Sustatu logoa Teknologia albisteak

Interneteko komunikazioa hotza dela?

Luistxo Fernandez - Sustatu
2002-09-25 11:09

Nere ustez ebidentziak erakusten du komunikazio mota hau ez dela hotza inondik inora.

Hau esaten dut ez bakarrik joan den astelehenean Joxe Arantzabalek hemen utzi zuen testigantzarengatik. Sustatun apur bat tratatu den beste kontu bategatik ere nabaritu dut jendea hunkitzeko ze indarra duen Internetek: bi bakezale biluzien atxiloketa Bilbon. Kasu horretan ere, bereziki atxilotuetako batek eta haren anaiak Internet bidez zabaldutako testigantzak kontzientziak harrotu eta malkoak eragin dituela ere ikusi dut toki batean baino gehiagotan, adibidez Indymedia-n, edo Diaspora Vasca eta Eibartarrak posta-zerrendetan.

Bilboko gizon biluzien kasua

Oier Gorosabel eta bere lagunaren kasuan gainera, komunikazio eta hedapen tresna handia gertatu da sarea. Ez kasualitatez, baizik eta Oierrek berak Internet bidez sare-pertsonal handiak eginda zeuzkalako atxilotu aurretik. Sare horietan geundenak ere harrapatuta sentitu gara, modu batean edo bestean, eta batzuek eta besteek egindakoarekin, apur bat haren mezua hedatzea lortu da. Askatuko ahal ditugu kartzelatik eta gezurretatik!

Oierren Interneteko lagun-sareak bezalaxe, Sustatu ere, nolabait, pertsona-sare bat ere bada, difusoagoa bada ere, eta hori ere sorpresa bat izan da neretzat. Bereziki, Plaentxiko mutil batek utzi zuen mezuak ukitu ninduen ni Joxeri emandako erantzunetan.

Joxeren errekorrak

Sustatun marka bat ezarri du Joxe Arantzabalek. Kopuruetan ere bai. Gutxi gora-behera, eguneko mila bisitari izaten dira lanegunetan albistegi honetan. Joxe Arantzabalek bere testigantza utzi zuenean, bikoiztu egin zen kopuru hori, eta ez egun bakarrerako gainera.

Erantzun gehien izan duen albistea ere horixe izan da, diferentzia galantarekin. Hainbeste jaso ditu non, behingoz (lehenbiziko aldiz, eta batek dakit noiz arte ez den errepikatuko fenomenoa), Sustatu-ren diseinuan aurreikusitako funtzionalitate bat automatikoki martxan jarri den: 50 erantzunetik gora daudenean, erantzunen testua ezkutatu egiten da, eta izenburua bakarrik geratzen da albiste nagusiaren orrian.

Asereje?

Hala ere, horra datu kurioso bat: itxura guztia du aurten beste albiste baten orria izango dela Sustatuko notizia klikatuena, ez Joxe Arantzabalena. Eta zein albiste da hori? Asereje deje... ...petabyte, terabyte Eta zein da albiste horren interesa? Ba interes askorik beharbada ez (barkatuko dit Iban Arantzabal editoreak), baina kasualitatez, Google bilatzailean Asereje bilatuz gero emaitzen lehen orrian Sustatuko horixe agertzen da, eta horren ondorioz egunero 100 edo 150 bisitari datoz Googletik Sustatura, asereje kantatzen ikasteko esperantzarekin-edo.

Eta noski, komunikazio elektronikoa hotza dela deritzon lagunari, besarkada bat. Ikuspegiak mila, eta zeurea edo neurea biak izan daitezke zuzenak. Eta ikuspuntu horiek medio honetatik dugun trukatzeko modua ere balio handikoa iruditzen zait.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu