Epaile euskaldun asko ez dago eta dauden apurretako bat da Nekane San Miguel (Arrasate, 1953). Egun Bizkaiko Auzitegiko Magistratua, Pontevedrako Cangas de Morrazon hasi zen epaile moduan. Tolosan ere jardun zuen urte batzuetan. 70eko hamarkadan euskara irakasle izandakoa da eta Bergarako UNEDen zuzenbide eskolak eman zituen. Sustatun elkarrizketa luze bat irakur dezakezu gaurkotasuneko hainbat konturen gainean.
Justizia eta politika izan duzue mintzagai Oñatiko Unibertsitatean antolatu diren jardunaldietan. Politikaren judizializazioaz eta justiziaren politizazioaz jardun duzue, besteak beste. Politizatuta dago justizia?
Justizia eta politika beti joan dira lotuta, nahiz eta maiz hori ukatu: zer dago politikoagorik, gure aurrera ekartzen duten eta etortzen diren hiritarren giza-eskubideei buruz egunero hartzen ditugun erabakiak baino? Zer dago politikoagorik aplikatu beharreko printzipioen artean kontraesana dagoenean, bat edo bestea aukeratzerakoan? Zer dago politikoagorik, Zuzenbide Estatua deitzen denaren arteko aginteen tentsioetan epaileek joka dezaketen papera baino? Zer, hiritarrak exekutiboen organo batzuetatik jasan ditzaketen gehiegikerietatik babesteko eskakizunen aurrean epaileak eman dezakeen ebazpena baino? Eta, horrekin guztiarekin lotuta doazen epaileen independentzia eta partzialtasun eza ere dudarik ez dago politikoa denik, eta independentzia hori mantentzeko tresna juridikorik dagoen ala ez ere. Ezinezkoa da lerro hauetan inguru horretan mugitzen den guztia azaltzea.
Hala ere, Espainian botereen benetako banaketa ez dela ematen salatu dute alderdi batzuk. Exekutiboa eta judiziala eskutik doazela edo azken hau haren menpe dagoela. Zer diozu horri buruz?
Jendeak maiz esaten du "justizia politizatuta dagoela", baina ez hainbeste nik diodan zentzu honetan, epaileoi exekutiboak edo hedabideek, zer egin eta zer ez, aginduko baligute moduan baizik. Kontu hau guztia askoz ere sakonago eta zorrotzagoa da, "fin eta mehe josi" behar da. Nik ez dut ezagutzen aginte exekutiboak epaile bati hau edo bestea egiteko agindu dionik. Epaileok independentziaz aritzeko baldintza objektiboak eta subjektiboak daude, eta hori araututa dago, eta arau horiek aztertu behar dira, bai edukian, bai betetzen diren ala ez, eta nola betetzen diren.
Azken hilabeteotako kontua da Alderdien Lege berria, Batasuna legez kanpo uzteko Espainiako Kongresuak onartu berri duen legea. Legeari buruz zer edo zer esatekorik bai?
Orain arte 54/1978 legea egon da indarrean eta nik uste dut nahikoa zela bere sei artikuluetan ezarritako araudia, Espainiako Konstituzioan dakarren askatasun hori bermatzeko. Horregatik, uste dut ez zela beharrezkoa eta ni baino adituago diren epaile, irakasle eta politiko ugarik kritika zorrotzak egin dizkiote lege honi. Horretaz gain, Europa aldeko abokatu eta hainbat epaile oso kezkatuta agertu zaizkigu lege honen edukia dela eta. A! dena den, nik ez daukat hain garbi arau hau Batasuna legez kanpo uzteko egin den, edo beste asmo batzuekin , nahiago dut aztia ez izatea baina laino beltzak agertzen dira lege honek margotzen duen zeru ertzean.
Euskara eta gaztelera ofizialak dira Euskal Autonomi Erkidegoan. Horrek esan nahi du hemen bizi den orok eduki behar duela euskaraz eta gazteleraz jarduteko eskubidea eta aukera. Hori, baina, beste hainbat arlotan gertatzen den moduan, justizia-administrazioan ere ez da betetzen, ezta?
Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan ofizialkidetasun hori aipatzen da, baina ez da definitzen. Geroago, Euskal Autonomi Erkidegoak araututako Normalizazio Legearen aurka Auzitegi Konstituzionalaren aurrean egin zen helegiteari buruz erabakitzeko orduan, Auzitegi horrek ofizialkidetasun hori zertan datzan azaltzen du, eta justu horixe da: ez bakarrik jardutekoa, aginteetatik euskaraz zein gazteleraz zerbitzua jasotzeko eskubidea ere osatzen du ofizialkidetasun horrek. Baina aurrerago, eta kontu honi buruz, hainbat ebazpen eman dira, bai hemengo kontuak direla eta, bai Katalunia edo Galiziari begiratuta. Aginte eta Administrazioaren betebehar hori ez du administrazioan aritzen garenon obligazio edo betebehar bilakatzen, eta hor dago koskarik handienetarikoa: nola bermatu eskubidea, zerbitzua emateko gaudenok ez badugu inolako obligaziorik hizkuntza hori jakiteko ere. Ba, borondate hutsean oinarritu behar..., eta borondatearekin badakigu zer gertatzen den.
Ez dakit, baina hori bai doala gizartearen bilakaerarekin, jarrerarekin eta abar. Zein jende mota sartzen den lan horretara, zein jarrera hartzen duen. Nik, dena den, arazo honen aurrean dagozkien erantzukizunak banatu behar direla uste dut: zenbat abokatu dira euskaldunak, eta euskaldunak izanik, zenbat demanda, salaketa, eskakizun aurkezten dira euskaraz... Gogorra da egunero frogatzea, euskara epaitegietan anekdota hutsa dela, baina ez epaile edo fiskalen aldetik dauden jarrerak direla eta bakarrik, ez jauna, hiritar eta abokatu euskaldun gehienak ez dutelako ezta hitz egiten ere epaitegietan, funtzionario euskaldunak ere lehen hitza erdara erabiltzen dutelako, eta harrigarri egingo bazaizu ere, euskara erabiltzeagatik, "diru gehiago ordaintzea" eskatzen duten funtzionarioak ere badirelako..., eta bitartean.... Hizkuntza bat ez da normala militantziaz egiten denean, baina ez dakit militantzia baino beste biderik dagoen gure hizkuntza hau arrera ateratzeko eta, hala ere, nire zalantzak dauzkat, bai justizia administrazioan bai gizarte mailan ere.
Justizia Jaurlaritzaren esku dagoenetik hobera egin da kontu honetan?
Justizia ez dago Jaurlaritzaren esku, EAEko gobernuaren eskumena baliabide material eta funtzionarioen kudeaketara mugatzen da: funtzionarioek gorputz estatala izaten jarraitzen dute eta idazkariak Espainiako Justizia Ministerioaren menpe daude; fiskalak ere hala eta epaileok Espainiako Aginte Judizialarenean. Gero forentseak daude, polizia judiziala.., bakoitza bere aldetik. Ez da kontu erraza, ez euskarari begira, ez aginte judizialaren independentziari begira, ezta beste arazo xumeagoei begira ere.
Eta itzultzaileak?
Nork bere herrian agintearekin itzultzaile bidez ulertarazi beharra iraingarria da, baina egoera halakoa da. Dena den, nik beti diot, ofizialak diren bi hizkuntzetatik bat ez dakienarendako dela itzultzailea eta ez, biak jakinik, bat egitea aukeratzen duenarendako.
Hizkuntza arazoak Katalunian eta Galizian ere gertatzen dira, ala han katalana eta galegoa normal erabiltzen dira?
Ez dira normal erabiltzen, baina ez dira hainbeste arazo sortzen: batetik, hizkuntza horiek gaztelerarekin antz gehiago dutenez, errazago eta azkarrago ulertzen dira; bestetik, egoera politikoan gure arazoek duten eragina ere kontu hauetan nabaritzen delako.
Euskara kontuak alde batera lagata, zelako kontuak tokatzen zaizu epaitzea sarrien?
Euskararen kontua lagatze hori, ez dakit orain beste zerbaitetan sartu behar dudalako den, edo euskara kontuak nire lanean nagusi direla pentsatzen duzulako: horri buruz dudan jarrera dela-eta izango naiz ezagunago, baina eguneroko lanean, euskara erabiltzeko aukera gutxi ditut, eta horren arrazoiaz lerro luze asko esan eta idatz daitezke Nire eguneroko lana zigor arlokoa denez eta Entzutegi batean gainera, delitu eta delitugileekin zerikusia duen oro, bai epaiketak, bai beste epaitegietan ematen diren ebazpenen aurka etortzen diren helegiteak aztertu eta abar, eta epaiketetan, gehien agertzen zaiguna, legez kanpoko droga munduari lotuta dator.
Erraza da euskarak epaitegietan duen presentzia anekdotikoa dela-ta, erantzukizuna abokatu euskaldunei botatzea, demandak-eta euskaraz aurkezten ez dituztelako.
Nire esperientzia euskarazko idatziak aurkeztu ditudanean:
- euskaraz aurkezten diren idatzi guztiak itzultzailearen eskuetatik pasa behar dira lehenengo, harek gazteleratzeko. Itzultzaileak, sarritan, ez daude oso jantziak Zuzenbide munduan. Behin itzultzaile batek ia nik gaztelerazko bertsioa emango nion galdetu zidan, lana errazteko.
- euskaraz aurkezten eta eramaten diren prozedurek askoz ere denbora gehiago behar dute tramitatzeko, den-dena itzuli behar delako. Eta hori ez da ez abokatuaren ez bezeroaren gustoko, denok nahiago dugulako gure litigioak berez izango dituen zailtasunak ez areagotzea.
- euskaraz eta hortaz itzultzailearekin aritu garen bakoitzean epaitegietan, absurdoa, gaztelerara itzultzen dena guztiok ulertzen dugulako, idazkari eta epaileen mespretxua jaso dugu hizkuntzarekiko: "usted tiene el derecho de hablar en euskara, pero yo, que soy el secretario o el juez, no tengo obligación de hacerlo". Eta legez arrazoia daukate.
- atxilotu batek euskaraz deklaratu nahi duenean gutxienez bi ordu gehiago egon behar du atxilotuta, itzultzailea etorri arte.
Horrelako adibideak milaka. Euskara epaitegietan traba egiten duen zerbait da, berez motela den prozedurari harrikoskorrak ipintzen dizkion zerbait.
Erreza da abokatuei erantzukizuna pasatzea, baina galdetu zenbat euskaldunek nahi duten euskara hutsean idatzitako epai bat, edo epaitegietatik kanpo galdetu zenbat euskaldunek nahi dituzten kontratuak euskaraz, zenbat euskaldun dago gertu etxebizitza-salerosketako eskriturak, ezkontza-kapitulazioak edo errentamendu-kontratuak euskaraz egiteko. Igual sorpresa bat baino gehiago hartuko genuke.
Elena Laka