II. Pasartea: Klonen Erasoa
Sinopsi gisa. Hamar urte pasatu dira aurreko filma kokatzen zen garaitik (I. Pasartea: Mehatxu Fantasma). Errepublika Galaktikoa gero eta krisi larriagoan murgiltzen ari da; sistema eta korporazio separatistek indartsuagoak dira egunez egun. Jedi gerlariak ez dira jada nahikoak bakea (eta batik bat ordena) mantentzeko, eta Errepublikaren Senatuan irtenbide autoritarioagoak eztabaidatzen ari dira (besteak beste, armada berri baten erakuntza eta berme konstituzionalen murriztea). Amidala erregin ohiaren aurkako konplotak, bestalde, aurrera darrai. Naboo planetako ordezkaria babesteaz eta konplotaren ingurukoak argitzeaz bi Jedi zaldun arduratuko dira: Obi-Wan Kenobi maisua eta Anakin Skywalker ikaslaria. Orduz geroztik filmak bi bide jarraituko ditu. Lehenengoan, Kamino eta Geonosis planetetara abiatuko da Obi-Wan, konplotaren (edo konploten) gorabeherez jabetzeko asmotan: Kaminon jakingo du klonez osatutako armada bat osatzen ari dela Errepublikarentzat, norbaitek ezkutuan egindako mandatu bati jarraituz; Geonosisen, ordea, separatisten planak ezagutuko ditu: han prest dago jadanik Errepublikaren aurkako armada droide bat. Bigarren haria Anakin Skywalker eta Amidalaren "ihesari" dagokio: gazte biak, nola ez, maitemindu egingo dira bidaian zehar, Jedi Ordenaren lege guztiak horren kontra dauden arren, eta hori (gehi bere amaren heriotza) aitzakia izango da Anakin-en alde iluna pixkanaka azaleratzeko (Star Wars-en jarraitzaileek ondo dakiten bezala, Skywalker gaztea Darth Vader hipergaiztoa bihurtuko da denboraren poderioz). Errepublika eta Jedi Zaldunak, "ezinbestean", klon armadaren laguntza onartuko dute separatisten indarrei aurre egiteko, eta lehenengo borroka irabaziko dute. Baina hau ez da gerraren hasiera baino... (bai, badakit hau nahaste-borraste bat dela, baina erantzulea Lucas bera da, istorioa erditik errodatzen hasi zelako: 1970 eta 80ko hamarkadetan sailaren IV, V eta VI. pasarteak filmatu zituen -Itxaropen Berria, Inperioa Kontraerasoan eta Jediaren itzulera, hurrenez hurren-, eta 90ekoan hasi zen "prekuelarekin": Mehatxu Fantasma eta iruzkin honen gaia den Klonen Erasoa; III. Pasartea falta da, beraz).
Iruzkina edo. Oro har, II. Pasartea: Klonen Erasoa aurrekoa baino film sendoagoa iruditu zait: egituratuagoa, iradokitzaileagoa, konplexuagoa; I. Pasartea-k, noizean behin asmatzen zuen arren, adabakiz josia zirudien. Klonen Erasoa-k, ordea, ez du ia inoiz erritmoa galtzen. Generoen nahasketatik sortzen da, funtsean, filma hau: badu intrigazko filmetik, erromantikotik, belikotik (noski!), gehi western, peplum eta komedia tanta batzuk (eta politika-fikzio pixka bat, zer esanik ez). Guztia nahastuta, emaitza abenturazko filma entretenigarri bat da, efektu bereziz ondo baino hobeto hornituta: alde horretatik, Lucasen Industrial Light & Magic-en maisutasunak eztabaidaezina izaten jarraitzen du. Baina Mehatxu Fantasma baino hobea dela esatea ez da asko, kontuan hartuta niri behintzat I. Pasartea antzinako trilogiaren dezente azpitik zegoela iruditu zitzaidala. Eta Klonen Erasoa-ri gauza bera gertatzen zaiola uste dut. Zergatik? Hona hemen arrazoi batzuk, orden askorik gabe botata:
- Efektu bereziak aktore lanaren gainetik daude modu nabarmenegian. Honekin ez dut ukatu nahi jatorrizko trilogiaren ekarpenik behinena, ziurrenik, efektu bereziena izan ez zenik: hala izan zen, noski, argumentua zientzia fikzio eta abenturazko generoen topiko guztiez osatuta baitzegoen (efektu berezien erabileran ez ezik, intertestualitate kontuetan maisu da, baita ere, Lucas). Baina azkeneko bietan nabarmenagoa da aktoreen zurruntasuna eta erregistro-falta. Anakin antzesten duenarena da, ziurrenik, kasurik larriena.
- Maitasunezko istorioa ahula da, sinpleegia, topikoz betea, eta garapen handiagoa eskatzen zuen. Feeling-a falta zaio, dramatismoa, handitasuna. Lehenengo trilogian Han Solo eta Leiaren artekoa izan genuen, behintzat, bere ironia eta komedia ukitu guztiekin, eta, bide batez, morbo dosi txiki batzuk Luke-Leia anai-arreben erlazio interruptus-ari esker. Antzeko ezer ez II. Pasarte honetan.
- "Aurreko" trilogian agertzen ziren bigarren mailako osagarri batzuekiko atxikimendu handiegiak ez dio onik egiten trilogia berriari. Jakina, aurreko filmen fanak produktu berriarekin identifikatzeko zer edo zer egin beharra zegoen, baina justifikatzen al du horrek RDD2 eta C3PO-ren agerpen kasik patetikoa? (bide batez, koherentzia arazoak planteatzen dituena: nolatan ez dute droideek ezagutzen Tatooine planeta, edo Anakin-en anaoirdearen baserria, "laugarren" pasartearen hasieran hara agertzen direlarik? Disko gogorra edo ezabatu beharko diete III. Pasartea-n...). Hor dago, baita ere, Bobba Feet-en kasua: beharrezkoa al zen bere "berragerpena"?
- Aurreko puntuarekin lotuta: arriskua dago hari gehiegi solte geratzeko (akaso konponduko dituzte III. Pasartea-n; auskalo), eta, edonola ere, azalpen batzuk falta dira: zergatik dago Errepublika krisian? Zergatik separatismoa? (badakit separatistak ez direla oso jende sinpatikoa, bankariak eta merkataritza korporazioek osatzen baitute, funtsean, sezesioaren aldekoen bizkar hezurra. Baina lehenengo trilogian baino xehetasun politiko gehiago ematen zaigunez, uste dut zor zaigula azalpenen bat... beno, agian obsesionatuegi nago euskal gatazkarekin, ez dut ukatzen...). Eta Naboo? Zergatik du horrenbeste garrantzi politikoa halako planeta ziztrin (eta kurtsi) batek? Ez dirudi denik hango ordezkarien trebezia politikoagatik edo oratoriarako gaitasunagatik: Amidala ez da Romanones, behintzat, eta are gutxiago Jar-Jar Bins gogaikarria.
- Etsipen bat: Jediak uste baino ergelagoak agertzen zaizkigu Klonen Eraso-an. Ez al dute ikusten Palpatine-ren azpijokoa? Jakina, horrela ulertzen da haien ditximaketa (jatorrizko trilogian bik bakarrik jarraitzen zuten bizirik, Yodak eta Obi-Wanek), baina, tira, azkarragoak zirelakoan nengoen...
- Esan bezala, efektu bereziak oso onak dira, baina jadanik ez dira jatorrizko trilogiakoak bezain "berri" eta "ezberdinak": antzeko gauza gehiago dago merkatuan (gehienak, egia da, Lucas-en faktoriak berak egindakoak), eta ez dute hainbesteko harridurarik sortzen. Coruscant, hiri batek osorik estaltzen duen planeta, ikusia dugu, nolabait, Bosgarren elementua filman, eta esango nuke hobeto zegoela hura (bide batez: Coruscant ez da Asimoven Trantor-en imitazioa baizik). Eta, horrekin batera, badago efektu berezi berri eta distiratsu hauek sortzen duten paradoxa saihestezin bat: film hauetako teknologia eta giroa (armak, espaziontziak, droideak...), "garatuagoa" dirudi, teorian etorkizunean kokatutako aurreneko filmeetakoa baino. Bertsio berritu eta guzti, aurreko filmak arkaikoagoak dirudite (ezin bestela izan), eta horrek sinesgarritasuna kentzen dio sailaren segidari.
Edonola ere, berriro diot, ez da aspertzeko moduko filma; oso maskulinoa, noski, baina halakoak dira abenturazko generoko gehienak, egun behintzat, eta horrek, edonola ere, beste eztabaida batera eramango gintuzke. Garatu gabe utziko dudan beste gai bat azkeneko urte hauetako munduko bilakaera politiko-militarrak filmaren gain izan duen eraginarena izango da: ziurrenik filma ez litzateke berdina izango Irak eta Afganistango gerrak gertatu izan ez balira (honen inguruan merezi du irakurtzea Asisko Urmenetaren iruzkina, berarekin guztiz bat ez banator ere; hemen aurkituko duzu).
Azken batean, zer egingo diogu, niretzat kuttunena beti izango da lehenengo trilogia, eta bereziki Inperioa kontraerasoan filma, bere giro ilunagatik eta amaiera estrainio hura zuelako (hots, ez zuelako happy end-ik). Baina agian kontua da fan zahar batenak direla lerro hauek: ez dugula adinik gure fanatismoa berritzeko, zaharregiak garela jadanik horretarako, ez dugula ilusiorik: gure bizitza gris eta monotonoetan sartuegi gaudela filma berri hauekin lehenengoekin bezala entusiasmatzeko. Hori entzun nion behintzat Ewan McGregor aktoreari, film berri hauetan Obi-Wan Kenobirena egiten aritu denari hain zuzen ere. Eta arrazoia izango du, apika.
Erantzunak kargatzen...