Zelan Barakaldotik Txina kontrolatu
2002-10-01 13:10
Itziar Unzuetak eta Benito Badiolak gaur egun munduan diren negutegirik modernoenak jartzen dihardute Chengdunen (Txina), sei milioi euroren inbertsioaz eta hainbat enpresa handiren aurka buru-belarri lehiatu ondoren.
Bikote honek burututako negutegi-sistema hau automatikoki kontrolatzen da ordenadorez eta telebistaz (webcam) begiztatu. Eta ez Chengdunetik bertatik bakarrik, baita enpresak berak Barakaldoko Industria Elkartegian duen egoitzatik edota munduko beste edozein lekutatik ere, Internetek eskaintzen dituen aukerak tarteko.
Itziar barakaldoarra fisikaria da eta Benito durangoarra, berriz, ingeniari elektronikoa. Biek elkar ezagutu zuten Arrasateko Eskola Politeknikoan maisu-lanetan lehenik eta Ikerlan zentru teknologikoan gero.
1989 urtean Inkoa enpresa sortu zuten eta azken hamabi urteotan telnologiarik aurreratuena elkarrekin landu ostean beraiek burututako negutegi "hidroponikoak" (substrato artifizialean egindako landare-kultiboa) indarrean daude honezkero Maroko, Txile, Brasil eta Argentinan.
Ez da gero erraza jakitea zein den bikote honen meriturik handiena: Irakasletzaren segurtasuna utzi eta merkatu-lehiaren ziburuan hastea edo unibertsitatean ikasi zutenaz lasai bizi beharrean eten gabeko ikerkuntzan abiatzea. Edozein modutan, adore eta kemenak behar dira gero Euskal Herritik 12.000 kilometrora, Txinaren barne-muinean eta txineraz baino ez dakien jendartean, lehian aritzeko.
Segurutik enpresariak ditugu gaur egun euskal enbaxadorerik onenak. Inoiz arrantzaleak, marinelak edo misiolariak izan ziren bezalaxe, orain gizon-emakume industriariak dira gure ordezkaririk apartekoenak.
Erantzunak kargatzen...