Elay-k lehendabiziko "Bai Euskarari" ziurtagiria, "Guk Zerbitzua" eta "Lana Euskaraz"jaso du
Ekitaldian beste lagun batzuk ere izan dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduraduna, Roberto Gutierrez, Elhuyar Fundazioaren lehendakaria, Inaki Irazabalbeitia eta Elayko langileen ordezkaria, Isidoro Blanco.
Bai Euskarari Ziurtagiria gizarte eragileek euskararekin hartutako konpromisoaren adierazlea da. Gogoratuko denez, 1998an ehunka gizarte eragilek izenpetu zuten Bai Euskarari Akordioa. Gizarte eragileek Kontseilua esku utzi zuten konpromiso prozesu horren jarraipena, eta Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez kreditatzen du gizartea eragileak euskararen normalizazio bidean egiten ari diren urratsak.
Bai Euskarari Ziurtagiriak hiru maila ditu, eta maila bakoitzak bere eskakizunak. Bai Euskarari Ziurtagiria Bidean, adibidez, euskararen normalizaziorako gutxieneko neurriak garatzen ari diren erakundeek jasotzen dute.
Horrez gainera zerbitzua euskaraz eskaintzen duten erakundeek, berriz, Bai Euskarari Ziurtagiria Guk Zerbitzua Euskaraz eskura dezakete. Hirugarren maila, Guk Zerbitzua eta Lana Euskaraz izenekoa, aipatu baldintza guztiak betetzeaz gain barne harremanak ere euskaraz dituzten eragileei dago zuzendua.
Nabarmentzekoa da Elay enpresak jaso duela lehendabiziko Bai Euskarari Ziurtagiria Guk Zerbitzua eta Lana Euskaraz. Xabier Mendigurenek esan duenez, enpresa horrek azken urteotan egindako lana eredugarria da hizkuntz normalizazioa bultzatu nahi duten guztientzat: Euskararen normalizazioa lelo bat izatetik errealitate bilakatzeko urrats sendo eta eraginkorrak egin ditu Elayk. Lana euskaraz egiteko borondate garbia erakutsi du eta emaitzak begi-bistakoak dira. Horregatik, Kontseiluaren izenean zorionak eman nahi dizkiogu enpresa osatzen duten guztiei. Ildo beretik, gaur egun kalitatezko zerbitzua eskaini nahi duten enpresek bertako hizkuntza nahitaez aintzat hartu behar dutela azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak: Ezinezkoa da kalitatezko zerbitzua bermatzea euskara bazterrean utzita. Enpresak ere jabetu dira horretaz, azken urteotan nabarmen areagotu baita euskararekiko sentiberatasuna. Gizarteak berak eskatu du euskara egunerorako eta bizitzaren arlo guztietarako izatea. Enpresek ere badakite euskarazko zerbitzua eskaini ezean hanka-motz dabiltzala, eta hemen inork ez du atzean gelditu nahi.
Elayk orain dela hamar urte ekin zion euskalduntze planari, Elhuyarren laguntza teknikoarekin. Ibilbide horren nondik norakoak Miel Guridi Elhuyarreko teknikariak azaldu ditu. Guridik esan duenez, normalizazio prozesu horretan funtsezkoa izan da enpresa osatzen duen giza talde osoaren (jabeen, kudeatzaile eta langile) adostasuna eta konpromisoa. Izan ere, zuzendaritzak ahalegin handia egin du plana finantzatzen, eta langileek ordu asko eta gogo handia jarri dituzte lan harremanak erabat euskalduntzeko. Azkenik, Santi Zabaletak Elayren bide bera jorratzera animatu ditu gainerako enpresak. Elayko Kontseilari Ordezkariak adierazi duenez: Eredua sortuta dago eta badabil, baina badakigu euskararen bidea guztiz normalizatzeko gure inguruko enpresek ere bide berari ekin behar diotela. Eta lan munduan euskara normalizatzen bada, gizartean ere normalizatzeko atarian egongo da. Lan munduan gertatu den bezala, beharbada gizartean ere elkar hobeto ulertzen eta hobeto komunikatzen lagunduko digu euskara normalizatzeko prozesuak.
Erantzunak kargatzen...