Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sustatu PDAn irakurtzen da

Aitor Garcia de Gurtubay-k segituan erantzun dio Sustatutik egin dizkiogun galderei. Berak lagundu digu Sustaturen PDA-irakurketa hobetzen ere. Proba batzuk egin ostean, Sustatu PDAn irakur daiteke.

Aitor, noiztik zara Sustatuko irakurle?

Jadanik batzutan irakurri dut, orain dela nahiko hilabete sartu nintzen lehenengo aldiz baina ez naiz egunero sartzen. Orain PDA egunero gainean eramanez errazago egingo zait egunero irakurtzea sustatu.

Nola ezagutu zenuen sustatu?

Kaixo.com -eko loturak eraman ninduen Sustatu ezagutzera.

Noiz irakurtzen duzu eta zer duzu gustukoen?

Goizetan lehenengo orduan edo arratsaldeko azkenekoetan irakurtzen dut, albisteen orrialdeekin batera. Hemendik aurrera Bilbo metroan,lanerako bidean noala,irakurriko dut egunero. Edozein lekuan aspertuta nagoenean...

Zer egiten du arkitekto batek PDA batekin?

Egunero ordenagailu batekin lan egiten duen pertsona betek egiten dituen gauza berberak, dagoen ezberdintasun bakarrak edozein lekuan erabili dezakezula da, hau da bulegotik kanpo.

Nik adibidez posta elektronikoa irakurri eta erantzuten dut, Word eta Excel irakurri eta zuzentzeko gai da nire PDA. Horrez gain, Interneteko orrialdeak irakurri..... PDA berrienek AutoCad-arekin egindako marrazkiak ireki ditzakete eta abantaila handia da. Obretan-eta azkeneko orduko marrazkien bertsioa eraman dezakezulako, e-postaz berritu... eta hau guztia inolako paperik eraman gabe.....

Aipatu duzu PDA batean irakurtzen duzula Sustatu... Baina zer da zehazki PDA hori?

PDA ingelesez (Personal Digital Assistant ) eta erdaraz ODB (Ordenador De Bolsillo) euskaraz BLD (Banakako Laguntzaile Digitala ) edo SEO (Sakelean Eramateko Ordenagailua). Euskaltzaindiak ezarri beharko luke gailu hauentzako izen bat...

Azken batean ordenagailu bat besterik ez da, askoz ere txikiagoa eta ez hain arina, aplikazio arruntak erabiltzeko gai da, pantaila txiki bat eta arkatz baten bidez sartzen eta ateratzen dira datuak. Erabiltzen diren sistema eragileak espreski PDA-rentzat sortutakoak izan daitezke (adibidez PALM OS, ezagunena) edo Windows CE, edo Linux (sistema eragile famatuen bertsio txikituak). Gehienetan ordenagailu arruntekin, egunero mahai gainean erabiltzen ditugun horietakoekin, lotura fisiko bat egiten dugu, kable batekin, informazioa eguneratzeko, datuak eta programak jartzeko etab. Hemen dago informazio gehiago.

Beraz, edozein lekutatik irakurri dezakezu Sustatu, ezta?

Bai. Edozein lekutik "off-line", hau da sarean sartuta egon gabe, aurrekoan aipatutako lotura eta eguneratze hori eginez gero, eta telefono mugikor baten bitartez zuzenean "on-line" egin daiteke nabigazioa.

Eta irakurgarri da Sustatu zure PDA horretan?

Bai azkenko egun hauetan egin dituzuen hobekuntza horiei esker, Sustatu-ren orrialde nagusia eta bere loturak irakurgarriak dira PDAn.

Orain arte beste albistegirik irakurtzen zenuen zure PALM M130 OS 4.1 aparailuan? eta euskara hutsean?

Bai, Komunikabideen eta Webgune nagusi gehienek PDA-rentzat sortutako bertsioren bat daukate, eta sarritan erabili eta irakurri ditut, baina euskaraz, beste arlo askotan moduan, hutsunea nabaria da eta horregatik sustatuk egindako aurrerapen hau oso egokia iruditzen zait. Nik dakidala euskaraz patrikako ordenagailuan irakurri daiteken lehenengo webgunea da, baina ez dut uste azkena izango denik, ea eredua hartzen duten euskal sortzaile digitalek...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu