Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kooperatibista euskaldunen topaketa

Mondragon Unibertsitatearen baitan dagoen LANKI ikertegiak eta EMUN kooperatiba elkarteak Kooperatibista euskaldunen topaketa antolatu du URRIAren 17rako, osteguna, Arrasateko Amaia antzokian. Lehenengo aldiz, 700 kooperatibista euskaldun batzeko asmoz, euskaldunon bilgune izan nahi duen ekitaldia egingo da.

Badira urteak, euskara plangintza berriak lantegietan martxan jarri direla. Sekula ez da egin, ordea, plan hauen inguruan lanean ari direnen arteko elkargunerik. Ekitaldi honetan, "Kooperatibak eta euskara. Historia eta aro berri baten oinarriak" izeneko liburuaren aurkezpena egingo da, LANKI eta EMUNek bideratu duten ikerketa proiektuaren emaitza. Liburuaren aurkezpena osagaitzat harturik, jaialdi honetan, enpresetan martxan den prozesu berri honi bultzada emateko asmoz ekitaldi gogoangarri bat egiteko asmoa dago. Segidan, egitaraua:

  • Unea: Urriak 17 arratsaldeko 17´30etan.
  • Gunea: Arrasateko Amaia antzokian ekitaldia eta Uarkape frontoian mokadu-jaia. Egitaraua:"Kooperatibak eta euskara. Historia eta aro berri baten oinarriak" liburuaren aurkezpena.
  • Kooperatibetako, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkarien hitzaldiak:

-MCCko Kongresuko Lehendakaria: Juan Mari Otaegi
-Fagor Taldeko lehendakaria: Javier Gantxegi
-Eusko Jaurlaritzako HPSko ordezkaria
-Arrasateko alkatea: Xabier Zubizarreta
-Kontseiluko lehendakaria: Xabier Mendiguren
-Emuneko lehendakaria: Jesus Garmendia
-Lanki ikertegiko zuzendaria: Jon Sarasua
-Euskalaneko lehendakaria: Mikel Lezamiz.

  • Hasierako bultzatzaileei omenalditxoa.
  • Ezustekoa (ekitaldi artistiko partehartzailea): "Gero-gura"
  • Zazpiak aldera mokadu-jana Uarkapen.

Topaketa hauek kooperatibista euskaldunen topaketa zabala izan nahi dutenez, deialdi zabala luzatu da, kooperatibista eta euskaltzaleen artera.

Topaketetan aurkeztuko den Kooperatibak eta euskara liburuaren azalpen laburra jasotzen dugu ondoren.

KOOPERATIBAK ETA EUSKARA. Historia eta aro berri baten oinarriak.

"Kooperatibak eta euskara" harremana lantzen duen liburuak, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboak, bere sorreratik gaur arteko ibilbidean, euskararekiko izan duen konpromisoa aztertu eta azaltzen du. Azken kapituluan, etorkizunaren oinarriak jartzeko saio bat egiten da.

Liburua lau kapitulutan banatua dago:

  1. Arizmendiarrieta eta euskara
  2. Arrasateko kooperatiben esperientziaren eta euskararen arteko harremanaren azterketa diakronikoa.
  3. Euskara garatzeko plangintzen aro berriaren oinarri, metodo eta bilakaerak.
  4. Kooperatiben oinarri ideologikoak eta hizkuntza garapenaren tokia: euskara garatzeko plangintzen oinarritze teorikoa ikuspegi kooperatibotik.

Besterik gabe, gonbitea egiten dizuegu LANKI eta EMUNeko kideok!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu