Sustatu logoa Teknologia albisteak

Administrazioan ere hasi dira software librea jartzen

Editorea
2002-06-27 14:06

Esquerra Republicana de Catalunya taldeak ere aukera horixe egin du. Multinazionalekin dagoen dependentziari muzin egin gura dio eta plurilinguismoa bultzatu, talde politiko honek esan duenez. Ez da txantxetarako kontua, jakinda Kataluniako Generalitatateak 481.000 euro ordaindu zituela hiru urte dela Microsoften Windows 98 itzultzearren. Generalitatea konturatu da ordutik hona beste hiru bertsio atera direla eta horrek etengabeko hobekuntza eskatzen duenez etengabeko diru zuloa eragiten duela.

Software librearekin, berriz, askotxo errazten da kontua. Ez daukate itzulpenetarako permisoak eskatzen ibili beharrik ERC-ko Joan Puigcercós-ek esan zuenez. Gaineratu zuen, horrela, bertako enpresak kontratatzen direla eta dirua bertan geratzen dela kanpora bidali beharrean.

Microsoft-ek desadostasuna segituan adierazi du. Kalitatearen aldeko apustua egiteko eskatu du, neutralitatez jokatzeko. El Paisi egindako adierazpenetan Microsoft Ibéricako Isaac Hernández-ek kode irekiarekin ados daudela esan zuen, baina gaineratu, Software libreak kodigo komertzialari ez diola uzten lehiatzen eta lizentzia horiek merkatuaren aurkakoak direla.

Jakin badakigu Microsoft-ek ez duela inoiz barruko tripen nondik norakoa ezagutzera emango, kodigo itxikoak dira eta, beraz, programak erregalatuta ere ez litzateke egoera hobetuko. Linuxeroen argumentu tipikoak dira hauek. Beti esaten dute administrazioak multinazionalen menpe daudela eta ez dakitela programen funtzionamenduaren nondik norakorik. Horrek barne ministeriorako, esaterako, arriskua ekar lezake. Frantziako barne ministerioa ere konturatu da horrekin eta Zope da erabiltzen duten sistema.

Zientzia eta teknologia ministerioa ere software librearen aldeko agertu dira. El Paisek emandako berri honi jarraiki. Extremadura duela hiru urtetik ari da lanean. Gaur da eguna 426 herritako 1.400 zentro konektatzen direna Intranet bidez. 32 lotura gune dituzte hainbat elkarterendako. Eskoletan 12 umeko PC bat jarri behar zela zioen Aznarren gobernuak. Lortzear daude Extremaduran kopuru hori, baina gainera software librearekin jarriko dituzte. Hezkuntzako Luis-Millán Vázquez-ek dioenez, motibo ona da librea izatea eta kontuan hartuta softwareen lizentziak jasotzen aurrekontu erdia baino gehiago gastatuko genuela... aukera garbia da.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoan zein den plana?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu