Soft Librearen Mintegia: nork esan behar zuen...
Soft Librearen II. Euskal Mintegiaren inguruko nire burutazioak...
Iaz Markeskuan UEUren aretoa 60 lagunekin (ezin gehiago onartu) bete zela ikustea poz handia izan zen. Horrez gain, elkarketa hartan esandakoak batiburrillo txiki bat izan ziren. Gure betiko kexuak, eta komunitatea osatzearen aldeko erreibindikazio batzuk. Aurten ere izan da holakorik: aretoa ez da handitu iaztik aurtengora, eta bistan da txikia dela software librearen inguruko euskaldunak biltzeko, eta kexuka ere segitu dugu (administrazioaren kontra, inertzien kontra...), eta komunitatea osatzearen aldeko erreibindikazioan berdintsu gaude.
Baina desberdintasuna izan da, neretako, aurten beste gauza batzuk ere ikusi ditugula. Jendeak egindako lanak, tresnak, proiektuak. Gizarte taldeen proiektuak ( Indymedia Euskal Herria eta Leioako Metabolik Hacklab, Uztarria koordinakundea, EuskalGNU ) eta enpresen ahaleginak (Emun, Code & Syntax, eFaber, Zuhar ).
Eta alor desberdinetara zuzendutako proiektuak dira: atariak egitekoen ingurukoak (MIR, Nuke, Zope-CMF), euskaratze proiektuak (PostNuke, Mozilla, KDE), enpresarako aplikazioak (Emun), hizkuntzarentzako lagungarriak (HTK hizketaren trataerarako softwarea, HobeBila bilaketen hobetzailea, KBabel-en erabilera planak), e-learning (eFaberrekoen DotLRN).
Software librea eta administrazioa mahaingurua ere iragarri zen. Eta ez zen izan. Hori pendiente geratu da. Mahaingurua, eta, batez ere, bistan dago, gaia serio tratatzea. Hurrengo urterako, ez dakit, tokian eta antolakuntzan urratsen bat eman beharko litzateke. Komunitatea sortzen asmatuko dugun ez dakit, baina lanean jendeak segituko duela argi ematen du.
Ni oraingoz horrekin geratzen naiz, lanarekin. Gustatuko litzaidake han egin ziren azalpenak hemen Sustatun, hitzez jarriko bagenitu. Ea UEUren bidez, edo Mintegiko talde eta enpresen ekimenez, lanon berri hemen argitaratuta ikusten ditugun.
Erantzunak kargatzen...