Jon Abrilen aurkako epaiketa
2002-05-30 09:05
Jon Abril Olaetxearen epaiketa dela eta Berako kultura batzordean esku hartzen dugun taldeok aurkezturiko mezua:
- Bertaratuak: Josu Goia (alkatea), Imanol Larrañaga, Txaro Zubieta, Bixente Goia, Oskar Goñi, Jabier Leiza, Juan Enrique Abril, Jose Luis Igoa, Jose Ramon Martin, Fernando Etxegarai eta Jabier Iturria.
- Idazkaria: Pilar Chueca
Goizeko 11:00etan Berako Udal Batzar Aretoan. Mozioa irakurri ostean, Juan Enrique Abril zinegotziak Batzar Aretoa utzi du, auzipetuaren aita delako.
Testua:
Berako Herriko Etxeko Kultur koordinatzailea den Jon Abril Olaetxearen aurka Entzutegi Nazionalak zabaldutako auzia dela eta Berako Udalbatzarri jakinarazten diogu:
- Jon Abril Olaetxea kazetaria da. 2000ko abuztuaren 17an Berako Ttipi-ttapa telebistaren berri emaile gisa joan zela Madrilera, eta bertan bere lanari dagozkion eginkizunetan aritu zela. Eginkizun horien artean zuen auzitegian gertatzen ari zenaren gaineko irudiak hartzea, egun horretan bertze hainbat kazetarik egin zuten gisa berean.
- Jon Abril Olaetxea, Berako Herriko Etxeko langilea da, kultur teknikaria eta Kultur Batzordeko koordinatzailea, hain zuzen. Baina Berako Herriko Etxeko langilea izateaz gain, talde ezberdinetan bere ekarpen pertsonalaren bidez lan eredugarriak egindako herritarra da Jon. Berako kulturgintzaren dinamizatzaile nagusia zalantzarik gabe.
- Jonen aurka irekitako auziak, orain arte auziperatuarengan sortu eragozpenak, Ekainaren 11n eginen den epaiketak berak, eta aurrerantzean auzi honek ekar ditzaketen ondorioek, Berako Kultur Batzordearen, eta ondorioz Berako Udalaren jardueran eragiten dute, kalterako betiere.
- Kultur Batzorde honek Udalbatzarrak gai honekiko hartutako erabakiak ezagutzen ditu, eta horiekin bat egiten dugu. Hala ere, gertatzen ari den bidegabekeriaren aurka eta auzipetuaren alde, eta ondorioz baita Batzorde honen defentsan, bide eraginkorragoak jorratzerik badagoela uste du batzorde honek.
Beraz honekin guztiarekin Berako Udalbatzarrari zera eskatu nahi diogu:
- Goitian jakinarazitakoak bere egitea.
- Orain arte, gai honen inguruan, hartutako erabaki guztiak berrestea eta berriz ere, komunikabide guztiei horiek azaltzea.
- Jon Abril Olaetxeari, hautetsi guztiek, Berako herriaren izenean, erabateko sostengua agertzea, bai hitzezkoa, bai praktikoa ere.
- Sostengu horren baitan, hautetsi guztiek auziperatuari epaiketara laguntzea.
Erantzunak kargatzen...