Teknologia albisteak
2

Herri-komunikazioa eta sarea; esperientzia bat: uztarria.com

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Azpillaga - Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora
2002-12-13 : 11:12

Uztarriako kide Josu Azpillagak uztarria.com Azpeitiko atariariaren deskribapena egin zuen Software Librearen II. Euskal Mintegian, eta herri komunikazioa eta sarearen arteko harremanen inguruko gogoeta eta ondorio batzuk aurkezteko aprobetxatu zuen hitzaldia.

[Oharra: Pantaila handirako aurkezpen batetik ateratako testuarekin osatu da artikulu hau, berez irudiz eta ahotsez lagunduta azaldu zena. Dokumentu originala, Mintegiaren gunean. Hitzaldiaren testu osoa berriz, irudi eta guzti, pdf formatuan, www.uztarria.com webgunean bertan ]

WEBGUNEA, KOMUNIKAZIO PROIEKTUAREN BAITAN

Uztarria.com, Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio adarreko proiektu bat da. Komunikazio adar horretan, urte hasierara arte, beste produktu batzuk genituen: herri-aldizkaria (izen berdinekoa), eta liburuxkak ateratzen hasi berriak ginen.

Baina hutsune nabarmena somatzen genuen egunerokotasuna lotutako informazio lantzeko orduan. Beraz, galdera garbia zen: nola landu egunerokoari lotutako informazio hori?

Eta erantzuna, agian konbentzimenduz baino gehiago eliminazioz egin genuen: irratia eta telebista oso garestiak dira, momentuz iritsiezinak guretzat. Papera ere, egunero-egunero atereaz gero, oso garesti ateratzen da. Beraz, zergatik ez sarean? Eragin txikiagoa izango du, klaro, baina saia gaitezen.

Zera erabaki genuen: kendu diezaiogun aldizkariari egunerokotasun ukitu hori, egin dezagun “aldizkariago”, eta saia gaitezen hutsunea Interneten osatzen.

SAREAN LAN EGIN, SAREA OSATU ETA APROBETXATU

Baina, Interneten sartu behar bagenuen, Internetera egokitu behar genuen. Alegia, sarearen ezaugarriak geureganatu eta aprobetxatu behar genituen: eta ezaugarririk behinena, guretzat behintzat, sarean lan egiteko ahalmena eskaintzea da. Jendeari, bestelako partehartze mekanismoak ematea. Herri-informazioan ere bai? Beno, zergatik ez.

Horrek ez du esan nahi Uztarriaren papera desagertzen zenik. Keba. Bestelako itxura hartzen zuela bai, dinamizatzailearena.

Alegia, uztarriak dinamizatzaile lana egin behar du, kuerda ematekoa. Eta gainerako taldeak, norbanakoak, interesatuak oro har, erakarri informazioa trukatzeko tresna horretara. Horrela lortuko dugu komunikazio-tresna erakargarria izatea.

Eta kuerda emateko moduak asko izan daitezke. Eta behar baino gutxiago egingo genituen, noski:

  • Albisteak eta informazioa Uztarria berak sartzea (batik bat besteek sortua ez denean, eta kasuala denean)
  • Taldeekin eta jendearekin lana eginez, hitz eginez, aurkeztuz.
  • Parte-hartzeak txalotuz, filosofia esplikatuz,...

Informazio sortzailea informazio ematera gonbidatu nahi genuen, tresna bat eman nahi genien, gure “beharrik” gabe informazioa zabaltzeko.

DINAMIKOA, ERABILI-ERRAZA, ARINA, MERKEA: SOFTWARE LIBREA, ZOPE

Baina, nola lortu sarean lan egiteko tresna egokia? Zerbait dinamikoa, arina (instalazio aldetik, prestakuntza aldetik...), erabiltzeko erraza, merkea?

Kasualidadez, bagera.net ezagutu genuen orduan, eta hango zenbait funtzionalidade gustatu zitzaizkigun. Bagenekien beste mila modutara gara zitezkeela, baina ez ginen ausartzen.

Bagera-ko orriari begira, zope, squishdot... ezagutu, aproba batzuk egin, eta aurrera. Gune errazak egitea, oso-oso erraza da, eta azkarra! Gainera, software librea...

MARTXAN JARTZEKO, ZER?

Baina, sarean lan egin... hori guztia nola lortu? Webgunea publikatuta bakarrik?

Guk, alde horretatik, bagenuen abantaila txiki bat: Uztarria, kultur koordinadora da (ia 20 kultur talde biltzen ditu bere baitan) eta talde guztiei aurkeztu genien ataria publikatu aurretik, helburuak zein zituen azalduz. Batzuk erabili dute; besteek ez.

Aldizkaritik publizitate pixka bat ere egin zaio, baina ez moduloak sartuz, ez. Webgunean sortzen zen informazioa egokitu eta aldizkarian sartu da askotan. Adibidez, eztabaida interesgarriren bat egon denean, hori aldizkarian jarri da. Alde horretatik, webgunea eta aldizkaria ez dira bi komunikabide apartekoak, autoelikatzen direnak baizik.

EZAUGARRIAK

Labur-labur, webgunearen atalak deskribatuko dizkizuet, ondorioak eta geroko azterketa ulertzeko balioko baitute.

  • Azken orduko albisteak. Ohiko weblog bat, herriko informazioarekin. Erantzunak emateko aukera, geroago jarri zen martxan, partehartze dezentearekin.
  • Agenda. Herriko agenda partikularra. Egunean-egunekoa nabarmenduz.
  • Eztabaida. Uztarriak gai bat planteatzen du, herrian pil-pilean dagoena, eta eztabaida edo foro normal bat da.
  • Herriko taldeak. Talde bakoitzari orri bat eman diogu bere historia, deskribapena, eta antzekoak sartzeko. Guk kudeatuta.
  • Inkesta.
  • Herri-aldizkaria. Aldizkaria, oso-osorik sarean.
  • Ziberartxiboa. Uztarriako liburuxkak, eta pixkanaka-pixkanaka bestelako materiala sartzen joan gara.

Baina, falta zaizkigu, noski.

AZTERKETA BAT, A POSTERIORI. ONDORIOAK

Zenbat jende dabil?

Datu zehatzak emateko, azaroan 5300 hits/eguneko, 670 bisita/eguneko. Orri kopuruak kalkulatzeko arazo teknikoak ditugu.

Zenbat jendek hartzen du parte?

  • Lan eguneko, batez-beste, 2 albiste. Horietatik %60a inguru Uztarriak sartutakoak.
  • Erantzunak, 400 inguru (martxan jarri zenetik, egunean 2 inguru)
  • Eztabaidak, batzuk oso partehartze altua. Besteek, kale.

Zein atal dira bisitatuenak?

Ondorio argiak izanik ere, hona hemen:

  • Dudarik gabe, dinamikoak ikusten dira gehiena. Albisteak, eztabaidak, eta agenda.
  • Jendeak saltsa nahi du: norbanakoen arteko eztabaidek, jarraipena handia dute.
  • Aldizkariak ere orri mordoa ditu, eta bisitak ditu. Baina orriko bisita kopurua askoz baxuagoa da.
  • Aldizkariak eta ziberartxiboa, albisteekin lotura egiteko erabiltzen dira askotan, kontsulta modura (artxibo funtzioa).
  • Google oso inportantea da, eta hortik sartzen da jende asko orri estatikoagoetara.

AURRERA BEGIRAKOAK

Eta, hemendik aurrera zer?

  • Esan dugu, sarea osatzeari garrantzi handia ematen diogula. Bada, hor lan haundia dugu egiteko, eta ez webgunearen bidez bakarrik. Zenbait talde, jende eta abar erakarri behar ditugu oraindik atarira.
  • Ikusgarritasun pixka bat gehitu. Argazkiak sartu.
  • Interneten ezaugarriak aprobetxatu. Eta ezaugarri horietan, ez al da multimedia ezaugarria ere sartzen? Zer egin dezakegu hor? Ahal dela, multimedia aplikazio txikiak sartu nahi ditugu albisteen osagarri.
  • Anonimoen kontua arautu, zuzendu, nola? Konponbidea finkatu.
  • Diru-iturri alternatiboak landu.

AGURRA

Besterik ez.

Nik, gure esperientzia kontatu dizuet, bere xumean. Aproba egiteko erabakia hartu genuen, artean guretzat nahikoa ezezaguna zen medio batean, esperimentatzekoa. Gauza batzutan asmatu dugu, eta beste batzutan hanka sartu ere bai.

Gurea bezalako talde txiki batentzat esfortzu dezentea egin zen -eta egiten da, oraindik- , artean diru-iturriak finkatzeko genituela, langile-erdia aurreikusiz-eta horren aldeko apostua eginez.

Harrituta gelditu gara, gertuko informazioak sarean duen harreraz. Albokoaren berri Internet bidez jakitea, kontraesankorra dela dirudi, baina modu egokian eginez gero, balekoa deritzogu. Eta modu egokia, Interneten berak erakusten digu: sarean, eta bixkor.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2002-12-13 : 11:26

Uztarria.com ondo pentsatutako produktua da. Diseinu xume eta funtzionalarekin, eta bizpahiru utilidade ondo pentsatutakoekin. Teknologiaren aldetik sendoa, informazio eta interaktibitatean nabarmendu da. Euskarazko gune interaktiboena eta informatiboena dira, dudarik gabe. Herri proiektu bat, herri txiki batekoa izanda, Azpeitikoa.


Euskara hutsezko webguneen bisita kopurua eta trafikoaren eskasa kontuan hartuta (Eustat-en EAEko internauten ohituren estatistiketan bi webgune euskaldun besterik ez dira ageri, Egunkaria eta Aurki, zerrenda luuuuze batean), Uztarria.com-ek lortu duen audientzia azpeitiarra da, seguru aski, euskarazko produktu batek Internetiko share-a lortzeko ahaleginean dagoen kasu positibo bakarra.


Eta inpresioa daukat, Uztarria-ren trafikora hurbiltzeko gaitasunik daukan atari euskaldunik nekez egongo dela.


Hala ere, 2002an sortutako euskal webgunerik interesgarriena, dirulaguntzarik gabe geratu da euskara sustatzeko Kultura Sailaren deialdian. Zentzugabekeria bat.


Luistxo Fernandez
2002-12-14 : 12:24

Uztarria.com-en gai honen inguruan informazio gehiago hemen


Azpeitiko Udalaren laguntza behintzat lortu dute. Beste albiste honetan jaso dutenez.


Erantzun

Sartu