Mahai ingurua izan zen aurreko ostiralean Eibarren. Antoltzailea, UEU. Josu Landa, Carlos Del Olmo, Leire Cancio, Luistxo Fernandez, Iñaki Alegria eta Jabi Zabala aritu ziren iritzi emale. Entzuleek ere parte hartu zuten, eta ikuspuntuak mila.
Goraka doan arren, euskarak ez du presentzia handirik Inteneten. Potentzialitatez, tresnak indar handia du, baina garestia den ala merkea den, ez dago argi. Batzuek sareko euskarazko eduki-garapenean zituzten itxaropenak ez direla bete argi dago.
Luis Fernandez, Code & Syntax -ekoa ; Iñaki Alegria, EHU Informatika Fakultateko irakaslea; Carlos del Olmo, itzultzailea; Leire Cancio, Elhuyarreko Zientzia.net atariko arduraduna; Josu Landa, Susa -ren webguneko arduraduna eta Interneten Odolbidua liburua jarri berri duena eta Jabi Zabala Irratia.com -eko kidea izan ziren iritzi emale.
Gai ugari azaldu ziren hizlarien txandetan, eta baita gero ere, galde-erantzunetako eztabaida animatuan. Horra kontu batzuk:
- Dirulaguntzak. Nolabait dirulaguntzen menpekotasunarekin lan egiten da, akaso ez dagoelako beste biderik (merkatu faltan), edo akaso mentalitatea esklerotizatu delako. Dirulaguntzen dependentzia minbizia ere badela esan zuen entzuleen artetik Irratia.com-eko Patxi Gaztelumendik. Luistxo Fernandezek, berriz: ). Era berean, korapilatu egin zen eztabaida ea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo Industria Sailak, nork-zer-nola bultzatu behar duen: eduki zehatz batzuen ekoizpena Industriak ezin duela lagundu esan zuen Industria sailean lan egiten duen Amatiñok, honek ere publikotik.
- Internet merkea ote den ere eztabaidatu zen. Gehienentzat auto-edizioak sortutako iraultzaren antzerakoa da orain Internetek ekar dezakeena. Internet-eko inbertsioa gogorra izan daitekeela zioten batzuek (Leire Cancio). Beste batzuek, berriz, papera ekoiztea hainbat garestiago dela (Luistxo Fernandez). Josu Landak gehitu zuen, zuzenean inputablea ez den arren Internet diru iturri ere badela.
- Euskal edukien alorrean, edukiak zer ote diren ere aipatu zen. Batetik, ondare izan daitekeen horrentzat guztiarentzat gordailu egokia dela. Bestalde, gaurko erakundeen jardunaren informazio-bide eta, bereziki, komunikazio-bide ere izan daitekeela. Baita ere era guztietako zerbitzu eta eragiketen lehiatila izan daitekeela sarea, eta hori ere edukiak direla. Jabi Zabalarentzat, eduki asko eta asko aspergarriak dira eta ez dugu nahikoa material euskaraz nabigatzeko. Entzuleen artetik, Dantzan.com-eko Oier Araolazak esan zuen feedback aukerak direla edukian Internetek duen osagarri nabarmenena.
- Papergintzatik jarduera digitaletara jauzia emateko zailtasunak. Josu Landaren ustez, paperetik digitalerako jauzi horretan gainditu gabeko arazoa daukagu oraindik: Edukiak agertzeko formula berriak asmatu behar dira. Uste dut euskarri berri honek abantailak badituela, baina jendearengana iristeko giltza ez dugu oraindik eskura, ordea. Edukiak nola bideratu behar diren ez dugu asmatu oraindik.
- Iraganeko eztabaida edo kezketan segitzen dugula kateatuta. Luistxo Fernandezek duela lau urteko esaldi bat errepikatu zuen, euskarazko menuak ezetz, euskarazko jana nahi duela, bide batez kritikatuz software sistema konplikatuak (lehen Windows eta Office, orain Mandrake Linux eta nonbait OpenOffice) lokalizatzen ia alferreko ahaleginak egiten direla. Publikotik, berriz, Amatiñok duela 25 urteko kontestuan jarri zuen eztabaida: orduan ere, edukien sorkuntzaren sektoreak bere buruarekin zer egin ez zekiela, gaurko eztabaiden doinu berean, baina Internet barik...
Dexente luzatu zen hitzaldia eta ondorengo eztabaida eta hemen esandako batzuk baino ez ditugu aipatu. Iritziak mila... eta baita eztabaida gizarteratzeko eskaerarik ere, adibidez Sustatu-ren bidez.
Informazioa osatzeko: