Bat egingo dute Internetek, ordenagailuak eta telebistak?
Telebista sortu zenean, berehala hasi zen jendea pentsatzen nola batera zitekeen hedabide berria aldizkariekin eta egunkariekin. Aurrerantzean aldizkariak ez genituen jasoko postontzian edo erosiko kioskoan: telebistaren pantailan jaso eta etxeko egongelan inprimatuko genituen. Berrogeita piku urte igaro dira, baina horrelakorik ez oraindik.
Orain urte gutxi, beste ahalegin bat egin zen ordenagailua eta telebista elkartzeko.Apple eta Gateway enpresek telebista ikusteko ordenagailuak atera zituzen, baina arrakastarik ez.
Gaur egun, berriz, Bil Gates bera bihurtu da apostolu nagusi teknologiak bateratzeko kontu honetan. Nahi baduzu Internet kontsultatu telebista ikusten duzun bitartean, Microsoftek eskaintzen dizu WebTV. Gatesek eraldatu nahi du merkatua eta horretarako buru-belarri ari da kaxa bat sortzen, bateratuko dituena Internet, ordenagailua eta telebista. Berak jarriko lituzke kaxak eta edukiak, diru trukean, jakina.
Gates ez dabil bakarrik. Enpresa asko eta asko ari dira diru mordoa xahutzen, helburu horretan. Handspring enpresak, adibidez, Treo sortu du, eskuko ordenagailu bat, telefono ere badena. Eta, zenbait adituren ustez, era honetako produkturik onena.
Teknologiak aldendu egiten dira
Baina izango dute arrakastarik ahalegin hauek? Al eta Laura Ries adituek diote ezetz. Hauen ustez, teknologiak aldendu egiten dira, ez bateratu. Hona adibide zenbait:
- Irratia. Irratia ez zen bateratu beste hedabide batzuekin. Banatu egin zen: mahai gaineko irratiak, eramatekoak, auto-irratiak, entzungailu-irratiak, irrati-iratzargailuak, kable bidezko irratiak, satelite bidezkoak, etab.
- Telebista. Hau ere banatu egin zen, hainbat motatan: telebista kateak, kable bidezko telebista, satelite bidezkoa, doanekoa, ordainduzkoa, pay per view erakoa
- Telefonoa. Hemen ere telefono mota asko sortu da: arruntak, haririk gabeak, autoetan jartzekoak, sakelakoak, satelite bidezkoak
- Ordenagailua. Hau ere banatu egin da, hainbat motatan: mainframe, etxekoak, eramatekoak, eskukoak
Egile hauen ustez, gauza bat da zerbait egin ahal izatea eta beste bat, guztiz bestelakoa, praktikoa izatea. Ordenagailu-telebista egin ahal da, hobeto esanda, eginda dago, baina jendeak ez du erosten. Merkatuan ere badira garbigailu-lehorgailuak, arropa garbitu eta sikatzen dutenak, baina gutxi saltzen dira.
Izadiak ere badirudi arrazoia ematen diela Ries aita-alabei. Munduan ehunka katu mota ditugu (arruntak, pertsiarrak, Angorakoak, basakatuak ), baita txakurrak (galgoa, bulldozerra, txiuaua ) edo txoriak ere (horma-txoriak, txantxangorriak, enarak ), baina ez dugu katu-txakurrik edo oilo-ahatarik edo zaldi-behirik.
Eta zuk zer uste duzu, teknologiek bat egiten dutela ala aldentu egiten direla eta espezializatu?
Erantzunak kargatzen...