Aserejétik Chet Bakerrera
Kanta honen oihartzuna udarokoen historiara pasako dela esaten ei dute irrati esatari batzuek.
Jakin dugunez, ditxososko abestiak Sugarhill rap taldeak 1979an ateratako Rappers delight izenburuko kantan du oinarria. Bada, ahoskatu (edo) daitekeen erritmo azkarrenean eta beraz inongo zentzurik lortzen ez duten hitzen errepikapen hutsak, gehi udako ezkontzatan amaginarrebarik zurrunenak ere gerriak astintzen jarriko dituen koreografiak; Asereje horrek alegia, hitzez-hitz batera abestu ahal izatea meritu bakarra duten andaluziako neskatoak igoko ditu Espainiako udaroko zeru komertzialera. Pentsa bestela zer atera daitekeen internetetik atera dugun ondoko esalditik:
"Aserejé,-ja-deje-dejebe-tude-jebere-seiunouba-majabi-an-de-bugui-an-de-buididipí..." Tamainako txorakeria nondik aterako zen pentsatze hutsak badu bere grazia apurrik ere, dudarik ez. Baina, aho-korapilo horretan du grazia bakarra. Aldiko moda-moda-modakoena gorrotatzen hasi baino lehen, ordea, badugu halako zalantzatxo bat: El Faryren semearen modura, ibiliko dira hauek ere euren diskoa pirateatzea delitua dela eta diskoen kopiak egitea musikarien etorkizuna kolokan jartzea dela aldarrikatzen? Ingelesezko entonazioaz eta patxanga-rap baten estiloaz, errepikatu ,mesedez, ondoko estribilloa: "I said a hip hop the hippie the hippie/ to the hip hip hop, a you dont stop/ the rock it to the bang bang boogie say up jumped the boogie/ to the rhythm of the boogie, the beat Bai, hauxe (omen) zen jatorrizkoa.
Baietz hemendik gutxira Espainia osoan errekurtso estilistiko honek aurrera egin eta pare bat disko orijinaleko errekopilatorioak saltzen hasi? Kantak kopiatzea delitua omen da, baina ez ote da okerragoa halako ezjakintasunaren apologia? Gainera, delituekin jarraitzeko, alabak exijitzen dizun disko-kopia horretxengatik balio duen dirutza pagatzea ere zilegia ote da?
Lapurretekin jarraituz, Chet Bakerren disko bat erostera joan nintzen lehengo egunean eta lan bakoitza (dendarik merkeenean) 15,63 eurotan zegoen. Duela 14 urte hil zen tronpetajole bikainaren lanekin nor ari da aberasten? Musikari zer kalte egiten dio bere diskoak grabatzea? Zein musikariren hondamena ekar lezake horrek?
Erantzunak kargatzen...