DKA: Kulturarako topagune berria Durangon
Durangoko Kafe Antzokia aurkeztu da gaur jendaurreran. Andoni Egaña bertsolaria, Joseba Tapia musikaria eta Mikel Urdangarin izan dira Durangoko Kafe Antzokiaren lagunen izenean aritu direnak Beñat Gaztelu-Urrutiak gidaturik. Hurrengo Durangoko azokarako zabalik egongo da Antzokia.
Berbaro, Durangoko euskara elkarteak, Durangoko Kafe Antzokia (DKA) egitasmoa aurkeztu du gaur goizean Durangoko Kurutziaga Hotelean.
Beñat Gaztelu-Urrutia DKAko arduradunak esan duenez, datorren urteko abendurako eginda egongo da Durangoko Kafe Antzokia. Berekin batera euskal kulturgintzako eta DKAko hainbat lagun izan dira prentsa aurrean: Andoni Egaña bertsolaria, Joseba Tapia musikaria eta Mikel Urdangarin kantaria.
Oraintxe da sasoia DKAren kanpainaren berri emateaz gain, gonbidatuek horrelako kultura gune baten garrantzia azpimarratu gura izan dute.
- Egañak azaldu duenez, orain dela 14 bat urte izan zen lehenengoz Berbarok antolatutako bertso afari batean eta ordutik, gustura asko etorri izan da berriz, berbarotarrek tajuzko antolakuntza eta harrera goxoa egiten dakitelako.
- Tapiak proiektuaren alde egiteaz batera, beste kultur gune batzuk hartu duten bidea alde batera laga eta guztiontzako topaleku izateari eusteko eskatu diete Berbaroko lagunei.
- Mikel Urdangarin abeslariari tokatu zaio, gertutasun geografikoagatik (bera zornotzarra da), aretoak Durangaldeari eta euskal Herriari ekarriko dion aberastasunaz jardutea. Eta berak, dagoeneko, DKA SLk saltzen jarri dituen 200 euroko 5.000 akzioetako bat erosi duela agerian utzi du. Izan ere, Berbarok proiektua zutik jartzeko 1.000 miloiko kapitala behar du eta diru hori lortzeko 200 euroko akzioak jarri ditu salgai, Oraintxe da sasoia kanpainaren barruan.
Aurkezpen ekitaldian, aurretik aipatutakoez gain, Jon Ander Ubeda (Bide Ertzean), Igor Elortza (Bizkaiko bertso txapelduna), Petti (abeslaria), Rafa Rueda (PILTko kidea), Unai Iturriaga eta Xabier Amuriza (bertsolariak), Igor Arzuaga (musikaria) eta Asier Serrano (idazle eta musikaria) ere izan dira, proiektuaren alde egin guran.
Erantzunak kargatzen...