Sustatu logoa Teknologia albisteak

LSSI martxan... eta orain zer?

Alferrik izan zen kriptopolis.com -ek "Defensor del Pueblo" delakoak legearen aurkako helegitea jar zezan antolatutako kanpaina. Bertan parte hartu genuenok 23 orriko gutun bana jaso genuen joan den ostiralean, hitz potolo askoak erabiliz, hori bai, "oinarrizko eskubideak ere mugatu egin behar direla" eta gogoak ematen ez dionez helegiterik ez duela egingo azalduz.

Puntu asko dira larriak LSSIren barruan: alde batetik, PP-k legeak idazteko duen tradizioari jarraiki, zehaztasun falta izugarria. Hasiera batean merkataritza elektronikoa arautzeko idatzitako legea interneten dagoen edozein edukiri aplikatu ahal zaio.

Horrela, adibidez, jarduera ekonomikotzat jo daitekeen edozein orritan, titularraren datu pertsonalak agertu behar dira argi eta garbi (izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefono zenbakia). Kontua da banner bat duen edozein webgune hartzen dela jarduera ekonomikotzat, berdin dio banner horrek dirua irabazteko balio duen, webgunearen gastuei aurre egiteko laguntza den, edo beste webguneren batekin egindako trukea den.

Beste alde batetik, izugarrizko (eta gehiegizko) zigorrak aurreikusten ditu legeak bertan jarritako baldintzak betetzen ez dituztenentzako. (Isun hauek, azken batean, merkataritza elektronikoan dabiltzan enpresentzako pentsatuta daude, baina edozeini jarri ahal zaizkio). Bannerra duen webgune pertsonal batean datu pertsonalak ez jartzeak, adibidez, 3.000 euroko isuna du.

Eta webgunerik izan ezean? Ez pentsa horregatik LSSIren beso luzeak ez dizula eragingo: lege berriak baimena ematen dio administrazioari herritarren komunikazio elektronikoak zaintzeko eta gordetzeko, inongo epaileren baimenik eskatu beharrik gabe...

Gauzak horrela, ez dira gutxi egunotan itxita geratu diren estatuko webgune txikiak. Alde batetik protesta gisa, eta beste batetik ez dagoelako batere argi zein izango den horrelakoen etorkizuna. Hamaika Ikusteko eta bere baitako azpigune guztiak ere itxi egin ditugu momentuz, legea noraino aplikatzeko prest dauden argitzen den bitartean.

Protestatzeko zeozer egin behar dela argi ikusten dut nik neuk, behintzat, oinarrizko eskubideen kontra doan horrelako lege bat ezin da bere horretan geratu, baina ez dakit zer izan daitekeen eraginkorrena... ideiarik bai?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu