Sustatu logoa Teknologia albisteak

Juaristik dio ikurriña dela ETAren sinboloa

Dick Turpin - Izaro
2002-09-23 13:09

Jon Juaristik adierazi du urriaren 19an Basta Ya eta Ermuko Foroa elkarteek Donostian antolaturiko manifestaldia izango dela “nazionalismoaren kontrakoa” eta dei egin die euskaldunei parte har dezaten kale agerraldian, Espainiako banderak eramanda. Hala ere, ez zaio gaizki iruditzen bandera hori-gorrien ondoan ikurriña batzuk ere agertzea, “zeren ikurriña bera bakarrik nazionalismoaren eta ETAren sinboloa baita”.

Jon Juaristik egin ditu adierazpen hauek jardunaldi batzuetan —“Nazioarteko terrorismoa XXI. mendean”—, Jacan, Zaragozako Akademia Militarrak eta Zaragozako Unibertsitateak antolatuta. Honen berri gehiago jakin nahi duzuenok hemen saka dezakezue.

Esquerra Republicanak eta Eusko Alkartasunak eskatu dute Jon Juaristiren dimisioa, honen adierazpenak entzun bezain laster.

Jon Juaristi

Biografia oparoa du Jon Juaristik. ETAko militante izatetik Cervantes Institutuko buru izatera igaro da. Haren biografiaz gehiago jakin nahi izanez gero, egin klik hemen. Bere lanek, hauek adibidez, oihartzun handia izan dute Espainiako hedabideetan. Euskal Herrian, berriz, hautsak harrotu ditu behin baino gehiagotan. Bi adibide:

Libertad Digital albistariak honela goratzen du Jon Juaristiren lana: “Interesgarria da irakurtzea Juaristiren erabateko kritika Sabino Aranak nazionalistei ezarritako pentsamenduari, azken hau funts historikorik gabea eta bizkaitarraren kapritxoetan oinarritua. Aranismoa gutxienez barregarri bihurtzen da Juaristiren analisiaren ostean”.

Bernardo Atxaga euskal idazleak, hauxe esaten du Jon Juaristiren gainean Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin Berbetan liburuaren 29. orrialdean: “Juaristi, nik uste, gizon bikoitza da. Alde batetik oso gizon maitagarria da, oso atsegina, aurrez aurre bihotza emango lukeen horietakoa.

“Baina Unamunoren ondorengo gehienek bezala, mamuak ditu barnean eta astindu egiten ditu. Baina mamu horiek Unamuno gaur egunean den bezain anakronikoak dira. Juaristik ez ditu bere mamuak sekula menperatuko. Ezin zaie irabazi, anakronikoak dira eta.

“Juaristi balio handiko gizona da, baina bere mamuek ez diote aterabiderik ematen, bere espiral intelektuala beherakoa da eta ez gorakoa. Hogeita hamar urte zituenean orain baino pertsona interesgarriagoa zen, intelektual interesgarriagoa ere bai”.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu