Gero eta Windows erabiltzaile gehiago, Mac-era aldatu nahian
Gezurra dirudi, baina 1997an hilzorian egon eta gero, Apple ari da merkatua berreskuratzen. %3tik %5era igaro da tarte horretan. Hutsa, Windowsekin alderatuz gero, baina gero eta Windows erabiltzaile gehago ari bide dira Mac-era aldatu guran.
Europan oraindik ez omen da hain nabaria aldaketa hori, baina bai Estatu Batuetan. Applek berak toki bat ireki du sarean aldatu izenarekin. Webgune horren helburua da informazioa ematea Windowsetik Mac-era aldatu nahi duten guztiei. Azken asteotan ere, Walter S. Mossberg adituak ere bi artikulu eskaini dizkio gai honi The Wall Street Journal egunkarian. Lehenean aztertu du nori komeni zaion aldatzea; bigarrenean, ostera, nola egin aldaketa.
Kontuan hartzekoak dira Mossbergen artikulu hauek. Izan ere, 1997an, ikusita zein egoera negargarrian zegoen Apple, artikulu bat idatzi zuen eta hartan gomendatzen zien Mac erabiltzaileei uzteko Mac plataforma behin betiko. Bost urte geroago, erabat bestelako iritzia du.
Mossbergek aitortzen du Applek sekulako lana egin duela 1997a ezkero, Steve Jobsek berriro hartu zuenean enpresaren lema: Egin ditu Macintosh eder eta zoragarriak, eta sistema eragile dotorea. Sortu ditu programarik onenak eta errazenak lantzeko film, argazki eta musika digitalak. Aitzindari izan da teknologia berrietan, hala nola haririk gabeko sareetan eta DVDak grabatzekoan. Eta ekoiztu du munduko musika jogailurik onena. Are eta gehiago, dirua irabazten ari da, beste ordenagailu egileak zenbaki gorrietan ari diren garaian. Hori dela eta, kazetariak dio azken urte honetan gero eta jende gehiagok idatzi diola galdetzeko komeni zaien Mac-era aldatzea eta nola egin litekeen aldaketa hori.
Hasteko, Mossberg-ek dio Windows erabiltzaile gehienek erraz egin dezaketela aldaketa, ezer galdu gabe, eta bai akaso zerbait irabazita, izan ere, Macintosak dira ondoen diseinaturiko ordenagailuak eta Windowsek bezain ondo edo hobeto erabiltzen dituzte eragiketarik arruntenak.
Zenbait arrazoi aldatzeko
- Aspertuta zaude. Gogaituta baldin bazaude Windowsekin edo Microsofekin, oraintxe duzu aukera polita.
- Argazkigintzan zabiltza. Ordu asko egiten badituzu lantzen argazki, bideo edo musika digitala, laster maiteminduko zara Macintoshekin.
- OS X sistema eragilea. Benetan dotorea, apenas jausten da eta Windows XPren parean dago. Hainbat programa zoragarri dakar, doan: iMovie bideoa editatzeko; iPhoto, argazkiak kudeatzeko; iTunes, musika kudeatu eta entzuteko; eta iDVD, DVDak egiteko (azken hau modelo batzuetan bakarrik).
- Prezioa. Pantaila laua duen iMac berria da kontsumoko ordenagailurik onena eta merkeagoa da Windows PC bat baino, ezaugarri berdinak dituena, dio Mossbergek.
- Integrazioa sarean. Macintosh ordenagailuak oso ondo integratuta daude sarean, arazorik gabe kudeatzen dute posta elektronikoa eta baita bat-bateko mezularitza ere.
- Integrazioa aparailu eta programekin. Mac ordenagailuak oso ondo dabiltza kamera digitalekin, eta bateragarriak dira Palm eta Handspring eskuko ordenagailuekin. Windowsen sareetan ere oso ondo uztartzen omen dira.
- Programarik erabilienak, eskura. Munduan gehien erabiltzen diren programek badute bertsio bat Macintosherako: America Online, Internet Explorer, Netscape, Quicken, Adobe Photoshop eta Microsoft Office, besteak beste.
- Birusik, apenas. Birus gehienak idatzita daude Windowsen ibiltzeko. Jasotzen baduzu bat zure Mac ordenagailuan posta elektroniko bidez, ez dizu kalterik egingo.
Zenbait arrazoi ez aldatzeko
Jende askorentzat Mac aukera ona da. Baina badira zenbait pertsona, Mossbergen ustez, hobe egingo luketenak Windowsekin segituz gero.
- Etxetik lotuta bazaude enpresaren Windows sarearekin. Lotura hori egiteko, oraindik ere errezago egiten da Windows batekin, nahiz eta Applek asko aurreratu duen azken urte hauetan.
- Software oso berezia erabiltzen baduzu. Han eta hemen enpresa asko daude eurentzat propio egindako programekin lan egiten dutenak. Hauetako programa gehienak Windows sisteman ibiltzen dira. Horrelakoetan, edo Virtual PC emulatzailea erabiltzen duzu, edo Windowsekin segitzen duzu.
- Jokalari amorratua bazara. Azken apirilean, 20 jokorik salduenen artean, erdia bakarrik erabil zitezkeen Mac sisteman.
- Beti preziorik merkeenak bilatzen badituzu. Applek ez du lehiarik egiten merkatuaren mailarik merkeenean. PC asko dago 800 dolar baino gutxiago balio dutenak, baina Macintoshik ez.
- Prozesagailuen lastertasunak erakartzen bazaitu. Honen garrantzia esajeratua omen da, baina prozesagailurik bizkorrenak Windowsen makinetan daude.
- Inporta bazaizu programarik berrienak edukitzea. Programarik gehienak oraindik ere lehendabizi ateratzen dira Windowsentzat. Ia beti itxaron behar izaten da apur bat gehiago Macen edukitzeko.
- Ez bazara eroso sentitzen berezia izanda. Jendeak adarra joko dizu Mac erabiltzen baduzu, eta behin baino gehiagotan eztabaidatu beharko duzu Telefonicarekin edo Euskaltelekin, erabat posible diren gauzak ukatzen dizkizutenean.
- Ez bazaizu gustatzen sistemaz aldatzea. Gaur egun inoiz baino errazago da sistemaz aldatzea, baina hori egitea ez zaio gustatzen zenbait jenderi.
Erantzunak kargatzen...