Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zumaian berriz ere BALEIKE

Xabier Azkue - Baleike
2002-07-23 14:07

Euskarazko prentsaren inguruko berri denak ez dira txarrak, zorionez. Izan ere, BALEIKE, Zumaiako aldizkaria, berriz ere abian jartzea lortu dugu eta hainbat berritasunekin dator, gainera: doan banatuko da (harpidedun eta bazkideen artean), hilean behin aterako da aurrerantzean eta formatu txikiagoa izango du. Zenbaki berezi hau, duela 8 urte lehen zenbakiarekin egin genuen bezalaxe, herriko postontzi guztietan banatu da (3.500 ale).

Azken 4 hilabeteei begiratuta, hogei lagun inguru elkartu ginen martxoaren 23an egindako bileran. Aldizkariaren izaera eta bilakaerari buruz hausnarketa egin genuen eta baita zenbait ondorio atera ere:

  • Hamabostekaria izateak ez zuen aurrerapausorik ekarri.
  • Herrian ahalik eta gehien zabaltzea komeniko litzateke.
  • Kultur elkarte sendo bat bultzatzea oso garrantzitsua da.

Gainera, aldizkaria berriz ere lehenbailehen martxan jartzeko ahalegina egin beharra zegoela ikusi genuen, horretarako prest zegoen jendea elkartzen bazen, behintzat. Izan ere, zenbat eta eten handiagoa izan gero eta zailago izango litzateke lehengo baldintzak eta laguntzak izatea.

Lehen bilera mamitsu haren ondoren, beste bileratxo batzuk etorri ziren, eta bi lan-taldetan banantzea erabaki genuen, lana hobeto egin ahal izateko. Batek, aldizkaria martxan jarri ahal izateko proiektu berria landu du, urte bukaera bitartean 6 aldizkari ateratzea ahalbidetuko diguna: bideragarritasuna aztertu, itxura eta edukiak zehaztu, jendea lotu... Beste lan-taldea kultur elkartearen ideia lantzen ari da: zer egingo beharko duen, nola funtzionatu...

Baleike kultur elkartea ere mamitzen ari da

Lehendik ere juridikoki eratuta zegoen Baleike kultur elkartea, baina orain artean ez zuen elkarte bezala funtzionatzen. Orain erronka horixe da: "benetako" mugimendua eta dinamika sortzea elkartearen inguruan. Lehen egitekoa herriko kultura eta taldeak aztertzea izan da, hutsuneak eta gabeziak non dauden antzemateko. Lehendik dauden taldeei lagundu eta kultur eskaintza zabal eta duin bat osatzen laguntzea da Baleike kultur elkartearen helburu nagusia.

Datozen hilabeteetan aldizkaria indartu eta kultur elkartea bera ere sendotzea espero dugu. Guztion artean baleike!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu