Teknologia albisteak
1

Euskal Enpresak Txinan

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Abril - Txinatik
2002-12-24 : 12:12

Euskal enpresen presentzia gero eta handiagoa da Txinan. Gure bidaian MCC taldeko Wingroup, Copreci, Fagor Minidomesticos, Irizar eta Orkli; SG Savera, Savera Groupekoa; Bapco eta Inkoa bisitatuko ditugu.

Pekin eta Shanghai dira Txinako ekonomia berrituaren ikur. Euskal enpresak ere bi hiri nagusi hauetan kokatu dira, batik bat, baina bada bertze hiririk hautatu duenik ere. Txinako ekonomia ikaragarri hazten ari da azken urteotan. 2010erako munduko 3. ekoizlerik nagusiena izatea espero da (AEB eta Europar Batasunaren ondotik, hurrenez hurren). Hazkunde horretan arrakasta izateko, funtsezkoa izanen da hasieratik bertan egon izana, eta zenbait enpresak bide horri ekin diote.

MCC taldeak bulegoa du Pekinen. Bertan euskal herritar bakarra ari da lanean, Jose Luis Fernandez, Copreci enpresakoa. Gainerako kideak txinatarrak dira. Fernandez arrasatearra da, eta maiatzaz geroztik dago Txinan. "Txinaren espezializazioa teknologia apaletan eta produkzio handietan" egonen dela ziurtatu digu. "Mundu guztiko ekoizleak etortzen ari dira Txinara, eta merkatuan nor izan nahi duenak bertara jo beharko" duela uste du Copreci-Chinako zuzendariak. Coprecik oraindik ez du lantegirik, eta bertan lantegi bat irekitzeko aukerak aztertzen ari dira une honetan.

Merkatu zaila da Txinakoa bertan dauden enpresarien iritziz, eta horri kulturalki dauden ezberdintasunak erantsi behar zaizkio.

Esperientzia gehien duena Juan Angel Garcia da, Wingroup enpresako zuzendaria. Wingroup Bergarako Dykar enpresatik sortu zen, eta gaur egun Shanghaien du lantegia. 270.000 txirrindula estatiko egin dituzte urtarrila eta urria bitartean, eta urte amaierarako 300.000 izatea espero dute. Ekoizten esperientziarik ez zuten, eta bertan ezarri zirenetik, 1998an, ongi doakie enpresa. Datorren urterako enpresa bikoizteko asmoa dute, eta horretarako lantegi berria eraikiko dute. "Bi aldeek pazientzia" behar dutela uste du Juan Angel Garciak. "Ez da erraza hemen negozioak egitea, eta ezin dugu pentsatu gu erakustera gatozenik. Euren moduetara moldatu behar dugu", diosku. Txinara etortzeko arrazoi nagusia ekoizpen kostu baxuak badira ere, badaude bertze batzuk Garciaren ustetan: "Sektoreko gainerako enpresa guztiak hemen daude, eta beraz, guk ere hemen egon behar dugu. Gainera, Txinak, zerbitzu eta hornitzaile franko eskaintzen ditu, eta hori faktore garrantzitsua da". Emaitzak lortu aitzin "pazientzia" eduki behar dela uste du Wingroupeko kideak. Mundu guztirako ekoizten dituzte txirrindula estatikoak. Urtean 10 milioi euroko fakturazioa du enpresak Txinan.

Igor Ezeizak hiru urte daramatza Ningbon, Shanghaitik hurbil. Ordiziarra da, eta 27 urte ditu. Orklirentzat egiten du lan, eta beretzat, esperientzia "izugarria" izan da. "Pertsona itxia izatetik, irekitzen lagundu dion esperientzia" izan da Ezeizarentzat. Uztailean hasi zuten produkzioa bertan, eta sei hilabetetan 2 milioi euro eskaseko fakturazioa egin dute.

Urte eta erdi darama, aldiz, Ainhoa Eskuderok, Fagor Minidomesticoseko kideak. Beretzat ere esperientzia hagitz aberasgarria izan da. "Asko ikasi" duela aipatu digu, eta tratua "oso ona" izan dela iritzi dio. Uztailean ireki zuen bere lantegia, eta oraindik erabateko normalkuntzaz lanean ez badabiltza ere, urte hasieratik aitzin 200 langilerekin ariko dira lanean. Oraingoz, produkzio guztia Arrasatera bidaltzen da, handik saltzeko.

Song Jianhua txinatarrak Bapco euskal papergintzaren partzuergorako egiten du lan. Bulego komertziala da eurena, eta papera egiteko makinak saltzen dituzte. Bapcok bortz euskal enpresa biltzen ditu. Txinan etorkizun handia du sektore honek, munduan saltzen diren papera egiteko hamar makinetatik zazpi Txinan saltzen baitira.

Irizar, Savera eta Inkoa dira bertze euskal enpresa batzuk Txinan kokaturik daudenak, eta horiek datozen asteetan bisitatuko ditugu.

Erantzunak

Iñigo
2002-12-31 : 20:51

Oso interesgarria!



Ondo pasa gabonak Txina aldean eta Urte Berri On!!



>eta horiek datozen asteetan bisitatuko ditugu.

Erantzun

Sartu