Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bill Gatesentzat berdina da EAkoa ala Eakoa izatea

Luistxo - Code & Syntax
2002-10-30 12:10

Edo beste hau idazteko orduan. Bulegoa 2. solairuan dago idatzi nahi duzu, eta Bill Gatesek, temati, zuzendu egiten dizu hori ere: Bulegoa 2. Solairuan dago jartzen du automatikoki.

Bai. Guk baino euskara gehiago ei daki Word programak. Enpeinatuta dago hitz batean ezin daitezkeela letra larriak eta letra xeheak jarraian konbinatu. Oker dagoela euskarazko siglen deklinabidea. Eta puntu eta espazio batzuen ondoren ere derrigor letra larriarekin hasi behar dela uste du, esaldi amaiera behar duelako aurrekoak, eta ez zenbaki ordinal bat...

Ba ez. Wordek ez daki euskaraz. Zuzenketa automatikoekin putakeria galanta besterik ez du egiten programa horrek, inori lagundu beharrean.

Auziak badu konponbidea. Herramientas > Autocorrección menura joan zaitez (edo Tresnak > Autozuzenketa menura, ze euskarazko interfazea daukan Word ere bestea bezain petrala da kontu hauetan), eta han Autozuzenketako aukera guztiak ezabatu. Guztiak. Lau azpi-leiho ditu Autozuzenketak, eta leiho guztietako aukera guztiak ezabatzea da onena. Denetariko aukerak daude, bai, baina, zaude lasai, kaltea besterik ez dute egiten bere osotasunean. Aukera guztiak desaktibatuta funtsezko ezer ez duzu galduko, eta bai lasaiago eta zuzenago idazteko ziurtasuna.

Bide batez, Word programarekin Sustatun albisteak kargatzeko hain erabilgarria den testu egituratua zuzen idatzi ahal izango duzu ondoren.

Edo beste aukera automatiko estupido hori ere desaktibatuko duzu, web helbide bat idaztean automatikoki klikagarria bihurtzeko mania nekagarri hori...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu