldiaren eginkizuna: egun osoko lanari etekina ateratzea, eztabaida bidez ondorioak finkatuz. Bere hitzetan, toki hedabideen sektorea bada tamainaz komunikazio talde indartsua izateko adinakoa. Hain zuzen, 4.5 milioi euroko fakturazio komertziala, 500.000 irakurle eta 200 langile ez dira datu makalak. Indar handiagoa izateko talde funtzionamendua behar luke sektore honek. Horrela, egingarri litzateke publizitatean jauzi berri bat, iragarle handiei herriz herriko sare kapilarra eskainiaz, azken zokoraino iristeko aukera. Eta hori euskarazko hedabide orokorrak kaltetu gabe. Hitzez hitz, Mikel Irizarrek hau esan zuen: ‘Helburua litzateke publizitate pastelaren euskarazko zatia handitzea, euskarazko hedabide lokal eta orokorren mesederako’.

Mahaikideen azalpenak entzun ziren ondoren, idatziz aurreratutakoak. Joxe Mari Irastortzak eta Iñigo Martinek eman zuten bakoitzak bere medioko eskarmentua eta ikuspegia (ARGIA eta Euskadi Gaztea, hurrenez hurren). Amaia Paniaguak bere publizitate agentziaren jarrera agertu zuen: tokiko hedabideen sarea interesgarria da agentzientzat, baina gestio bateratua behar du, lankidetza bideragarri izan dadin. Azkenik, Joseba Andoni Etxebarriak goizean emandako hitzaldiaren puntu batzuk azpimarratu eta garatu zituen. Bere kezka ere azaldu zuen, ea Jardunaldietara 48 partaide -bakarrik- hurbildu izana ez ote zen sektorean interes gutxi dagoen seinale.

Mahaikoen txandak amaitu zirenean, elkarrizketa librea ireki zen eta, goian esan bezala, parte hartze handia izan zen. Esandakoak laburbilduz, hona hemen puntu eta ondorio nagusiak:

• Publizitatearen gestio bateratua

Mahainguruaren aurreko hitzaldian Felix Noguerak esandakoaren bidetik, adostasun erabatekoa ikusi zen puntu honetan. Aukerarik badago agentzietara iristeko, iragarle handiek gero eta interes handiagoa erakusten dute hedabide lokalekiko, baina gestio bateratua eskatzen dute, harremanetarako kanal bakarra, formatuak eta tarifak bateratu beharra dago. Topaguneak hartu zuen bere gain adostasun horri forma ematen hasteko lana.

• Euskarazko publizitatearen interesa

Goizean Etxebarria irakasleak emandako datu batek kezka utzi zuen partaideengan. Hain zuzen, Kutxako txartelen %15 bakarrik erabiltzen dela euskaraz. Datu hori ikusita, zalantzan jartzen zen euskarazko publizitatearen interesa hartzailearentzat, eta ondorioz iragarlearentzat. Hala ere, erabilpenaren datu horren ondoan jarri zen beste bat: euskararekiko borondatearena. Eskoletako hizkuntz ereduen hautaketak, edo euskararen aldeko atxikimendu eskaerek izaten duten arrakastak erakusten dute herritarrek euskararen alde duten jarrera. Honen arabera, agian, publizitate oso funtzionalak oihartzun gutxiago izango du euskaraz, baina bihotzera zuzendutakoak harrera oso ona izan lezake.

• Euskarazko sormena eta hizkuntzaren erregistroak

Argi geratu zen oso publizitate gutxi sortzen dela euskaraz. Gehiena erdaraz sortzen da eta euskarara itzuli. Baina agentzietan hasi da jende euskalduna agertzen eta aukera berriak irekitzen hasi dira. Bestalde, toki hedabideetan euskaraz sortzen da publizitatea. Hau guztia bultzatu beharra ikusten zen. Euskaraz sortzen den neurrian finkatu ahal izango dira hizkuntzaren erregistro ezberdinak, publizitatean beharrezko direnak. Honela gaindituko litzateke orain dagoen arazo bat, publizitatean esamolde jasoegiak edo arruntegiak erabiltzearena, eta euskarak irabaziko luke zuzen eta zehatz komunikatzeko gaitasuna.

• Hedabide lokalen sendotu beharraz

Publizitate eskaintza bateratzeko orduan, oztopo izan daiteke hedabide batzuen ahulezia. Txikienen baliabide urritasunak galarazi egin diezaieke gestio bateratuaren onurak aprobetxatzea. Puntu honetan, Idoia Camachok goizean aholkatu bezala, egoki ikusten zen Goienak eta Anbotok hartutako bidea, hau da, eskualdeka batzea. Horrela, bakarka ezin dena elkarrekin egin daiteke, eta erronka berriei ekiteko gaitasuna irabazten da.

• Maiztasunarena

Publizitatearen ikuspuntutik hedapena da euskarri baten ezaugarri nagusia, baina hartzailearen atxikimendua ere kontuan hartzekoa da. Eta hedabide lokalek atxikimendu handia dute hartzaileen aldetik, are handiagoa maiztasun handikoek. Horrela, maiztasunean irabaztea da hedabideon erronka, baina ez dago finkatuta noraino iritsi behar den. Eta eztabaida piztu zen herri prentsako egunerokoekin. Idoia Camachok aipatu zuen bere txostenean jasotako ideia: herri prentsak asterokoan dauka optimoa, egunerokoa gehiegi izan daiteke. Aldiz, Tolosaldeko Egunero ko edo Hernaniko Kronikakoek egunerokoa hobesten zuten. Gaiak hausnarketa sakona merezi duela eta mintegi bat antolatzea komenigarri ikusi zen.

• Teknologia berriak

Ez horrenbeste publizitatearekin lotuta, baina Joseba Etxebarriak adierazi zuen toki hedabideek teknologia berrietan erronka handia dutela. Izan ere, Internetek aukera itzela ematen du egindako lana mundu osoan zabaltzeko, oso kostu txikiarekin. Ez da errotatibarik behar presentzia nabarmena izateko, eta toki hedabideek duten bertakotasuna urre gorria bihurtzen da sarean, beste inork ezin du-eta antzekorik lortu.

Mikel Irizar bat etorri zen iritzi honekin eta aipatu zuen toki hedabideen lehen jauzian autoedizioak izan zuen garrantzi berbera izan lezakeela orain Internetek. Bere ustez, hedabide lokalek sarea baliatu behar dute ‘orainkariak’ egiteko, hau da, zerbait gertatu bezain azkar sarean jarriko luken zerbitzua. Horrek ezinbesteko osagarri bihurtuko lituzke hedabide lokalak esparru komunikatiboaren egituraketan.

• Hedabide lokal eta orokorren artekoa

Zeharka aipatu zen, baina garrantzizko gaia da. Felix Noguerak adierazi bazuen Katalunian hizkuntzarena ez dela erabakigarria, euskara bada mugarri. Eta arriskua dago euskarazko hedabide lokalen edozein mugimendu errezeloz hartua izateko euskarazko hedabide orokorren aldetik. Hori ekiditeko, iritziak entzun ziren lankidetzaren aldekoak, elkarrekiko errespetutik abiatu eta osagarritasunak lantzea onesten zutenak. Euskarazko hedabideak elkarlanean arituko balira, erdarazkoak osatu ezin duten informazio sare kapilarra sortuko litzateke, euskarazkoen eraginkortasunaren mesedetan.

• Etxez etxeko banaketa, balio erantsia

Publizitatearena baino marketingaren ikuspegitik, Etxebarria irakasleak azpimarratu zuen herri prentsarentzat diru sarrera izan daitekeen puntu bat, banaketarena. Beste hainbat tokitan egin den moduan, pentsatu beharko litzateke etxez etxeko banaketarako antolaketa hori nola aprobetxa daiteken, aldi berean -edo aparte- gauza gehiago banatzeko, zerbitzu hori kobratuz. Haren ustez, azken atari eta gutunontzira iristeko gaitasun hori balio erantsi handia da, eta diru iturri bihurtzeko modua landu beharko litzateke.

• Amaieran, baikor

Egunean zehar -eta mahainguruan bertan- arazoak agertu ziren baina amaiera orduan baikortasuna nagusitu zen. Erronka handien aurrean daude toki komunikabideak, eta horietan ez da makalena publizitate eskaintzak bateratzea iragarle handiak erakartzeko. Baina argi ikusten zen urrats hori eman behar dela, eta posible dela arrakastaz ematea. Gainera, arlo hau bateratzeak beste prozesu batzuk era abiarazi ditzake, euskarazko toki komunikabideen sektorea komunikazio talde gisa antolatzera bultza dezaketenak, guztien eragingarritasuna areagotuz.

Topaguneako lehendakari Joxemari Muxikaren esker oneko hitzekin amaitu ziren mahaingurua eta Jardunaldiak.

Erantzunak

Joxemari Muxika
2003-01-24 : 00:23

Joxemari bai, baino Irastorzaren ordez Irazusta du abizena mahain inguruan aritu zen Argia-ko lehendakari eta jerenteak.

Jardunaldiei buruz, benetan saio aberatsak izan ziren. Ea argitu zen bideari eltzen asmatzen dugun.

Erantzun

Sartu