Lau egun egin ditut Galdakaoko ospitalean, kimioterapia hartzen. Hasiera izan da, lehen zikloaren hastapena. Orain etxean nago, indarrak berreskuratzen eta neure burua prestatzen, bigarren aldirako. Hementxe duzue esperientzia labur honen kontakizuna, argazki eta guzti.
Joan den irailaren 11n linfoma bat aurkitu zidaten, nire defentsa sisteman eragiten duen minbizi mota bat. Egun batzuk geroago, Sustatun atera nuen haren kontakizuna. Harrezkero, mezu asko jaso ditut animoak ematen, bai artikulu hartan eta baita eskerrak emateko idatzi nuenaren ostean ere. Eskerrik asko denoi berriro ere, zuen animoek suspertu egiten naute eta. Ordainetan, kontatuko dizuet nola joan zaidan lehen astea ospitalean.
Diagnostikoa
Astelehenean joan nintzenean Galdakaora tratamendua hartzera, medikuek oraindik ez zekiten zein linfoma mota dudan justu-justu. Badakite ez dela Hodgkins erakoa. Baina horren barruan, bi aukera daude:
Hala ere, gerta liteke ez bata eta ez bestea izatea. Kasu horretan, gogortu egin beharko litzateke tratamendua, badaezpada. Dena dela, bestelako luzamentu barik, hasi naiz tratamenduan, Mantle linfoma banu bezala. Aurrera egin ahala, ezer aldatu behar izanez gero, egingo genituzke aldaketak.
Tratamendua
Astelehenean bertan jarri ninduten kimioterapian. Gela berezi batean sartu ninduten, ni bakarrik aire girotu sistema berezi batekin, infekziorik-eta ez hartzeko. Hau horrela egiten omen dute, zeren kimioterapia oso toxikoa baita eta izugarri beheratzen du gaixoaren defentsa sistema.
Kimioa likido bidez sartzen denez, ezker besoko kateterra prestatu zidaten eta hodi mordo batera lotu. Beraz, han izan naizen lau egunetan, aldioro lotuta egon naiz gurpildun zutoin bati, goian hainbat poltsa bete likido eusten zituena. Hura izan dut bidelagun gela barruan eta baita korridoreetan ere.
Kimioa bera egunean bi aldiz sartzen zidaten: goizeko ordubatean eta arratsaldeko bostetan, hiru sendagai erabilita: vincristina, ciclofosfamida eta adriamicina.
Hiru sendagai hauek oso toxikoak dira eta bigarren mailako ondorioak eragiten dituzte: goragaleak, urdaileko minak eta ilea jaustea, besteak beste. Horregatik, beste hainbat botika ematen zidaten, ondorio horietatik babesteko, horiek ere suero bidez.
Guztira hamar bat litro sartzen zidaten egunean, botika, ura eta suero artean. Beraz, joan-etorri mordoa egin ditut komunera. Eta komunean ere kontu handiz ibili behar izan dut: txiza egin ostean, bonbari eragin eta lixiba bota behar izaten nuen bai komunean eta baita txiza neurtzeko ontzian. Laguntzailerik banu, eskularruak jantzi beharko lituzke eta mozorro bat, babes gisa.
Zertan igaro egunak
Nire kasuan, oso ondo igaro ditut lau egunok. Apenas izan dut bigarren mailako ondorio txarrik. Ahuldadea, hori bai, zorabio puntua noiz edo behin, bihotzerre apur bat behin eta, bukaeran, hankak handituta, atxikitako likidoak eraginda. Bestela, primeran.
Eta ondorio onen artean, hauxe aipagarriena: lehen handituta nuen barea, baina lau egunotan dezente txikitu zait, heren bat edo. Medikuaren esanetan, horrek esan nahi du oso ondo erantzun diola tratamenduari.
Beraz, astia izan dut irakurtzeko, goizetan irratia entzun, iluntzean telebista apur bat ikusi, egunean zehar Begorekin edo bisitariekin hitz egin eta egunean behin edo, paseatzeko Hematologia solairuko korridorean.
Aupa Joxe! saioa
Egunean hiru aldiz, begiak itxi eta lasaitze saioak egiten nituen, batez ere animoak emateko nire buruari. Deitzen nion Aupa, Joxe! saioa.
Lehenengo eta behin, leku lasai batean irudikatzen nuen neure burua, gehienetan Txillida-lekun, uda honetan han izan ginenean, toki ederra eta benetan lasaigarria iruditu zitzaidan eta.
Ondoren, ispilu baten aurrean irudikatzen nuen neure burua, irribarretsu, baikor eta pozik. Eta irudikatzen nuen kimioa ari zitzaidala odola garbitzen eta hezur muinak osatzen, eta barea gero eta hobeto nuela, gainerako organoak bezala. Eta ez nuela ilerik galtzen.
