Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zer izen jarriko diot nire webguneari?

Joxe Aranzabal
2002-06-27 00:06

Beharbada webgune bat prestatzen ari zara zure negozioa sarean jartzeko. Izen bat jarri beharko diozu, baina zein? Guk lagunduko dizugu izen egokia aurkitzen. Izan ere, Internetek bere legeak ditu kontu horietarako.

Txakur bat erosten duzunean, lehendabizi izena jarriko diozu. Izan ere, izana duen orok izena merezi du. Aldiz, ez zara lehenengoa txakur bat izendatzen duena eta, hasten bazara honi eta hari galdetzen, konturatuko zara zenbait jendek nahiko landuta duela kontu hori, urteak daramatzate-eta txakurrak hazten. Interneten ere antzera gertatzen da; fenomeno berria izanik ere, poliki-poliki ari gara apur bat ikasten.

Ondoren jarriko ditugun iritziak ez dira geureak, Al eta Laura Ries aditu amerikarrenak baizik. Eta agertzen dira beraien liburuan: 11 Lege Aldaezinak Marka Bat Eraikitzeko Interneten. Ingelesez edo gaztelaniaz irakurri ahal duzue, azken hau Ediciones Deuston.

Ez errepikatu betiko izena

Dagoeneko negozio bat badaukazu, izen bat duena, ez erabili izen hori Interneten. Izan ere, sarea beste zerbait da. Time.com aldizkari digitala ez da lider sarean, ez eta bn.com liburu denda edo Sothebys.com enkante etxea, nahiz eta hirurak nagusi diren saretik kanpo.

Izen generikorik, ez

Interneten sartzeko, izen bat idatzi behar duzu zure teklatuan. Eta izen horrek ez du ez logorik, ez kolorerik, ez letratipo berezirik. Izen bat da, besterik gabe. Internetek biluztu egiten du izena eta kendu egiten dizkio elementu bisualak.

Hori ulertu eta gero, komeni zaigu ikustea nolakoak diren munduan diren markarik ospetsuenak: Coca-Cola, Microsoft, Ford, Disney, Intel, Nokia, Fuji, Nescafé… denak dira izen bereziak, hor ez dago izen arruntik edo generikorik. Interneten berdin gertatzen da: Interneteko zerbitzu hornitzailerik handiena ez da “Internetekozerbitzuak.com”, baizik eta AOL; bilatzailerik bisitatuena ez da “bilatzailea.com”, baizik eta Yahoo!; liburu dendarik handiena ez da “liburuak.com”, baizik eta Amazon.com; eta enplegu bilatzailerik bisitatuena ez da “enplegua.com”, Monster.com baizik.

Gizakiok beti erabili izan dugu izen arrunta edo generikoa izendatzeko kategoria bat, ez produktu edo zerbitzu jakin bat. Beraz, ahaztu izen generikoa jartzea zure webguneari. Horixe diote Al eta Laura Ries-ek.

Baina zer izen, orduan?

Sinestu edo ez, sortuko duzun markaren izena izango da zure ondasunik handiena Interneten. Horregatik, komeni zaizu ondo aukeratzea. Lehenik eta behin, galdetu zeure buruari zein den zure negozioa definitzen duen izen generikoa (liburuak, diskoak, informazioa, ardoak, etab.). Hori jakinda, badakizu zer izen ez diozun jarri behar zure webguneari. Bada zerbait.

Arrakasta izan dutenek egin duten bezala, zuk ere aukeratu izen berezi bat. Eta hau aukeratzerakoan, kontuan izan estrategia hauek:

  1. Izena izan behar da laburra. Laburra eta ona, bi bider ona. Ahaztu horrelakoak: zureliburuak.com, etxerikederrenak.com, oparizoragarriak.com, etorkizunekounibertsitatea.edu, eta abar.
  2. Izena izan behar da sinplea. Izen sinple batek abezedarioaren letra gutxi erabiltzen ditu, nahiz eta errepika daitezkeen hainbat konbinaziotan. Astore izen laburra da, baina ez sinplea: sei letra erabiltzen ditu. Coca-Cola, berriz, laburra eta sinplea da, lau letra baino ez ditu erabiltzen eta.
  3. Izenak adierazi behar du kategoria bat. Horra hor, koxka: nola sortu izen bat, generikoa ez dena eta kategoria bat adierazten duena? Ez da erraza. Nabiscok, adibidez, bainilla marka bat sortu behar zuen eta Nilla sortu zuen: laburra, sinplea eta izozki mota horren oihartzuna iradokitzen duena.
  4. Izena izan behar da bakarra. Eta bakarra den neurrian, gogoratzeko erraza. Kodak, Xerox edo Eroski diren bezala. Pentsa opari bat erosi behar duzula sarean. Zer idatziko duzu: opariak.com, erosi.com edo erregalo.net?
  5. Izena izan behar da aliteratua. Hotsen bat errepikatzen duten izenak errazagoak izaten dira gogoratzeko: Coca-Cola, Obaba, Chupa-Chups, Volvo.
  6. Izena izan behar da erraza ahoskatzeko. irockandroll.com, 4xazkarrago.net edo opus360.com, esate baterako, ez dira esateko errazak, inondik ere.
  7. Izena izan behar da deigarria. Marka izenik arrakastatsuenek beti izan dute ezusteko elementuren bat. Prodigy, Hotmail eta Monster izenek, adibidez, badute hori.
  8. Izenak aipatu behar du pertsona bat. Munduko marka gogoangarri asko pertsona izenetatik datoz: Ford, Chrysler, Chevrolet, Pontiac, Cadillac, Calvin Klein, Ralph Lauren, Adolfo Domínguez, Boeing, Forbes, Gillete, Dell… Sortzailearen izena erabiltzen dugunean, areagotu egiten da markaren publizitatea egiteko aukera.

Jakina, Interneten sortzen diren marka guztiek ezin izango dituzte bete baldintza hauek guztiak batera. Baina ahalik eta gehienak hartzen baditugu haintzat, errazago asmatuko dugu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu