Bai Euskal Unibertsitateari izeneko ekimena sortu du hainbat taldek. Ekimen hori bultzatzeko sinadurak batzen egon dira asteburuan hainbat herritan. Horretxetan jardun du Ibai Redondok eta berari egin diogu elkarrizketa, Ikasle Abertzaleko partaideari. Bestetik, IA-ren webgunea falangeak konfiskatu du!, diotenez, Por la patria, el pan y la justicia!
Ikasle abertzaleak zer den eta zer ez jakiteko ez egin klik hemen, izan ere, falangeak hartu du Ikasle Abertzalearen helbide hori eta horrela esaten du orri honetan: El temor (justificado por la experiencia) a que esta página se convierta en el atril de la amenaza contra estudiantes y profesores, en banderín de enganche para terroristas y en medio de propaganda contra España nos ha impulsado a tomar la decision de confiscar la pagina. Eta noski, honi guztiari amaiera ematen diote horrela: **Por la Patria el Pan y la Justicia, ¡¡¡Arriba España!!!**
Konfiskatutako beste gune batean, ziurtatzen dute: Sus métodos son escalofriantes, coacción a profesores, amenazas a estudiantes... incluso ejercen de servicio de información para los asesinatos de ETA.
Dena den, hemen Unibertsitate euskaldunaren gainean egindako elkarrizketa IAko ordezkari den Ibai Redondori, asteburuan firmak batzen egon direla-eta:
Zein taldek bultzatu duzue Bai Euskal Unibertsitateari ekimena?
Lehenengo unibertsitate barruko taldeak izan dira ekimenaren bultzatzaileak: UEU, Euskal Adarra, Uniekimena, EIRE Irakasle euskaldunen elkartea, Ikasle Abertzaleak... Eta baita irakaskuntzako beste hainbat eragile ere: Ikasbatuaz, ikastolak... Azkenik, AEK eta kaleko beste hainbat eragileren laguntasuna ere izan du ekimenak.
Zergatik sortu da ekimen hori?
Euskal unibertsitatea sortzeko gogoa dagoela agerikoa delako. Euskaraz ezin da ez ikasi, ez bizi eta ez lanik egin; unibertsitateetan ematen diren edukiak espainolak edo frantsesak dira eta azken baten, Euskal Herriko unibertsitateak bi estatu horiei begira daude. Azken batean, Euskal Herriaren zerbitzura egongo den unibertsitate bat behar dugu eta unibertsitate hori euskalduna izan beharko da; Euskal Herriak profesional euskaldunak behar dituelako.
Eta oraingo kanpaina konkretu honen helburua zein da?
Unibertsitatean ikusten den arazo eta behar hori gizarteratzea. Badakigu ez dela gizartean eragin handia duen gai bat; izan ere, unibertsitatea eta herria nahiko bananduta daude, ez dago harreman handirik bien artean. Gizarteak laguntasun handia ematen baldin badigu, euskal unibertsitatea gauzatzeko beste urrats batzuk emango genituzke; horretarako, euskal unibertsitatearen proiektua idaztea izango litzateke hurrengo urratsa.
San Martzialen, Bergaran, sinadurak batu zenituzten zuek, eta Euskal Herrian ere batu dira hainbat herritan. Zelako erantzuna jaso zenuten zuek?
Oso ona. Eraman genituen sinadura orri guztiak bete genituen; oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Horregatik, beste egun baten sinadurak batzen jarraitzeko asmoa dugu, beharra ikusi genuen-eta.
Batutako sinadurekin zer egingo duzue?
Sinadura hauek ez dira inon aurkezteko. UEU euskal unibertsitatea sortzeko helburuarekin sortu zen; azaroan kongresua egingo du UEUk eta ordurako 55.555 sinadurak batzea lortzen badugu, udazken aldera zerbait martxan jartzen saiatuko gara.
IAren web orrialdea ez dute "okupatu"
Orain dela 2 urteko kontua da falangistek (gehiago ez bada) UPVko Ingeniaritza eskolako IAk lagatako web orrialdea hartu zutena. Baina, Primo de Riveraren zaleek ez zuten okupatu Ikasle Abertzaleak taldeko web orrialdea, IAko talde batek erabili ostean libre hutsi zuena bereganatu baizik. Sustatun argitaratutako albistea, hortaz, oker zegoen.