Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ezustekoak prentsa askatasuna neurtzeko lehen sailkapenean

Peru Basarte
2002-10-24 11:10

Mugarik Gabeko Berriemaileak izeneko erakundeak lehen sailkapena kaleratu du, neurtzeko zein egoeratan dagoen prentsa askatasuna munduan zehar. Hona hemen zenbait ondorio:

  • Prentsa askatasuna arriskuan dago planetaren alde guztietan: sailkapenaren zuloan dauden hogei herrialde okerren artean hainbat daude Asia, Afrika, Amerika eta Europakoak.
  • Egoerarik eskasena Asian bizi dute, hangoak baitira prentsa askatasunari gogorren egiten dioten bost herrialdeak: Ipar Korea, Txina, Birmania, Turkmenistan eta Butan.
  • Errespetua prentsa askatasunari ez da herrialde aberatsen pribilegioa. Costa Rica edo Benin, este baterako, herrialde pobre samarrak dira, baina oso goi daude sailkapen honetan.
  • Mendebaleko Europa puntaren puntan dago. Hemendik kanpo, Kanada da lehen herrialdea, bosgarrena.
  • Ameriketako Estatu Batuak 17. dira sailkapen honetan, atze samar bere burua askatasunaren eredutzat duen herri batentzat. Antolatzaileek diote AEBetan kazetari dezente atxilotu dituztela, askotan ez dutelako aitortu nahi izan beren informazio iturriak eta baita irailaren 11ren ondoren.
  • Ezustekorik txarrenetako bat Italiak eman du. Bera da EBko azken herria sailkapen honetan, 40.a (Espainia, 29.). Mugarik Gabeko Berriemaileen iritziz, Italian arriskuan dago informazioaren aniztasuna, batik bat Silvio Berlusconiren erruz: honek areagotu egin omen ditu presioak telebista publikoaren kontra, bere konfiantzazko jendea jarri du herri hedabideetan etabar, etabar.
  • Lehen berrogeita hamarren artean ez dago herrialde arabiarrik. Palestinako Agintaritza 82. da (eta Israel 92.).
  • Soviet Batasuna osatu zuten herrialdeetan oraindik oso zaila da kazetaritza askatasunez lantzea. Errusia (121) eta Bielorrusia (124) dira horren adibide.
  • Zimbawe (122) eta Eritrea (132) dira herrialderik eskasenak Afrikan, prentsa askatasunari dagokionez.

Herririk onenak

  1. Finlandia
  2. Islandia
  3. Norvegia
  4. Holanda
  5. Kanada
  6. Irlanda
  7. Alemania
  8. Portugal
  9. Suedia
  10. Danimarka

Nola egin den sailkapena

Sailkapen hau egiteko, Mugarik Gabeko Berriemaileek galdetegi bat bidali zien hainbat kazetari, ikertzaile eta legelariri, erantzun ziezaieten 50 galderari, zerikusia zutenak erasorik gogorrenekin prentsa askatasunaren kontra (kazetariak hiltzea edo atxilotzea, zentsura, presioak, estatuaren monopolioa, zigorrak, etabar). Guztira 139 herrialde sailkatu dira. Beste asko falta dira, baina informazio fidagarria falta horien gainean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu