Sustatu logoa Teknologia albisteak

Izenburu izateko gorputza erakutsi behar

xabi - Goiena
2002-11-12 10:11

Egun, komunikabidetan kirola da nagusi. Gizonezkoetan emaitzak eta marka berriak dira protagonista. Emakumetan, berriz, top ikusgarri eta praka motz eta estuen gainean egiten da berba. Hortxe dago negozioa egiteko beste aukera bat, baita audientzia lortzeko tresna ere.

Kirol mundua konplexua da. Egun, telebistek ez dute ikusgarria ez den ezer emititu nahi. Gizonezkoetan marka berriak, gol ikusgarriak edota lasterketa azkarrak eskatzen dira.

Emakumetan, berriz, gorputzak erakustea da audientziak eskatzen duena, edota enpresariek eskaini nahi dutena. Gehien irabazten duen gizonezko kirolaria Michael Schumacher bat formulako pilotua da. Emakumetan, Anna Kournikova ez da tenista onena, ezta gutxiago ere, baina bai gehien irabazten duena. Ehunka webgune ditu kirolari honek, eta guztiak ez dira kirolaren gainekoak. Klikatu hemen bestela.

Matxismoa, marketing-a ala biak?

Adibide asko daude. Espainiako emakumeen saskibaloi selekzioa bosgarrena izan da Munduko Txapelketan. Gizonezkoek postu berdina eskuratu zuten, baina, emakumeetan, neskek jokatzeko erabili zuten body-a izan zen albiste.

Boleibolean, erabaki zorrotzak hartu zituen federazioak. Emakumeek ahalik eta jantzi estuenak erabili behar zituzten, betiere audientziak behera egin ez zezan. Horren harira, telebista kamera bat salatu egin zuten, jokalarien ipurdien lehen planuak hartzen zituelako. Ez zuen lan handirik izan, hauxe "Marca" kirol egunkariaren kirol honen gaineko orria.

Kontua ez da hortxe amaitzen. 2001eko ekainean, Nazioarteko Emakumeen Squash Federazioko presidente Andrew Shelleyk zera proposatu zuen; Vicky Botwright jokalariak, sailkapen nagusian 18.a zenak Britainiako Open-a tanga batekin jokatzea. Nazioarteko federazioak ez zuen onartu, baina Vicky Botwright ezaguna egin da, eta begibistakoa da zergaitik.

Horrelako ehunka adibide daude emakumetan. Gizonezkoetan ere bada bat edo beste, galdetu bestela Italiako futbol selezioko elastiko berriak diseinatu zituenari. Francesco Totti edo David Beckham moduko jokalariak ere futbolagatik baino beraien edertasunagatik dira ezagunak, baina horrelako adibide gutxi daude. Eta zaila da jokalari hauek tanga batekin jokatzeko eskaera formalak ikustea. Seguru nork edo nork eskertuko lukeela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu