Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
Alaba bakarra daukagu, Miren, zazpi urtekoa. Txiki-txikitandik, lagun taldetxo bat dauka eta haiekin ibiltzen da gustura. Gu lanean gabiltzanean, emakume batek zaintzen du, Bittorik.
Ni ospitaleratu eta gero, Bittoriren etxean igaro zuen Mirenek lehen gaua, Bego nirekin geratu zen eta. Orduan esan genion, telefonoz, aitatxo ospitalean zegoela analisi batzuk egiten. Begok eta biok hitz egin genuen orduan, eta Miren lasai geratu Bittorirenean.
Bigarren gauean etxean egin zuen lo, amatxorekin batera. Honek kontatu zion nola nengoen eritetxean, zelan egiten ari ziren analisiak, etab. Informazio gehiagorik ez. Gau hartan inportanteagoa zen amatxo berarekin egotea.
Miren, aitatxo gaixorik dago
Irailaren 14an, hirurok etxean lo egin ostean, Mirenek deitu egin zion amari bere ohera. Zergatik joan behar da aitatxo berriro ospitalera? galdetu zion Begori. Eta honek erantzun: Miren, aitatxo gaixorik dago. Analisiak egin dizkiote eta aurkitu diote gaitz bat, osatzen dena, baina aldi batean makal jarriko duena. Batzuetan ikusiko dugu gogo gutxirekin dabilela edo kolore txarrarekin. Eta, halako batean, ilea jausiko zaio. Baina ez larritu, berriro irtengo zaio eta. Horixe bera gertatu zaio zure gelako Garaziren nebari ere, Iñigori.
Orduan Mirenek negar egin zuen: Zergatik hau nire aitatxori eta ez beste batenari?. Begok lasaitu nahi izan zuen: Hori ez dago gure esku, laztana. Batzuetan horrela tokatzen da: zergatik jaiotzen dira ume batzuk itsu eta zu ez? Eta zergatik jaio zinen zu hemen eta ez Afrikan, non haur askok eta askok ez duten jatekorik ere? Gauzak horrela gertatzen dira.
Begok jarraitu zuen, Mirenen negar malkoak sikatu bitartean: Orain guk lagunduko diogu aitatxori makal dagoenean, zuk eta nik. Kemena emango diogu eta, ahal dugun guztian, laguntza. Eta osatzen denean, berriro irtengo zaio ilea, ostera ere hasiko da ariniketan egiten eta baita lanean ere. Bitartean, hementxe izango gaitu neska biak, laguntzeko prest.
Hortxe bukatu zen elkarrizketa. Miren lasaiago jaiki zen. Ordu pare bat geroago, Maddalen etorri zen deika, bere lagunetariko bat, plazara zihoana amatxorekin eta nebatxoarekin. Miren haiekin irten zen. Eta plazara bidean, esan zion Maddalenen amari: Nere, badakizu nire aitatxori ilea eroriko zaiola?. Eta Nerek: Bai, baina ez da inporta. Gero sekulako indarrarekin irtengo zaio berriro, ikusiko duzu!. Mirenek: Iaa, Iñigori ere horrela irten zaio, sendo-sendo eta bizar eta guzti. Poztu ginen jakin izan genuenean elkarrizketa honen berri, Miren hasia baitzen nire gaixotasunaz hitz egiten. Seinale ona, askotan gordetzekoa baita gauzak bere golkoan.
Aitatxo, dardaratan zagoz!
Lau egun ospitalean egin eta gero, egun motela izan nuen etxera etorri eta bigarrena. Hankak oraindik apur bat hazita eta burua altxa ezinda pasatu nuen.
Iluntzean, sukarrak eraginda, dar-dar batean hasi nintzen telebistaren aurrean. Miren nire alboan zegoen, sofan jarrita. Konturatu ezin nuela menderatu dardara eta jaiki egin zen. Nire iztarren gainean jarri zangalatrau eta esan zidan: aitatxo, dardaratan zagoz!. Bai, laztana, nik. Besarkatu ninduen goxo-goxo eta hasi zen arnas beroa botatzen nire lepora, bero nendin. Termalgin batek kendu zidan gero sukarra, baina nire alabaren keinuak zerua ukiarazi zidan.
Geroztik, parte hartu nahi izan du gaixotasunaren inguruko gorabeheretan: barrez lehertzen zegoen osaba Mikelek bibotea kendu zidatean. Zer feo zauzen! esaten zidan barrezka, bere bizitzan lehenengoz ikusi baininduen bibote barik. Eta kateterra estaltzen duten lotailuak aldatu behar izan ditugunean, berak egon nahi izan du aurrean, ikusteko azpian zer dagoen.
Harrezkero Miren konturatu da lasai-lasai hitz egiten dugula telefonoan, lagunek-eta deitzen dutenean. Minbizia aipatzen dugu, linfoma, kimioterapia eta beste hainbat hitz. Berdin kalean, jendearekin edo lagunekin elkartzen garenean. Badaki ez diogula ezer ezkutatzen. Baliteke oraindik egoera gogorragoak ikusi behar izatea, baina jarrera ezin hobea du eta badakigu ondo erantzungo duela.
Eta nola esan amari?
Mirenez gain, bagenuen beste ardura bat ere: noiz esan gauzak eta nola nire amari? Paula Mendizabalek 85 urte ditu eta Arrasaten bizi da, alargun azken lau urteotan. Bost seme-alaba hazi izandakoa, taupagailu bat dauka bihotz nekatuan, baina, gogoa nola, paseada luzeak edo laburrak antolatzen ditu, eta erne jarraitzen ditu bere familiakoen gorabeherak.
Lehen egunean ez nion deitu ospitaletik, artean gauza gutxi genekielako eta ni ere ez nengoelako telefonoz hitz egiteko moduan. Hurrengo egunean Fatima geratu zen esateko analisi batzuk egiten ari nintzela Galdakaon, sabelean min apur bat agertu zitzaidala eta.
Baina hirugarren egunean erabaki genuen argi esan behar geniola zer nuen. Lehenengo Fatimak esango zion, Arrasaten bertan. Ondoren, neuk deituko nion telefonoz ospitaletik. Esan eta egin. Bera izugarri poztu zen ni entzuteaz, eta gonbidatu genuen Esteiñibarren elkartzera, han, Fatimaren baserrian, luze eta zabal hitz egingo genuela.
Eta halaxe egin genuen. Eguraldi ederra egiten zuen eta ama agertu zenean, sekulako besarkada eman zidan. Jarri ginen kanpoko intxaurrondopean eta kontatu nion dena, gauza guztiak nola gertatu ziren, zer esan zidaten ospitalean eta zein zen hortik aurrerako egin beharrekoa. Ordubete eta erdi igaro genuen hitz egiten.
Amak eskertu du berari gauzak argi azaltzea eta berak ere sekulako animoak ematen dizkit aurrera egiteko. Elkartzen garen bakoitzean, gainera, bereziak izaten dira haren besarkadak eta patxoak.
Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
Erantzunak kargatzen...