Eta saioa amaitzeko, gogora ekartzen nituen han eta hemen jasotako animoak, eta bereziki Sustatun jaso ditudanak. Egin aurrera esaten nion neure buruari, merezi dik eta!.
Saio hauek kemena eman didate, eta lasaitasuna. Uste dut horrelako egoeretan oso ondo datozela. Lehenengo aldiz hasi naiz horrelakoak egiten, eta pozik nago.
Sexua, lagunak kutsatzeko arriskua eta porrua
Minbizia dela eta, galdera asko sortu zitzaizkigun. Horietako bat zen sexu harremanen gainekoa. Medikuak esan zigun normaltasunez jokatzeko, minbiziak ez omen du-eta arazorik sortzen horretarako. Besterik da gogorik izango duzun edo ez, tratamenduan ari zaren bitartean .
Lagunak kutsatzeko arriskurik ere ez dagoela esan zigun. Minbizia ez dela transmititzen, beste gaixotasun batzuen moduan. Nik hainbat infekzio harrapa ditzakedala, defentsak behean ditudanean, zenbait birus oportunistak eraso egin diezadaketelako, baina birus horiek ez dutela indarrik sano bizi den pertsona bati erasotzeko. Beraz, alde horretatik ere, ez mugatzeko harremanak.
Medikuak ez, baina zenbait lagunek esan didate, bai Arrasaten eta baita Elorrion ere, porrua oso egokia izan daitekeela eramangarriago egiteko kimioaren ondorio txarrak eta, behar izanez gero, prest daudela behar dudana lortzeko. Oraingoz ez dut horren beharrik izan eta aurrerantzean ere ez dakit horren premian izango naizen, baina edozein modutan, kontuan izango dut gomendio hori.
Orain hamazazpi egun etxean
Hamazazpi egun igaroko ditut etxean orain, indarberritzen. Urriaren 3an Galdakaora joango naiz analisi batzuk egin eta kimio saio bat hartzeko, baina egun berean itzuliko naiz.
Aurrera begira, sei-zortzi hilabeteko tratamendua izango dut, erabat osatu aurretik.
Ondo segi denok.
Maite zaituztet.
Aupa Joxe! Irakurri dot zeure kronika eta aitortu behar dut, lehenengo xehetasunek tripalarri pixkat sortu arazi didatela, baina zure idazkera animoso horrek, nere kasuan ere, terapia moduan funtzionatu duela.
Medikuntza arloko zehaztasunek, ikusi barik ere, atzera egitea ekartzen dute kasu gehienetan. Ohitura kontua izango da. Hala ere, eskertzekoa da, zuzenean bizitzen ari den baten ahotik horrelako gauzak entzutea (ospitalean egon ginan moduan) edo Sustatun irakurri ahal izatea.
Adituak egingo garen ez dakit, baina horrelako egoera batean dagoen pertsona batek jasan behar dituenak hobeto ulertzen lagunduko digute bai zure kronikek.
Aprobetxatu hamazazpi egunak segi ezazu horren animoso.
Muxu handi bat
Marijo
Ni nahiko makala nok gaixotasun kontuetan baina hire kontatzeko moduak beste modu baten ikusteko aukera eman jostak. Lehengoan ere esan nostan makaleko zortea daukakela. Argazkia ikusi besterik ez jaok hori baieztatzeko. Biok alkarrekin eta irrifartsu. Asko poztu nintzuan Josefek bidalitako gorantziak jasotzian. Ea laster elkarikusteko aukera dugun. Elorrixora gustura joango nok zuei bisitatxo bat egitera. Gogorik ez badaukak esaidak eta ulertuko juat. Bittartian besarkada haundi bat nire eta nire etxeko andren partez.
Goizeko 3ak dira, eta ospitalean nago lanean. Sustatun sartu naiz zure berrian bila eta... Egia esan krixton emozioa sortzen dit zure esperientzik irakurtzek. Gure inguruan ez da oso normala zu bezelakoak aurkitzea. Seguru nago gaindituko dezula. Besarkadak zuretzat, Bego eta Mirenentzak eta oso berezia Ama Paularentzat.
Kaixo Joxe. Gaur jakin dut zure gaitzarena eta, benetan, jota utzi nau, korapilloa eztarrian eta begiak gorrituta. Azkenerako ordea, zeure hitzek eta zeure kontaketak berak animatu nau eta hobeto sentiarazi. Bistan da indartsu zaudela, aurrera egiteko gogo eta ilusioarekin. Horrela hobe. Besarkada bero bat eta animo.
>Lehenengo aldiz irakurri nauenien malkuek begixetan nituela ibili nitzuan. Gaurkuen, irribarrez jardun juat.
Etxak hire modukorik! AUPA JOXE!