Irakurketa freskagarriak: Putz, The Balde, Pornolore
Uda datorrenean, badirudi gehienoi gauza arinagoak irakurtzea gustatzen zaigula, burua gehiegi neka araziko diguten irakurketetatik ihes eginaz. Akaso gure beharrekin pentsatuaz, hiru taldek beste hainbeste aldizkariren zenbaki berriak kaleratu dituzte: Putz, The Balde eta Pornolore.
Putz
Uda partean, euren zaletuak umezurtz uzterik ez zuten gura, eta ohi bezala, Putz-en zenbaki berri bat kaleratzeaz gain, ahalegin berezia egin eta ehun orriko aldizkaria plazaratu dute oraingoan Apokalifin Kultura Elkarteko arduradunek, irailera bitartean euren jarraitzaileak ondo aseta edukitzeko. Ohi bezalako adierazgarria da oraingo azala ere, modan dagoen super-heroi baten, Spiderman-en, beste aurpegia agerraraziz. Barrualdeari dagokionez, nabarmentzekoak dira, adibidez, Leopoldo Maria Panero poetari, Paddy Rekalde idazleari edo Belén Mijangos El Tubo aldizkariko arduradunari egindako elkarrizketak. Ohiko atalak gastronomia, poesia ere badaude.
Ezen polit horrek dioen bezala, debalde eskura dezakegu The Balde aldizkariaren zenbaki atera berria. Laugarrena da. Diseinu aldetik, beti bezain zaindu eta ikusgarria dator laugarren zenbaki hau: nabarmentzekoak dira paperaren, inpresioaren eta irudiaren kalitatea. Edukiari dagokionez, egileek eurek dioten bezala, komunikabide berria eta desberdina da The Balde: euskaraz eta ingelesez idazten dute, eta literatura, moda, arte eszenikoak, Internet, komikia, bideojokoak, artea, action sport delakoak eta musikaren inguruko berriak, erreportajeak eta elkarrizketak biltzen dituzte. Arropa, disko eta liburu dendetan, ile apaindegietan, aretoetan aurki dezakezue.
Arduradunek, Ostielakoek, harro-harro aldarrikatzen dute lehen euskal aldizkari erotikoa dela Pornolore hori. Ez dakigu lehenengoa izango ote den, beste aldizkari batzuek ere eduki pornografikoak eskaintzen dituztelako, eta euskaraz; tira, egia dena da aldizkari honek ez diola sail bakarra gai horri eskaintzen, baizik eta barruko 26 orriak eta azala eta kontrazala ere bai. Aldizkari pornografiko peto-peto bati dagokion bezala, argazkiz josita datoz orri horiek guztiak, baina ez hori bakarrik; testu aldetik ere ondo hornituta dator: ipuinak, kontakizun pikanteak, eta tonu oso berezian idatzitako olerkiak ere aurkituko ditugu.
Erantzunak kargatzen...