Bernardo Atxaga, idazle euskaldunik ezagunena Interneten
Horretarako Google bilatzailea erabili dugu. Bernardoren izena sartu dugunean, aurkitu ditugu 5.200 emaitza, Pedro Axularren dezente gainetik, hau agertzen baita 1.650 bider.
Baina gaur egungo euskal idazleen artean ere dezente gainetik dabil Joxe Irazu. Erreferentzia gisa hartu ditugu berarekin batera Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin Berbetan liburuan agertzen diren beste lau idazleak, eta emaitzak hauek izan dira:
- Bernardo Atxagak 5.200 emaitza Google bilatzailean.
- Koldo Izagirrek, 1.300.
- Anjel Lertxundik, 863.
- Ramon Saizarbitoriak, 319.
- Joseba Sarrionaindiak, 283.
Joan den asteazkeneko ekitaldian, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eman zion saria Bernardo Atxagari Miramar jauregian. Bada lehendakaria bera askoz ere gutxiagotan agertzen da Googlen, Atxaga bera baino: 2.340 aldiz.
Bernardo Atxagaren argazkiren bat edo bere lan baten azalaren irudia jaso nahi duenak aukera bat baino gehiago aurkituko du Googlen bertan: horrelako 93 gutxi gorabehera, izena idatzi ostean irudietan sakatuz gero.
Atxaga, Euskal Herriko webetan
Bernardo Atxagak webgune ofizial bat du Ikeder agentzian, beste hainbat idazle eta artistarekin batera. Baina haren biografia aurkitu nahi duenak jo dezake "Erein" argitaletxera, edo Susara edo Euskaldunon Egunkarira. Beste argitaletxe batean, Elkarlanean izenekoan, idazlearen bost libururen berri ematen dute. Alberdanian, berriz, beste pare batean. Senez aldizkariak Atxagaren artikulu interesgarri bat du literaturaz eta itzulpengintzaz.
Atxaga atzerriko webetan
Atzerri ez da otserri Bernardo Atxagarentzat. Leku guztietan harrera ona egiten diote. Sareko liburudendarik handienean, adibidez, Amazonen liburu mordoa dituzte salgai. La Casa del Libron, berriz, Atxagaren 61 liburu eros daitezke gaztelaniaz, euskaraz, galegoz, katalanez eta ingelesez.
Horretaz gain, Atxaga agertzen da frantsesez Ricochet gazte literaturaren atarian, espainieraz Cuatrogatos haur literaturako aldizkarian, katalanez Avui egunkarian, alemanez hemen eta italieraz Café Letterario aldizkari digitalean. Eskandinavian ere badute haren berri, eta baita Balkanetan ere.
Adanen Lehen Gripea olerkia irakurri zuen Bernardo Atxagak saria jaso zuenean. Englishman honek griperik ez, baina bi word bidali nahi dizkio: congratulations, bihotz-bihotzetik!
Erantzunak kargatzen...