2001eko ustekabe handi eta goxoenetako bat izan zen literaturazale guztientzat. Oso onak izan zituen kritikak eta baita irakurleen estimazioa ere, lau edizio izan baitzituen urtebetean. Euskal Herrian izandako arrakasta berrestera dator orain kanpoan lortu duen onespenak. SPrako Tranbia argitaratu zeneko kritikak irakur ditzakezu hemen.
Aipagarri da Unai Elorriaga Espainiako Kultura Ministerioak urtero antolatzen dituen Literatura Sari Nazionalen barruan, narratibari dagokiona irabazi baitu Unai Elorriagak, iaz estatuko edozein hizkuntzatan idatzitako nobelarik onenekin lehian.
Benetako harribitxi bat da SPrako tranbia, lehen obra batean harrigarria den maisutasunaz idatzia. Harrigarria da gai nagusia ere, egilea gaztea izaki: agure baten eromen prozesua, izugarria izanda ere espanturik gabe kontatua; eta hunkigarria, dudarik gabe.
Gaiaren gainetik, azpimarratzekoa da sentipenak transmititzeko egileak daukan modu berezia, sentimenduez aritzeko estilo fin eta dotore hori. Protagonisten artean solasaldi txinpartatsuak topatuko ditugu, pasadizo xelebreak, erromantizismo samurrez edo sentsualtasun lotsati batez beteriko pasarteak, edo lente distortsionatu batekin ikusiagatik guztiz erreala zaigun egunerokotasun bat.
Ohartzekoa da, halaber, obraren umorea: Elorriagak ez du algara bilatzen, baina ironia mehe bat sumatzen da orriz orri, bai istorioari eta pertsonaiei dagokienez, baita hizkuntzari eta idazketari buruz ere, bere langintza ongi ezagutzen duen egilea denez jolasak, paradoxak eta bestelako keinuak tartekatzen baititu Elorriagak, idazle maiteentzako omenaldiekin batera.
Unai Elorriaga Lopez de Letona 1973ko otsailaren 14an jaio zen, Bilbon, baina Algortan bizi da betidanik. Filologian lizentziatua da eta Labayru Ikastegian egiten du beharra, itzultzaile moduan. Prentsan ere ohikoak ditu kolaborazio-lanak. Bere lehenengo nobela honen ostean, bigarrena amaitu berri du, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko idazle gazteentzako Igartza bekaren laguntzarekin, eta datorren urteko udaberrian kaleratuko du.
Kaleratutako kritikak
Unai Elorriagak literatura egiten daki, idazten daki, ondo. SPrako tranbia lehen nobela kaleratua duen arren, ofizioa du. Estu zaintzen du esan beharrekoa, eta kontakizunak hala behar duenean ere, isiltzen daki. (...) Dena ulertzen da. Ez dago hitz bat bera ere alferrik erabilia. Eta etengabe entzuten da Elorriagak nobelari jarri dion musika alai pikaroa, erritmo kitzikagarri bat, ausaridazkoa, barnean asetasun ikara sentiarazten dizuna.
SPrako tranbia Unai Elorriaga idazle gaztearen lehenego nobela da, eta lortu duen emaitza ikusita, ez ahal da azkena izango.(...) Interes handiko nobela da Unai Elorriagaren liburu hau; izan ere, pertsonaiak eta hauek egiten dituztenak kontatzeaz gain, kontaeraren garrantziaz ere arduratu da idazlea, narrazio-maila desberdinak txandakatuz eta denboraren haria apurtuz aurrera eta atzerako saltoen bidez.
SPrako tranbia eleberria istorio zoragarria da, hasi eta bukatu arte irakurriko duguna seguraski, Lucasen etxeko sofaulkian iltzaturik, mugitzeko batere gogorik gabe. Baina liburua haren erotze gozoa baino gehiago da. Liburua lerro guztietara zabaltzen den ironia eta umorea baino gehiago ere bada. Liburua berbetan sumatzen den jolasa baino gehiago ere bada. Liburua oso tonu poetikoan narraturik dago, nik uste. Paragrafo bakoitzean bada zer gozatu, zer dastatu, zer irakurri berriro. Hitza ederra da liburu honetan, ederra bezain eskuragarria
Halako batean espero ez nuen liburuarekin topo egin dut. Zentzurik onenean diot, Unai Elorriagarena nekez baino nekezago azaltzen diren liburu horietakoa baita; bitxia eta polita da. Bitxia da, gai bai gaiagatik (burua galtzen ari den gizon adintsu baten gorabeherak), bai trataeragatik ere.
Trenean nentorrela amai nezakeen, baina azken orrialdeak leku lasai batean irakurtzeko utzi ditut. Lasai diodanean, lekukorik gabeko leku bati buruz ari naiz. Liburuak lanetik etxera eta etxetik lanerako tarteetan irakurri ohi dituzuenok ulertuko didazue. Gainontzekoek ere uler dezakezue. Irakurritakoagatik negargura sentzea jendez lepo betetako bagoi batean eta aurpegiko trazari aldatzeke eusten saiatzea ez baita lan erraza. SPrako tranbia-ren azken orrialdeak bakardadean irakurri beharra sentitu dudala. Gehienek ulertuko ahal duzue! Auto-kontrol etengabean hezitakoek bai behintzat? Ausaklo! Eta hainbeste komeria, negarrarekin beharrean halako barre txiki batez aldatzeko traza liburuaren azken orriak irakurtzean. Eskertu diot Unai Elorriagari
Azken urteotako euskarazko eleberririk onenetako bat (...) gaztelaniazko hitz bitan: im-presionante.
Sekulako ustekabea izan da. Inoiz ez zait gertatu liburua hartu eta bukatu arte ezin uztea, bi egunez hausnarrean ibiltzea gero, eta berriro hartu behar izatea, goitik behera berrirakurtzeko: irudi gehiegi jirabiraka, su-festetako dir-dirrak bezala, behin eta berriro gogora etortzen. Ezin uxatu iratxo jostalariak. Gozamena.
Inpresioa egin dit handia idazlearen trebeziak, bere ausardiak, bere gaztetasunak, bere hasberritasunak. Inpresioa gisa honetako harribitxia Bilbon egoteak, gure artean. Liburua eztanda etengabea da, eztanda txikiak bata bestearen ondotik, orri bakoitzean: irudi eta ideia sorta piloa. Istoriarekin eta irakurlearekin jolasteko aparteko lana egin du egileak, behin ere ez duelako haria galtzen ez liburuak, ez irakurleak.
Azpimarragarriena da paragrafo askori darion poesia (poesiarik onena, prosaz idazten dena); pertsonaien inguruan aditzen den maitasuna, edota agure baten gainbehera psikikoa oso lerro gutxitan baina oso ondo marrazteko gaitasuna. SPrako tranbia lan honek zeresana emango du (esan nahi dut emango duela datozen urteetan). Unai Elorriagak zeresana emango du. Zorionak berari. Zorionak guri.
Jon Alonsok ere gogoeta interesgarria egin du Euskaldunon Egunkariako Seiko urrean, sari honen harira. Kritika zorrotza, gure literaturaren kudeatzaile nagusioi, irakurleoi eta daukagun panoramari orohar.
Egun hauetan bizi dugun aparraz baliatuta, gogoeta honek lagundu beza egoera zein den benetan ikustera. Bestela, bi hile barru berriz Durangon elkar ikusten dugunean, errealitate birtual batean gaudela emango du.
Unai Elorriagak orain arte 2.000 irakurle izan ditu! Atara kontuak.
Euskal Herriko egunkari eta aldizkarietan kaleratzen diren literatur lanen kritikak biltzen dihardu Susa argitaletxeak azken hiru urteotan.
Unai Elorriagarenak bezala, beste asko eta asko topatuko dituzu bertan. Aurten, dagoeneko ia 250 liburu kritika ezberdin bildu dira webgunean.
Batzuetan liburu bat irakurri aurretik jo ohi dugu kritiketara, beste zenbaitetan berriz, guk irakurritakoa besteek zelan ikusi duten jakin gura izaten dugu.
Kritikak ez dakit diren, baina testu mordo baten bilketa lanarekin segi dezake editoreak, Susak edo nahi duenak: Espainian zer esaten ari diren Elorriagaren sariaz.
ABC-n editoriala ere merezi izan du, eta Alfonso Ussiaren perla batzuk ere bai, adibidez.
Ez da kexatuko Unai Elorriaga daukan editorearekin. Zelako aztia. Mendigurenek badaki zer saltzen den liburu azoketan eta abarretan: mendizaleentzako liburuak.
Sisha Pangmarako tranbia? Amu eraginkorra irakurleentzako.