Teknologia albisteak
1

Arantxa Iturberen hitzaldia: "Ai Ama!"

Erabiltzailearen aurpegia
Arantxa Iturbe
2002-11-28 : 13:11

Arantxa Iturbe Larrabetzun izan zen atzo iluntzean hitzaldia ematen eta mezu batean esan digu oso gustura egon zela bertan. Han esandakoak entzuterik izan ez genuenok orain irakurtzeko modua dugu. Arantxak oso-osorik bidali dizkigu hitzaldian esan zituenak.

Galde erantzunetan gaiak eman zuen gehiagorako, baina hemen, sarreran esandakoa jaso dugu. Irakurtzeko idatzita dagoen testua izanagatik merezi duela iritzita ematen dugu hemen entsegu labur hau:

----------------------------------------------------------

"AI, AMA!"

Dozenerdi bat galdera, erantzun eta guzti.

Arantxa Iturbe naiz. Eta zer naizen izenburu batean laburbiltzekotan "afizioz, ofizioz eta bokazioz" galderak egiten dituen pertsona bat naizela esango nuke.

Galderak egiteko ohitura horrek eraman ninduen orain urte asko kazetari izatera; bete-betean asmatu nuen ofizioan. Galderak egiteko ohitura horrek eraman ninduen orain urte batzuk idazle izatera; bete-betean asmatu nuen afizioan. Eta galderak egiteko ohitura horrek eraman ninduen urte askoan, ama ez izatera. Beraz, bokazioz ez naiz ama. Baina ama izateko erabakia ere galdera batetik etorri zitzaidan: "zergatik ez?" galderatik.

"Ai, ama!" idatzi nuenetik ere galdera asko egin izan dizkiot neure buruari. Jendaurrekoari dagokionez, ordea, gehiagotan egokitu zait galderak erantzutea, egitea baino. Ez pentsa asko gustatzen zaidanik. Uste dut askoz ere hobeto moldatzen naizela galdetzen, erantzuten baino.

Halere, eta gaur hemen galderaren bat edo beste egingo didazuela pentsatuta, ensaiatzen aritu naiz. Eta dozenerdi bat galdera ekarri dut prestatuta, bakoitza bere erantzunarekin. Ez dira neure buruari egiten dizkiodan galderak, -horiek nahi baduzue geroxeago azalduko dizkizuet-. Galdera hauek jendeak, ez kazetariek, alegia, ez galdegile profesionalek, baizik eta era guztietako jendeak kalean liburuaren inguruan egin izan dizkidan galderak dira. Kalean, ustekabean galderaren bat egiten dizutenean ez da erraza izaten erantzun egokia topatzea. Gaurko saiakera honek balioko al dit hurrengoan egokiago erantzuteko.

Gehien egin izan didatena "errukituen galdera" izan da. Lehendabizikoa, zalantzarik gabe, galdera-ranking partikular honetan:

  • Ai, ama! Benetan, baina bene-benetan hain gaizki pasa al zenuen umea izan ondoren?

Sail honetan bertan sartzen ditut "bihotz onekoen galdera", eta "denak du bere esplikazio zientifikoa galdera". Alegia,

  • Ai, ama... alde onen bat ere izango du ba ama izateak?, da lehendabiziko azpi-taldekoa eta,
  • bueno... hainbeste ai,ama... horrek izena badu aspalditik: erditze ondorengo depresioa; depresión post-parto.

Erantzunak: "bai, bene-benetan oso gaizki pasa nuen. Bai, bere alde onak ere baditu, eta bai, batzuk erditze ondorengo depresioa deitzen diote; deitu nahi duzuen bezala, baina gaizki pasa nuen." Eta lehendabiziko aldiz idazteko beharra sentitu nuen. Terapia modura. Hogeitalau ordu egiten nituen umearekin, umeaz, umearentzat, beste edozein amak bezala, eta bapatean idatzi beharra neukala sentitu nuen. Idatzi beharra, batetik, barruko hainbat korapilo askatzeko (idaztea oso terapia ona da batzutan korapilo mota batzuk askatzeko); bestetik, idazten ari nintzen bitartean gehien maite dudan eginkizun batetarako denbora hartu nuelako, niretzako denbora, alegia... eta azkenik, gai honen inguruan irakurrita neuzkan gauzen artean ez nuelako ezer topatu nire ezinarekin zerikusia zuenik. Jakina bere alde onak, politak, aberasgarriak, zoragarriak badituela ama izateak! Oraintxe bertan hasiko nintzateke nire semeaz hizketan eta ordubete ez nuke nahikoa izango... baina horien berri banekien. Beste aldea zen juxtu falta zitzaidana. Horregatik idatzi nuen.

Askok egiten didaten beste galdera bati, bigarrenari, "kontakatiluen galdera" deitzen diot:

  • Ai, ama!, eta zure umearen aitak zer esaten du?

Erantzuna: "galdetu berari". Hori litzateke egokiena, baina nik beragatik erantzuten dut: berak ere izango du zer kontatua, beste aita askok, aita gehienek bezala. Nik gogo onez irakurriko nuke historia honen beste aldea. Nola bizi duten beraiek.

Baina irakurri aurretik ere seguro nago, ez dugula berdin bizi...

Galderen ranking-ean hirugarrena "biktimarena eginez ez goaz inora" galdera da. Beno, galdera baino... baieztapena:

  • Ai, ama... zuri biktimarena egitea ez ote zaizun gustatzen...

Erantzuna: "ba igual pixka bat bai, zer demontre? Eta aldarrikatu egiten dut gainera, batzutan biktimarena egiteko eskubidea! Indarrak falta zaizkidanean, egin nahi nituen gauzen erdiak egitera iristeko gauza ez naizela jabetzen naizenean, jende guztiak agerian jarrera bat eskatzen didanean eta nik juxtu kontrakoa sentitzen dudanean... Ados. Pixka bat igual bai. Onartzen dut.

Laugarren galdera "nolaz ausartu zara" galdera da. Eta horixe da galdera:

  • Ai, ama! Nolaz ausartu zara hori guztia idaztera?

Nik ez diot ausardiarik ikusten. Eta behin baino gehiagotan aipatu izan didate. Nik halaxe bizi izan nuen eta halaxe kontatu nuen. Inolako ausardiarik gabe. Hori bai; konturatuta, zenbait gauza esatea oraindik ez zegoela ondo ikusia, eta ez dagoela ondo ikusia orokorrean. "Gaizki pasatzen ari naiz" aitortzen duen ama, ama-txartzat jotzen dela konturatuta. Nahita edo nahi gabe. Liburu horretan idatzitakoari ausardia ikusten diotenek, pentsa zenbat kontu izango lituzketen kontatzeko kontatzera ausartuko balira.

Oso sarri egiten didaten beste galdera batentzat ez dut definiziorik topatu oraindik. "Neurriz kanpoko galdera" deituko nioke zerbait deitzeagatik:

  • Ai, ama! Zure liburua irakurrita emakume bat baino gehiago desanimatu egingo da!

Erantzuna: Liburuei ez daukaten eraginkortasun ahalmena eranstea litzateke hori sinistea. Hobe bai euskaraz idatzitako liburu batek halako eragina lortuko balu! Ez, txantxetan ari naiz. Inoiz ez da izan nire asmoa inor animatzea edo desanimatzea. Uste dut erabaki hauek oso erabaki pertsonalak direla, gehienez ere biren arteakoak, eta erabakia dena delakoa izanda beti izan dute nire errespeto osoa. Benetakoa. Eskertuko nukeen nik errespeto bera, haurrik ez nuela izaten-eta "noizko?" galdetzen zidaten guztien partetik...

Eta dozenerdia osatzen duena "etorkizuneko galdera".

  • Ai, ama! Eta zure semeak liburua irakurtzen badu?

Erantzuna: Irakurriko al duela! Semeak ez irakurtzea besterik ez nuke behar! Erraza dago ba gaur egun irakurleak lortzea! Eta irakurtzen duenean hitzegingo dugu. Halere, espero dut ordurako elkar ondo ezagutuko dugula... eta argibide gehiegi eman beharrik ez dudala izango.

Hauek dira kalean gehien egin izan dizkidaten galderak.

Bada beste bat noizbehinka egin izan didatena. Galdeketatik kanpo utzi dut apropos:

  • Zer? Zuk bigarrenik ez duzu izango, ezta?

Galdera hori egiten didanari irribarrearekin erantzuten diot. Bi gauza esan nahi ditu irribarreak: bat, liburua "irakurri baduzu ere, ez duzu ezer ulertu", eta bi, "ez dizut erantzungo".

Egia da, orain arte idatzi izan ditudan liburuetatik "Ai, ama!" izan dela galdera espontaneo gehien sorrarazi dituena. Eta hori eskergarria da idazten duen edonorentzat. Ez dira beti galderak izan, halere. Bada haserretu zaidanik ere. Exajeratu bat naizelako, eta gauzak ez direlako horrela izaten eta... abar.

Exajeratua? Ba, seguruenik bai, batzutan, kontakizunari eusteagatik. Beste batzutan, batere exajeraziorik ez dago kontakizunean; are gehiago, gauzak arintzeko ahalegina, gordinegi geratzen zelako bere horretan.

Eta gauzak horrela izaten diren edo ez, norberak daki. Inoiz ez dut esan nik gauzak horrela izaten direnik. Ez-eta esango ere. Era guztietako amak ezagutu ditut; era guztietako emakumeak; era guztietako esperientziak. Bai uste dut esperientzia mota bat onartuagoa dagoela, bestea baino: hain zuzen ere, ama ultra-zoriontsuarena. Ama izateagatik ultrazoriontsu den emakumearena esan nahi dut. Eta ez dela esaten duenak beste atzerakarga batzuk jasan behar izaten dituela. Eta komeni dela, orohar, ez dakit nori, gizarteari, sistimari, baina komeni dela amak pertsona zoriontsuaren irudia zabaltzen jarraitzea.

Eta ni zoriontsu naiz ama naizelako ere... Alegia, ama ere banaizelako. Badaezpada ere esan egingo dut, inor ez dadin pentsatzen hasi ez nagoela harro eta satisfetxo nire amatasunaz....

Eta entsaio labur hau egin ondoren prest nago galdera gehiago entzuteko... eta baita, galderak egiteko ere. Zuek erantzuteko prest bazaudete, beti ere...

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2002-11-28 : 14:20

Ze hitzaldi polita.


Liburu on-ona idazteaz gainera, haren gaineko esplikazioak eta ondorengo balorazioak ere zoragarri egiten ditu Iturbek. Nahiko nuke, nik ere horren erdia egiten baneki (alde batera utzita haurrak egiteko gaitasuna).


Baina bueno, mezu honi zurkeria ukiturik inork har ez diezaion, hitzaldiaren estiloari jarraituz, galdera batzuk egingo ditut nik ere, Arantxak ikusiz gero (eta gogoak emanez gero) erantzun ditzan. Ez dira galdera espontaneoak ordea, liburugintzan dabilenaren galdera interesatuak baizik, hala esatea barkatzen bazait.


  1. - Adibidez: jendeak benetan irakurritako zerbait sortzea gauza eder bezain ezohikoa da gure literatura xixtrinean. Ez al duzu nabaritu idazleen artetik inbidia apur bat, hitz erdika esanez bezala, "bai, oso herrikoia da zurea, baina literatura aldetik..."?

  2. - Gurean ez ezik, inguruko hizkuntzetan ere ez dut nik halakorik ezagutu. Ez al dizu inork erdararen batera pasatzeko eskaintzarik egin?

  3. - Arrakastaren arrakastaz besterik idatzi ez duten egileen zerrenda luzea da. Zuk geroztik irrati-nobela bat eta haurrentzako bi istorio idatzi dituzu, gutxienez. Eta helduen literaturan tentaziorik ez?

Galdetzen ere segituko nuke, baina ez dut abusatu nahi.


Zorionak berriz ere, eta ondo segi,



Erantzun

Sartu