Teknologia albisteak
1

Agur Bernardo Atxagari

Erabiltzailearen aurpegia
Peru
2003-01-02 : 12:01

Bernardo Atxagak aspalditxo jakinarazi zigun izenorde hori uzteko asmoa duela. Oraindik orain, baina, luze eta zabal azaldu du zergatia The Balde aldizkarian.

The Balde aldizkariaren azken alean Kirmen Uribek eta Mielanjel Elustondok elkarrizketa egin diote Bernardo Atxaga idazleari. Bertan Atxagak luze eta zabal azaltzen du zergatik utziko duen izenordea. Hona hemen galdera eta erantzuna:

Han-hemenka agertu da Atxaga izena albo batera utzi nahi duzula. Berriro zerotik hasi nahi duzula.

Arrazoi nuen, egin beharrekoa nuen, zalantzarik gabe. Arrazoi askorengatik. Tartean, egoera asko aldatu delako ni hasi nintzenetik gaurko egunera. Bestalde, hau ez da erakunde arrunta, hau Euskal Herriko kultura eta literatura da eta ondorio asko ditu. Besteak beste, jende gutxi garelako.

Niretzat, Bernardo Atxaga izatea, idazle izatea zen eta gainera halako uniforme edo janzkera berezi bat, idazle izateaz gain beste gauza asko egin behar zirelako: hitzaldiak egin, literaturaren propaganda egin, mixioetara joan, itzuli, panfletoak jarri, paper bat jokatu, elkarrizketak…

Pitin bat iruditzen zait zorte handia dela hori egitea, eta ondo. Nork bere patua eraman beharra du. Baina Atxagaren bidea niretzat ez da erakargarria. Ikonizazio bat bezala gertatu da: halako saria, halako hau… nik uste dut bete dudala nire lana. Halako batean, eskuetatik joan zitzaidan esan nahi nuena, hobeto egin zitekeen, baina dena ongi egiten duenak ere bota dezala aurreneko harria, ezta? Hobeto egin nezakeen, modu diskretoagoan, baina…

Pentsatu Gabriel Aresti, hasi, idatzi… mila borrokatan ibili, eta utzi idazteari. Mirande… utzi idazteari. Ez dago bakar bat, Txillardegi beharbada, jarraitu duenetakoa, modu irregularrean hala ere. Inork ez du garatu behar izan idazle lana. Nire ustez, estra-zama horregatik.

Guk eraman dugu, eta gure kasuan errazago izan da, baina nahikoa da. Bada intimitaterako garaia. Idazle naiz, baina urteetan etengabe etorri zaizkidan proposamenak —ukatu ditudanak, bestalde— betetzerik ez dago: pregoilari izateko eta beste. Esan beharra izan dut: “Aizu, barkatu, baina pregoilaria nahi baduzu, bila ezazu boxeolari bat, edo pilotari bat, edo futbolaria, baina, arren, utzi ni bakean”.

Hori da, ezin dut estra-zama hori eraman. Espero dut lan horiek nire izenarekin geldituko direla. Batzuek diote ezetz, berdin izango dela, baina nik diot ezetz. Nire izenaz hasten banaiz, neuk markatuko dut nola jokatu. Zalantzarik gabe, beste era batean jokatuko dut. Orain ezin dut. Uste dut lasaiago ibiliko naizela. Hori da nire asmoa. Zortearekin, beteko dut. Ni lanerako orduan ez naiz izango Atxaga.

Erantzunak

mikel irizar
2003-01-07 : 21:19

Ulertzen da. Pertsona idazle bihurtzen denean, eta idazlea ikono, eta ikonoak pertsona jan nahia erakusten duenean, ulertzen da pertsonak halako batean ikonoa erretzea.



Ulertzen da, era berean, idazlea ikono bihur zitekeela ikusita, ikono beharrean geundenok bilakaera hori bultzatzea, hain dira-eta eskasak ikono onak gurean.



Biak ulertzen dira.



Baina penaz onartzen dira biak, ikonoa galtzea eta ikonoen premia.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago