Goenkale bere jarraitzailentzat dagoeneko sarean
ETBn arrakasta handiena lortu duen telesaila da Goenkale, 1500 kapitulutik gora emitituak izan direlarik. Horregatik, eta bere jarraitzaileak omendu nahian, www.eitb.com/goenkale helbidean topa daiteke Goenkaleren webgunea : bertan erabiltzaileek telesaila honen inguruko informazio zabala topa ahal izango dute.
Erabiltzaileek nahi duten informazioa eskura edukitzeko diseinatua izan da Goenkaleko webgunea, egunerokotasunezko gaiak eta telesailaren ikuspegi historiko bat lortzeko beharrezkoak diren elementuak elkar lotuz.
Webguneko atalik maitatuena dudarik gabe, Pertsonaiak atala da. Bertan telesaileko protagonistak eta haien atzean ezkutatzen den aktorea ezagutzeko parada izango dute erabiltzaileek.
Oroitzapenerako lekua ere badu webguneak. Goenkale urtez urte atalean iragan denboraldietako laburpena egongo da eskuragarri eta denboraldi bakoitzeko momenturik onenak eskeiniko dira bideo streaming formatoan.
Herri askok bezala, Arraldek ere bere aldizkari elektronikoa aurkezten digu Goenkaleko webgunean. Horrela eskatuz gero, hilero jaso ahal izango dute erabiltzaileek Arralde News aldizkari elektronikoa bere postontzian, Arralden gertatzear dauden gertakarien berri emanez.
Multimedia elementuen artean ikusgura berezia sortzen du Ikusten ez duzuna... atalak; bertan, telebista pantailara iritsi ez diren hainbat eskena berezi topatuko ditugu: irribarrea, ziurtaturik.
Bestalde, webguneko erabiltzaileek aukera izango dute telesaileko gidoilariei kontseiluak edo ideiak emateko Zu ere gidoilari atalean, bai proposamenak luzatuz, bai Inkesta atalean parte hartuz.
Telesaileko ikusleen eta Goenkaleko pertsonaien arteko hartu emanak bideratzeko elementuak baditu webguneak: Goenkaleko pertsonaiekin zuzenean solasean aritzeko aukera izango dute erabiltzaileek Solasgunea-ren bitartez. Bestalde, hilabetero pertsonaia bat izango dugu webgunean erabiltzaileen galderei erantzuteko prest, Galdeiozu! atalean hain zuzen ere.
Azken batean, Europa hegoaldeko telesaila luzeena izaten lagundu duten jarraitzaile guztien topagunea izan nahi du webgunea.
Erantzunak kargatzen...