El País digital berria, hala-hola hasi omen
Bi aste baino ez dira igaro El País.es ordainduzko egunkari bihurtu zenetik eta badirudi hastapena ez dela bat ere ona izan: harpidedun gutxi, dirua ere eskas eta haserrea bazterretan.
Ez dakigu nolako arrakasta izan duen ekimen honek, baina estatistikak nahiko pobreak dira artikulu bakoitzean jasotako bisitei dagokienez. Artikulu gehienek ehunka gutxi bisita dituzte soilik, bakarrik artikulu oso jakin batzuek gainditzen dute milakoa eta zenbait kasutan hainbat hamarrekotan geratzen dira. Horixe dio Eduardo Manchón kazetariak ainda.info albistegian kaleratu duen artikulu batean. El País.es egunkari digital berriaz ari da.
Sustatun iragarri genuen nola azaroaren 18tik aurrera El País digitala irakurri nahi zuenak ordaindu beharko zuen. Bi aste baino ez dira igaro, baina burrundara dezente atera du aldaketak.
Hasiera txarra
Eduardo Manchónek honako arazo hauek ikusi dizkio El País berriari:
- Lehen egunetan erabiltzaile askok ezin harpidetzarik egin. Ikusmin handia sortu zuen aldaketak eta akaso jende larregi hurbildu zen webgunera. Kontua da zerbitzariak bete egin zirela. Hori saihesteko, egileak dio El País-ek jar zitzakeela bertsio biak sarean, zaharra eta berria, eta neurtu jendearen erantzuna.
- Askok jakin ez astebeteko proba egin zitekeenik, doan. Hori esaten zuen informazioa leku txiki batean omen zegoelako. Hori huts handia izan liteke, kontuan hartuz gero ezinbestekoa dela produktua probatzea, bisitaria bezero bihurtu nahi bada.
- Izena emateko orria, zailegia. Bai harpidetza nola astebeteko proba egin nahi dutenek bete behar dute orri bat, xehetasun mordoa eskatzen duena.
- Harpidetza, motela. Jorge Serranok eta Iñigo Arbildik test bat egin dute 29 erabiltzailerekin eta ondorioztatu dute erabiltzaileen %66k hamar minutu baino gehiago behar izan zutela harpidetza betetzeko; gainerakoek, 15 minutu baino gehiago. Eternitate bat, Interneten. Beraz, baliteke moteltasun hau dela eta, El País bezeroak galtzen aritzea.
- Eduki guztiak, itxita. Sareko irakurleak begiratzen ditu soilik azken orduko albisteak. Negozioa, aldiz, artxiboan dago. Horregatik, The New York Times, The Washington Post edo USA Today egunkariek bakarrik kobratzen dute artxiboa erabiltzeagatik. Honela ez dute arriskurik irakurleak beste egunkarietara pasa daitezen. El País-ek, ordea, hasi da dena kobratzen. Baina Manchónek dio inor ez dela harpidetuko bakarrik jakiteko azken orduko berriak.
- Erabiltzaileak, haserre. Uste izatekoa zen erabiltzaileak haserretuko zirela, baina, antza denez, uste baino gehiago sumindu dira.
- Eskatu gabeko publizitatea, nonahi. Doaneko proban publizitate mordoa agertzen da pantailan ustekabean. Hori da Canal + telebistako filmetan publizitatea tartekatzea bezala.
- Bilatzaile motela. Akats asko omen ditu bilatzaileak.
- Azken albisteak, berandu. Sona handiko albisteak izan ezik, El País-ek besteek baino beranduago eguneratzen ditu azken albisteak.
El País bera ere konturatu da zurrunbilo handia sortu dela aldaketa honen inguruan eta Mario Tascón, egunkari digitaleko arduraduna jarri du irakurleen galderei erantzuten. Hor ere konturatuko zarete galdera askori ozpina dariela.
Erantzunak kargatzen...